Olioztatuta doa azoka

Bioterra azoka egiten ari dira Irunen. Igandera arte, 120 enpresak euren produktuak erakutsiko dituzte Ficoban. Sarrera doakoa da.

23. Bioterra azoka, gaur, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
23. Bioterra azoka, gaur, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
Irun
2026ko ekainaren 5a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen olioa Faltzeskoa (Nafarroa), Jesus Arandarena, eta ondorengo hirurak Espainiakoak: Jumilla herriko bat (Murtzia), Extremadurako beste bat, eta Jaengo bat (Andaluzia). Lau oliba olio dastatzeko aukera emateaz gain, Tafallatik (Nafarroa) iritsitako Javier Adotek makina bat jakingarri azaldu ditu olioaren ekoizpenaren eta tratamenduaren inguruan. Hori da hori dastaketa. Dozena bat erakusmahai badira oliba olioarekin. Hain zuzen ere, ondo olioztatutako azoka da Bioterra. 23. aldia egiten ari dira Irunen (Gipuzkoa), Ficoba erakustazokan. Igandera arte, bisitariek 120 erakusmahai ikusteko aukera izango dute. Doakoa da sarrera.

Lleidako Garriges eskualdeko Cogul herritik (Katalunia) ekarri du oliba olioa Bioterrara Vila sendiak. «Laugarren belaunaldikoak gara arreba eta biok», esan du Jordi Vilak. Hirugarren urtea dute Irungo azokan. Ohartarazi dute klima aldaketak eragina izan dezakeela olioaren ekoizpenean. «Eragina nabarmena izango da», Vilaren esanetan.

Baina dena ez da oliba olioa Bioterra azokan. Denetarik bada (ia), zenbait pabiloitan bananduta: Amalurra du izena aurrenekoak, eta bertan ongizatea, osasuna eta bizi kalitatea dituzte xede. Masaje bat ari da jasotzen bisitari bat, eta lepoa mugitu du ondoan den beste batek. Adinberri fundaziokoek lehen orduan ETB1eko Adinberri saioa bertara eraman dute, eta Iñigo Vicensek ariketa fisikoak egiten jarri ditu gazte izandakoak.

Bioterra azoka Irunen.
Bisitariren batek masaje bat jasotzeko aukera baliatu du Bioterra azokan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Kosmetika tailer bat ematen ari da, berriz, Jessica dos Santos, produktu naturalekin. Gazteak dira entzuten ari diren gehienak. Prentsaren presentziarekin aztoratu egin da Dos Santos.

Sukaldean pabiloian, kuskus entsalada bat nola kozinatu erakusten ari da Miriam Chefintegrative. Handik gertu, ikasle batzuk eskua luzatzen dabiltza, gosea arintzeko. Toledoko (Espainia) Daniel Palomarren mahaitik ari dira gaztak dastatzen. «Gureak ez ezik, Alemaniakoak eta Herbehereetakoak dauzkagu». Pareko mahaira ere joan dira gazteetako batzuk, Entrecabritos ganadutegi ekologikoaren (Torralba de los Sisones, Teruel, Espainia) produktuak dastatzera. «Gure azken berrikuntza ahuntzarekin egindako txorizoa eta saltxitxoia dira. Oraintxe iritsi zaigu», dio Oscar Pazek.

Teruelgo beste herri txiki batekoa da Erika Romero, La Codoñerakoa. Produktu naturalekin egindako produktu kosmetikoak ditu mahaian, eta txartel guztiak euskaraz ditu. «Beti jartzen dugu dena euskaraz, eta hemengo jendeak eskertu egiten du». Eskuz Faktoria pabiloian da Romero, hirugarrenean.

Bioterra azoka Irunen.
Askotariko produktuak daude Bioterra azokako 120 erakusmahaietan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.

Euskal Herriko produktuak ere badira

Inguruko herrialdeetako ekoizle ugari daude azokan. Batzuentzat lehen aldia da, eta beste batzuk urtero etortzen dira Irunera. Euskal Herriko ekoizleak ere badira: Hernaniko (Gipuzkoa) Bego Villarrek jatorri begetaleko kontserbak eta marmeladak ditu mahaian; Bio-K proiektuko (Errezil, Gipuzkoa) Marina Gonzalez eta Noa Zeberio sagar muztioaz, sagardoaz eta ozpinaz ari dira hizketan; Miren Lizasoain Arbeitzatik (Lizarraldea, Nafarroa) etorria da, eta bisitari batzuekin haien eztiaz eta propoliaz ari da. «Erretxina graduazio handiko alkohol batekin jartzen dugu, eta horrek propoliari bere osagai guztiak ateratzen dizkio. Propoliak osagai antibiotikoak, desinfektatzaileak eta anestesikoak ditu», azaldu du Lizasoainek; Aiako (Gipuzkoa) Ioritz Bastarrika okinak, berriz, ogiaz gain, gozo batzuk ditu erakusmahaian. Azokako bigarren egunerako kafea promestu du.

Bioterra azoka Irunen.
Theo Folcher frantziarra Recraft enpresako erakusmahaian, gaur, Bioterra azokan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Bada, edonola ere, hango eta hemengo mahai guztien artean, birziklapenarekin lotutako egitasmo berezi bat. Theo Folcher Avignongoa (Frantzia) da, eta Bartzelonan du orain Recraft enpresa. «Globo aerostatikoen eta paraxuten oihalak erabiltzen ditugu, eta ingurumenarentzat kaltegarriak izan aurretik, moztu, garbitu, josi eta beste produktu bat egiten dugu: txapelak, poltsak, txaketak, hamakak...». Folcherrek dio Europa osoan ari direla saltzen, eta enpresa handitzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA