Twitter

Ordainpeko kontuetan karaktere muga 4.000ra zabaldu du Twitterrek

Lehenengo 280 karaktereak erakutsiko dira, eta botoi bat egongo da jarraian, norbaitek mezua irakurtzen segitu nahiko balu: gehiago erakutsi. Erabiltzaileen %0,2k baino ez dute ordainpeko bertsioa.

Twitter konpainiak San Frantziskon (AEB) duen egoitzaren irudia. JOHN G. MABANGLO / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2023ko otsailaren 9a
17:08
Entzun

Karaktere muga arazo eta eztabaidagai izan ohi da Twitterreko erabiltzaileentzat. Zenbat aldiz arazo bera: txio batean iruzkin bat idatzi, eta esan beharreko denak ez sartzea. Berezkoa du karaktere muga, eta horixe da, hain zuzen, haren esentzia: esan nahi den hori ahalik eta laburrena kontatzea. Hainbatek eskatu izan dute, baina, karaktere muga lausotzeko, eta Elon Musk Twitterreko jabe berriak erabaki bat hartu du bide horretan: ordainpeko kontuetan muga 280tik 4.000ra zabaltzea. Hain zuzen, abenduan iragarri zuen urrats hori egingo zuela, erabiltzaile bati emandako erantzun baten bidez, baina xehetasun gehiago eman gabe.

Twitterreko kontu ofizialean eman dute erabakiaren berri: «280 karaktere baino gehiago behar dituzu? Badakigu zuetako askok baietz... Eta hari on bat maite dugun arren, batzuetan dena txio batean sartzea nahi izaten dugu. Beraz, txio luzeagoak sartuko ditugu».

Agerikoa da, baina, erabakiaren atzean dagoen tranpa. Izan ere, txio luzeak idazteko aukera ez da guztientzat eskuragarri egongo. Plataformak Twitter Blue zerbitzuaren harpidedunentzat soilik ezarri du funtzionaltasun hori; hots, ordainpeko kontuentzat.

Txioa ikusteko orduan, lehenengo 280 karaktereak erakutsiko dira, eta botoi bat egongo da jarraian, norbaitek mezua irakurtzen segitu nahiko balu: gehiago erakutsi. Esan bezala, ordainpeko kontuek soilik izango dute txio luzeak argitaratzeko aukera, baina erabiltzaile guztiek irakurri, iruzkindu, aipatu edo birtxiokatu ahalko dute mezua.

Bi hilabete igaro dira ordainpeko zerbitzuaren bertsioa kaleratu zutenetik hona, eta erabiltzaileen zati txiki bat baino ez da egin horren jabe: %0,2a. Txosten batzuen arabera, munduan 290.000 lagun inguruk dute bertsio hori.

Ez da Twitterrek karaktere muga handitzen duen lehen aldia. Gaur egungo 280ko muga 2017an sartu zen indarrean, eta bikoiztu egin zuen aurrekoa; 140 karakterekoa zen.

Kinka larrian

Elon Musk milioidunak urrian erosi zuen Twitter konpainia, 44.000 milioi euroren truke. Hartaz geroztik, Teslaren fundatzailea sarritan izan da eztabaidagai eta albiste. Ordainpeko erabilera ezartzearen aukerarekin hasi zen, gero erabiltzaile batzuek hainbat enpresaren Twitter kontu ofizialak erostea lortu zuten, ondoren iritsi zen kaleratzeen zaparrada, eta, azkenik, ehunka langilek dimisioa eman zuten, gelditzen zirenei lan baldintzak asko gogortuko zizkiela iradoki ondoren. Bulegoak itxi behar izan zituen horren ondorioz. Batzuk sare sozialari agur esaten ere hasi ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.