Osasunak eman du lehen kolpea, Athletici 1-0 irabazita. Ikusmina piztu zuen atzo futbol partida horrek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 299.000 herritarrek ikusi zuten Osasunaren garaipena. Askoz lagun gehiagok ikusi zuten emankizuna gaztelaniaz, euskaraz baino. La1 katean, 235.000 herritarrek ikusi zuten (%31,1eko ikusle kuota). Euskaraz ETB1en, berriz, 64.000 lagunek ikusi zuten (%8,4ko ikusle kuota).
EITB eta RTVE talde publikoak ados jarri dira bi kateetan euskarazko eta gaztelaniazko kontakizunak eskaintzeko. Espainiako Kopako finalerdiaren joanekoan hala izan da, eta apirilaren 4ko Bilboko itzulerako lehian ere bai. Hau da, San Mameseko partida erabakigarria ETB1en zein La1n ikusi ahalko da. Baita maiatzean Sevillan (Espainia) jokatuko den finala ere. Lehian diren bi euskal taldeetako bat finalean egongo da.
Hego Euskal Herritik kanpo ere ikusmina piztu zuen atzo gauean Iruñean jokatu zen partidak. Orotara, 6,2 milioi herritarrek egin zuten bat uneren batean partidarekin. Espainian, %14,8ko ikusle kuota bereganatu zuen lehiak.
Gaur Espainiako Kopako beste finalerdia jokatuko dute Real Madrilek eta Bartzelonak, eta La1 kateak emango du —Internet bidez ere ikusi ahalko da RTVE Playn—. 21:00etan hasiko da lehia.