Ospakizunak gozatzeko asmoz

Gozogintzarako zaletasunak eta bizimodua aldatzeko gogoak Kataluniatik Hondarribira ekarri zituen Leire Iparragirre eta Nuria de Migel. Xerinola gozotegia ireki dute, eta hiru hilabeteren ostean, pozik daude egindako urratsarekin.

Nuria de Migel eta Leire Iparragirre. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nuria de Migel eta Leire Iparragirre. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Abarrategi
Hondarribia
2026ko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru hilabete pasa daramatza Xerinola gozotegiak martxan Hondarribian (Gipuzkoa). Bezeroen erantzuna oso ona izan da. Goizean bezero asko joaten dira, baita arratsaldean ere, eskola ondorenean batez ere. 

Bartzelonan ezagutu zuten elkar Leire Iparragirrek eta Nuria de Migelek; komunean zuten lagun baten bidez egin zuten topo, eta bikotea izateaz gain, orain lankideak ere badira. Iparragirreren ibilbideak beti izan du gozogintzarekin lotura; okintza eta gozogintzaren goi mailako ikasketak egin zituen Donostian, ondoren Kataluniara joan zen lanera, eta bertan gozogintzako masterra egin zuen. De Migelek, berriz, Biokimikako gradua egin zuen, eta ondoren irakaskuntzako masterra. Sei urtez irakaslea izan da, baina hezkuntzan izandako ibilbidea ez da «espero bezalakoa» izan.

Iparragirre gogotsu zegoen bere sorkuntzak egiteko, bere negozioa izan nahi zuen. Euskal Herrira etortzen zirenean, ingurukoek enkarguak egiten zizkioten, errege opilak, esate baterako. Eta jende horrek animatuta gozotegia sortzea erabaki zuten. De Migelek ere aldaketa bat behar zuen bizimoduan, eta Hondarribira etorri ziren biak. «Ez nuen zalantzarik izan, ezta beldurrik ere», ziurtatu du De Migelek.

«Sare sozialetan bideo bat igo ondoren, boom bat igarri genuen bistaratzeetan eta jarraitzaileetan»

NURIA DE MIGELHondarribiko Xerinola gozotegiko jabea

Iparragirrek bazituen ziurgabetasun batzuk. Hasteko, ez zekien bere produktuak bezeroen gustukoak izango ziren ala ez: «Niretzat garrantzitsua zen jendea produktuarekin pozik egotea». De Migelek, ordea, beste kezka bat zuen: zenbakiak eta dokumentazio kontuak. Bietako inork ez zuen enpresagintzari lotutako jakintzarik, eta dokumentazio lan «handiegia» zela onartu du De Migelek. «Hori ez dizu inork irakasten», gaineratu du Iparragirrek. 

Hondarribian izan arren, oso presente dute Katalunia, gozotegiaren izenean hain zuzen ere. Xerinola katalanezko hitza da, eta jai giro esan nahi du. Bi hizkuntzen lotura aipatu du De Migelek. «Dibertigarria iruditzen zitzaigun hitzak euskararen kutsu bat izatea». Iparragirre leloari buruz mintzatu da: «Ospatu gurekin leloa jartzea erabaki genuen, ospakizun askotara gozoak eta pastelak eramaten direlako». Argi zeukaten leloak euskaraz izan behar zuela.

De Migel katalana da izatez, baina Hondarribian «oso harrera ona» izan duela esan du Iparragirrek. Hiru hilabete besterik ez daramatza hemen, eta jada ikasi ditu euskarazko oinarrizko hitzak eta esaerak. «Agurtzeko erabiltzen diren hitzak dakizki, baita zenbakiak ere; eta, noski, gozotegian erabiltzen diren esaldiak: ‘Ebaki bat, mesedez’ eta halakoak», baieztatu du Iparragirrek. De Migelek gehitu du ikasten jarraitzeko asmoz dagoela, eta gozotegian duten barra txikian ere jarri du Euskara ikasten ari naiz dioen karteltxo bat.  

Ikasketen garaitik, Iparragirrek oso presente izan du lehengaiaren kalitatea, eta ez zaio burutik pasatu bestela egitea. Beraz, produktua «ona» dela adierazi du. Gaztea izateak ere bezeroengan inpaktua duela onartu du. «Gazteak garenez, jendeak ziurtzat hartzen du gauza berriak egiten ditugula». De Migelek sare sozialak balioetsi ditu: «Sare sozialetan agertzeak ere izan du eragina».

Sare sozialen garrantzia

Negozioa zabaldu aurretik jada aurkeztu ziren sare sozialetan, eta De Migelek jasotako erantzuna azaldu du: «Sare sozialetan bideo bat igo ondoren, boom bat igarri genuen bistaratzeetan eta jarraitzaileetan». Bideoan biak azaltzen ziren beren burua aurkezten; modu «oso naturalean» egin zuten, eta ohartu ziren jendeak gustuko zuela hori. Iparragirrek dio nabari duela sareen bidez jende gehiagorengana iritsi direla: «Hondarribian ez gara 17.000 biztanle baino gehiago, eta ohartu gara jende gehiagorengana iritsi garela; emakume bat Altsasutik [Nafarroa] etorri zen gosaltzeko asmoz bakarrik». De Migelek gaineratu du bezero fidelak ere badituztela Hondarribitik kanpo: «Iruñean, adibidez».

«'Ospatu gurekin' leloa jartzea erabaki genuen, ospakizun askotara gozoak eta pastelak eramaten direlako»

LEIRE IPARRAGIRRE Hondarribiko Xerinola gozotegiko jabea

Dendara gosaltzera joaten diren bezeroek gehien eskatzen dutena Monkey bread izaten da, eta amorrua sentitzen du Iparragirrek: «Masen soberakinez egindako pieza bat da, egiteko erraza; ironikoa da jendeak hori eskatzea gehien». Batzuetan ez du horrenbeste soberakin; ondorioz, ez du gozo hori izaten. Kafea ere saltzen dute Xerinolan, nahiz eta De Migelek onartu horretan jantziak ez direla.  

Luze gabe, Iparragirrek gozo berriak sortu nahiko lituzke Gabonetako festen aurretik, orain denbora libre gehiago dutela aprobetxatuz. Luzera begira, De Migelek azaldu du ahal duten neurrian ahalik eta pertsona gehienengana iristea dela helburua. Etorkizunerako helburuak zehaztean, Iparragirrek «langile gehiago izatea eta lokala handitzea» aipatu ditu aukeratzat. De Migelen hitzetan, ez da lanposturik «erromantizatu» behar, bakoitzak bere «eragozpenak» baititu, baina aukera duen edonor animatzen du enpresa bat sortzera. Iparragirrek asko informatzea eta galdetzea gomendatu du. Jendeak horren inguruko zalantzak ere galdetu dizkie.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA