Pablo Sarasateren altxorrak

Pablo Sarasateren 55 objektu pertsonal aurkitu dituzte Iruñeko Artxiboko lau kutxetan. Topatutako objektuen artean dira, besteak beste, pintura eta arropa sorta bat, gutunak eta Gaiarreren busto bat.

Jules Franceschik Sarasateri eginiko marmolezko bustoa, kutxetan aurkitutakoa. GORKA BEUNZA / IRUÑEKO UDALA
Jules Franceschik Sarasateri eginiko marmolezko bustoa, kutxetan aurkitutakoa. GORKA BEUNZA / IRUÑEKO UDALA
itsaso jauregi 2
Iruñea
2026ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pablo Sarasate musikari iruindarra 1908ko irailaren 20an hil zen, Miarritzen (Lapurdi), 64 urte zituela. Albistea mundu osoan zabaldu zen ordu gutxiren buruan, eta Le Figaro egunkariak hitz batzuk eskaini zizkion musikariari: «Pablo Sarasate, biolinaren erregeetako bat, atzo hil zen, bat-batean, Miarritzen. Berrogeita hamar urte zeramatzan bidaiatzen; eta esan daiteke munduan ez dagoela eszenatoki handi bat non ez den txalotua izan. Gainera, izugarrizko ospea zuen. Eta merezi zuen ospe hura. Artista gutxik maite izan dute hain sutsuki bere artea, eta modu arrakastatsuan praktikatu». Sarasateren ibilbidea ilustratzeko hainbat erakusketa antolatu izan dira urteetan, haren objektuez hornituta. Baina, horietan, musikari iruindarraren objektu batzuk falta ziren, 1985etik 1991ra bitartean desagertutako altxorra, hain zuzen. Azkenean, Sarasateren 55 objektu pertsonal aurkitu zituen Iruñeko Artxiboko langileetako batek, urriaren 28an, inbentarioa antolatzen ari zela: lau kutxatan sartuta zeuden, Iruñeko Artxiboko laugarren solairuan ezkutatuta.

Beatriz Markotegi Iruñeko Artxiboko zuzendariak azaldu duenez, hilabete batzuk zeramatzaten artxiboan gordeta dauden objektu guztien inbentarioa egiten: «Zehatz-mehatz jakiteko zer dagoen, dagoen hori antolatzeko eta gure espazio beharrak zenbatekoak diren zehazteko». Lan hori aprobetxatuz, langileak aretoak garbitzen eta leku gehiegi hartzen zuten armairuak botatzen aritu ziren. Artxiboko laugarren solairuan armairu bat mugitzen hasi, eta egurrezko bi kutxa misteriotsu aurkitu zituzten, eta beste txoko batean beste bi. «Lau kutxak argizariz zigilatuta eta lakratuta zeuden, Iruñeko Udalaren zigiluarekin, eta giltzarrapoz itxita. Inork ez zekien ezer. Horiek atera, ireki eta ikusi zen zer zegoen han: Sarasateren legatuaren parte zen», azaldu du Markotegik.

(ID_17682004502285) Sarasateren objektuak
Lau kutxetan aurkitutako Sarasateren objektuak. GORKA BEUNZA / IRUÑEKO UDALA 

Kutxa bakoitza 49 x 115 x 53 zentimetrokoa da, eta 1, 5, 7 eta 8 zenbakiekin identifikatu dituzte. Barruan, besteak beste, konpositoreak bildumatutako pinturak, grabatuak, eskulturak, eskainitako argazkiak, arropa eta Mendelssohn konpositore alemanaren gutun autografo bat aurkitu dira. «Gutuna ez da Pablo Sarasaterentzat. Felix Mendelssohnek idatzi eta sinatutako gutun bat da, Ingalaterrako Viktoria erreginari edo haren ganberako norbaiti idatzia. Eskutitz horretan, hartzaileari igorri dion partitura bati buruz hitz egiten du Mendelssohnek, eta oraintxe bertan ez zabaltzeko eta pribatuan bakarrik erreproduzitzeko eskatu», gaineratu du Markotegik. Gauza horien ondoan beste objektu solte batzuk zeuden, hala nola bastoiak eta estilo neoklasikoko aulki bat. Mariano Benlliure eskultoreak 1890ean Julian Gaiarreri eskainitako busto bat ere badago bilduman, gainera, baita Sarasate bera irudikatzen duen beste bat ere, marmol zurian egina eta Jules Franceschik sinatua, 1886an.

Kutxen bidaia

Nola desagertu ziren Sarasateren ondarearen parte bat biltzen zuten lau kutxa? Kutxa horiek bidaia luzea egin dute Iruñeko Artxiboko laugarren solairura ailegatu aurretik. Sarasatek 1893an egin zuen testamentua, eta altzariak, artelanen bilduma, bitxiak, liburutegia eta kondekorazioak utzi zizkion Iruñeari, besteak beste. Musikariak baldintza bakarra ezarri zuen: museo bat egitea bere izenarekin, herritarrentzat eskuragarria. Baldintza hori bete, eta Pablo Sarasateren museo bat atondu zuten udaletxean. 1951n udaletxea suntsitu, eta gela guztiak lekuz aldatu behar izan zituzten: objektuak kontu handiz gorde zituzten egurrezko kaxetan, eta Arte eta Lanbide Eskolara eraman.

Hurrengo museoa 1965ean inauguratu zen, baina 1976an desegin zen, segurtasun arrazoiengatik, eta, beste lekualdaketa bat egin zutenez, dena kutxetan gorde zuten berriz. Hamaika kutxa gorde ziren Nafarroako Museoan, beste museo bat egin bitartean. 1977an, inbentario bat egin zen Nafarroako Museoaren gordailuan: hamaika kutxa lakratu zeuden oraindik bertan. 1985ean, Nafarroako Museoak erabaki zuen kutxa horiek Iruñeko Artxibora eramatea; 11 ziren guztira, eta laugarren solairura igo zituzten. 1991n beste museo bat sortu zen, eta, artxibozaina kutxen bila joan zenean, zazpi baino ez zituen aurkitu: lau falta ziren.

«Kutxak ireki, eta berehala ohartu ginen Sarasaterenak zirela. Dokumentazio lana egin behar izan genuen gero, eta kutxatilen historia osoaren berri izan genuen» 

BEATRIZ MARKOTEGI Iruñeko Artxiboko zuzendaria

Zer gertatua zen azaltzeko, hainbat hipotesi planteatu ziren, hala nola lau kutxa horiek galdu eta beste biltegi batzuetara eraman izana, baina inoiz ez zituzten aurkitu, hainbat ikerketa egin arren; orain arte, behintzat. «Nik uste dut ustekabeko gauza bat izan zela. Kontuan hartuz 11 kutxa horiek zer tamaina duten, artxiboko espazio horretan trabatu egin beharko lukete», gaineratu du Iruñeko Artxiboko zuzendariak. Galdutzat hartzen ziren pieza horiek guztiak berreskuratu egin dira, beraz, eta Sarasate konpositorearen legatuaren parte dira berriro.

Galdutzat jotzen zen altxor bat aurkitzea «zirraragarria» izan zen Markotegirentzat: «Kutxak ireki, eta berehala ohartu ginen Sarasaterenak zirela. Dokumentazio lana egin behar izan genuen gero, eta kutxatilen historia osoaren berri izan genuen. Oso istorio polita da, eta ez da berriro halakorik gertatuko». Objektu batzuk hainbeste urtez kutxa batean sartuta egon ondoren, beharrezkoa da zaharberritzaileek aztertzea, zehazteko beharrezkoa den ala ez esku hartzea. «Nire ustez, azaleko garbiketa beharko du objekturen batek, baina ondo daude. Noski, orain dena berrikusi behar da, halere», argitu du Markotegik.

Eskultura bikiak

Aurkitutako elementuen artean nabarmentzekoa da Julian Gaiarre tenorraren busto bat, Mariano Benlliure eskultoreak 1890ean egindakoa. Gaiarre eta Benlliure Erroman elkartu ziren 1889an, eta eskultoreak buztinez edo argizariz egin zuen jatorrizko lana; tenorra hil ondoren amaitu zuen brontzezko obra. 1892 eta 1925 bitarte, pieza Madrilgo Errege Antzokian jarri zuten, eta, 1925ean antzokia itxi ondoren, eskultoreak bustoa berreskuratu eta musikariaren ilobei eta oinordekoei oparitu zien; haiek dohaintzan eman zioten Iruñeko Udalari, 1944an. Hala ere, bustoa ez zen Gaiarre antzokian jarri, aurreikusita zegoen bezala. 1951. urtera arte, Sarasateren ondarearen inbentarioan sartu zen, udaletxean egindako lanengatik, eta Nafarroako Museoan gorde, bosgarren kutxan: orain berreskuratu diren horietako batean.

Baina istorioa ez da hor amaitzen. 2018an, Benlliurek egindako Gaiarreren busto bat ikusi zuen herritar batek Nafarroako Jauregiko lehendakaritza bulegoan. Nondik aterea zuten galdetu ondotik, salaketa egin zuen Arartekoan; txosten batean ondorioztatu zuten Nafarroako Jauregian zegoen bustoa Iruñeko Udalarena zela, eta Nafarroako Gobernuak 2021ean eman zion udalari. Baina dena aldatu da orain aurkitu den bustoari esker, eta obra beraren bi ale daudela deskubritu. Bata Benlliurek sinatua, Iruñekoa, eta bestea urtzaileak bakarrik sinatua, Nafarroako Gobernuarena, gaur egun Gaiarre antzokian ikusgai dagoena.

(ID_17682006137275) Gaiarreren bustoa
Kutxetan aurkitutako Gaiarreren bustoa, burdinazkoa. GORKA BEUNZA / IRUÑEKO UDALA 

Bi artista horien arteko istorioen berri izatea da interesgarriena Markotegirentzat, eta orain esku artean duen ikerlana: «Bi bustoak oso desberdinak dira. Itxura batean berdinak dira, baina aurkitu dugunak beheko aldea landuagoa du, eta egitura handiagoa». Oraingoz erantzunik ez duten galdera batzuei erantzuteko asmoz, Mariano Benlliure fundazioko espezialista batek aztertuko du obra: «Batetik, bien historia dokumentatzeko beharra dago, eta, bestetik, bustoaren berezitasunak identifikatu behar dira, bi obra horien ezaugarriak alderatzeko», aipatu du zuzendariak.

Aurkikuntzaren ondorioz, dokumentazioa berrikusten hasiak dira. Lau kutxekin zehazki zer gertatu zen argitzeko eta kutxarik berriro ez galtzeko beharrezko neurriak hartu nahi dituzte Iruñeko Artxiboan. Orain berreskuratutako materiala katalogatu, baloratu eta ondarearen parte izango da berriro. Bilduma Pompelo izeneko Civivox aretoan jarriko da, Sarasateren inguruan antolatutako museoan, baina oraindik ez dute zehaztu museoa noiz irekiko den.

«Bi bustoak oso desberdinak dira. Itxura batean berdinak dira, baina aurkitu dugunak beheko aldea landuagoa du, eta egitura handiagoa» 

BEATRIZ MARKOTEGI Iruñeko Artxiboko zuzendaria

Museo berria antolatzen den bitartean, aurkitu berriak dituzten Sarasateren 55 objektuak Iruñeko Artxiboan gordeta daude. Albisteak oihartzuna izan duenez, aurkikuntza ikuskatzera joan nahi duten hainbat adituren deiak jaso ditu Markotegik: «Eskatu dugu zaharberritze espezialista batzuk etor daitezela edukia berrikustera, esku hartzeko proposamen bat eta inbentario egoki bat egin dezaten». Esku artean proposamenen bat dutenean, zaharberritzeko lanak egingo dira behar diren obretan.

«Nire lagun Pablo Sarasateri». Objektu eta gutun batzuek sinadura hori daramate, Iruñeko seme kutunarentzat eginak dira, alegia. Markotegiren arabera, aurkikuntza garrantzitsua da nazioartean ere, artistak eta haren lanak duten ospe ona aintzat hartuta: «Haren lagun eta miresleen artean, garai horretako artista handien zirkulu bat dago, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako kulturako pertsona oso garrantzitsuek osatua. Beraz, garrantzi handia du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.