Jakina zen existitu existitzen zirela, baina ez zen haien arrastorik. 1985etik 1991ra bitarte galdu izanen zirela ere bazegoen ondorioztatzea. Baina non? Baina nork hartuta? Horiek argitu ezinean eman dituzte 30 urtetik gora, besteak beste, Nafarroako Artxibo Nagusiko eta Sarasate museoko arduradunek. Orain ere, ez dituzte galdera ikur guztiak kolpe bakarrean desegin, baina, behinik behin, erantzunen bat bada. Eta agertu dira. Eta hori pozik egoteko aski motibo badela iradoki dute Iruñeko Udaleko ordezkariek gaur eginiko agerraldian: Pablo Sarasate musikari iruindarraren 55 objektu pertsonal aurkitu dituzte, lau kutxatan sartuta, Nafarroako Artxibo Nagusiko laugarren solairuko bi gelaxka ezkututan gordeta. Ez da gutxiagorako.
Artxiboko langileetako batek egin zuen aurkikuntza, urriaren 28an, inbentarioa antolatzen ari zela. Hark atzemandako kutxetan askotariko objektuak aurkitu dituzte: tartean dira, adibidez, Sarasatek bizialdian bildutako pintura eta eskulturak, argazkiak, arropak, Felix Mendelssohn konpositore alemanak sinatutako gutun bat, kapelu bat, metronomo bat, eta luma batzuk. Mariano Benlliure eskultoreak 1890ean Julian Gaiarreri eskainitako busto bat ere badago bilduman, gainera, bai eta Sarasate bera irudikatzen duen beste bat ere, marmol zurian egina eta Jules Franceschik 1886an sinatua.

Topatutako objektuok Iruñeko Udalarenak dira, hala ziren lehendik ere, Pablo Sarasatek berak (Iruñea, 1844 - Miarritze, Lapurdi, 1908) herentzian utzi baitzizkion hiriari, beste zientoka objekturekin batera. Erlojuak, eraztunak, koroak, bustoak, musika tresnak eta beste ziren sorta horretan jasota, eta, musikariaren eskeari men eginda, haren izen bereko museoan jarri zituzten ikusgai —hasiera batean hura udaletxean kokatua zegoen—. Ordutik aurrera eta 1991ra bitarte, baina, Sarasatek herentzian utzitako 500etik gora objektuak hainbat aldiz mugitu zituzten tokiz, dela haiek beste nonbait bistaratzea erabaki zutelako edo dela halabeharrez, aldian-aldian eraikinetan berritze lanak egin behar izan zituztelako. Hain zuzen, Iruñeko Udalak gaur jakinarazi duenez, hipotesi nagusietako bat da lekualdaketa horietakoren batean galdu zirela orain aurkitutako piezak. Izan ere, hain justu 1991ko udaberrian erreparatu zioten absentziari, San Joan Seminarioko kapera zaharrean Sarasate museo berria zabaltzeko prestaketetan: lau kutxa falta ziren.
1977tik, musikariaren objektu gehienak —bitxiak eta beste zenbait sorta aparte gorde zituzten— kutxetan gordetzea erabaki zuten arduradunek, eta 11 bete zituzten guztira: bete, zenbakitu eta itxi. Nafarroako Museoan gorde zituzten behin-behinean, eta 1985ean, San Joan Seminarioko kapera zaharrera mugitu zituzten haiek guztiak. Guztiak ziren oraindik ere. Ez, ordea, 1991n: 1, 5, 7 eta 8 zenbakidunak falta zirela ikusi zuten, zehazki, baina ez zuten publikoki jakinarazi.
Iruñeko Udalak zabaldutako informazioaren arabera, ikerketa bat abiatu dute orain aurkitu eta 30 urtetik gora galbidean izandako kutxekin zehazki zer gertatu zen argitzeko. Bestalde, asmoa da berriz azaldu diren Sarasateren 55 objektuak ikusgai jartzea. Berriki zabaldutako Civivox Pompelo zentroan bistaratuko dituzte, 2026an.