Mahastizainen bosgarren belaunaldiaren parte da Victoria Torres, Vicki, eta Kanarietako La Palma uharteko kalitatezko ardoen maila gorenean dago. La Palmak jatorri bolkanikoa dauka, eta hor gailentzen dira, alde batetik, La Caldera de Taburienteko parke nazionala, uhartearen erdialdean, eta, beste alde batetik, El Roque de los Muchachos, 2.426 metro garai den harkaitzezko tontorra, non Begiratoki Astrofisikoko teleskopioak dauden.
Biosferako mundu erreserba da eta itsasoaren gertutasunak zein La Palmako orografia malkartsuak mikroklimen ugaritasuna eta lur moten aniztasuna bermatzen dute. Filoxera sekula heldu gabeko pie franco deritzon sisteman landatutako mahats mota ere badute.
Torresek zazpi hektarea lantzen ditu, horietako batzuk mahastizain txikienak, Fuencaliente hegoaldean —hor dauka upategia ere—, ekialdeko Mazo parajean, eta, ipar-mendebaldean, hotzagoa den parajean, Tinazaran, Briestan, Puntagordan eta Garafian. 1.200-1.400 metroko altueran, albillo criollo —Iberiar penintsulakoarengandik desberdina— eta Kanaria uhartean beltzen artean ohikoena den negramoll mahatsa lantzen ditu.
Los Llanos Negros deritzon parajean dauka Victoria Torresek malvasia mahatsa, maldan kokatutako mahastietan, 200-400 metroko altueran; ehun urtetik gora dute, eta badaude 130 urtekoak ere. Mendebaldera begira eta hondar bolkanikoz osatutako lurretan daude mahasti horiek. Mahats horrekin egiten du Vickik Matias i Torres Naturalmente Dulce ardo gozoa, garestia bezain bikaina.
Klimaren baldintzak, malvasiak eskaintzen duen errendimendu murritzak, eta mahats horrek duen potentzialtasuna aztertzeko jakin-minak Matias i Torres Malvasia Aromatica Seca ardoa egitera bultzatu zuten Torres. Ahalmen aromatiko bikaina du, eta ahoan lehorra eta serioa da, azidotasun orekatu bikaina eskainiz.
San Antonio sumendiaren hegoaldeko magalean, Las Machuqueras lursaila dago; familiako lursaila izan da bost belaunalditan. Mahastiak cadenas deituriko horma batzuez babesturik daude hor, eta lurzoru gainean arrastaka daude, ipar-mendebaldeko haize bortitzarengandik babesteko.
Partzela horretan Las Machuqueras ardoa egiten du Torresek, beste ardo guztiak bezala bere hondar finekin zazpi hilabetez mantenduz, upelean epe labur batean sartu aurretik. Mineral ukitua dauka, kontzentratua, gazi ukituarekin eta oso atsegina da. Ardo zuria Jerez eta inguruetako palomino mahats berbera da.
Ardo guztiak artisau lanak dira, bat-bateko hartzidurekin eta hotzaren bitarteko kontrolik gabe eginak. Mahastian irizpide ekologikoak eta biodinamikoak ditu oinarri. Mahastian bertan zein upategian gaur egun ere eskuz egiten dituzte lan ugari.
Ardo bitxiak eta interesgarriak dira.