Dietista eta nutrizionista

Lur Garmendia: «Parentesi bat egin behar da Gabonetan, eta errutinara itzuli gero»

Donostian dauka lokala Lur Garmendiak. Urte hasieran beti nabaritzen du paziente gehiago dituela. Aitortu du gehiegikeriak egiten direla Gabonetan, eta hala egitea defendatu du: «Zentzuz».

LUR GARMENDIA
Lur Garmendia, bere bulegoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
unai zubeldia
Donostia
2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Neurria eskatu du Lur Garmendia dietista eta nutrizionistak (Donostia, 1983). Gabonen hondarrean ere «gozatzeko» aholkua eman du, baina berandu baino lehen normaltasunera itzultzen saiatzeko ere eskatu du. Mirarizko dietarik ez dagoela azpimarratu du.

Otarrainxkak, urdaiazpikoa, foie grasa, piper beteak, arkumea, pastelak, turroia...

Horiek denak jan ditugu egunotan, bai, eta horiek denak jan behar ditugu egunotan. Egun bereziak dira, eta gauza bereziak egiten ditugu; jan-edana ere berezia izaten da egun hauetan, eta hala izan behar du. Gabonetan ez dugu pisua hartzen egun jakin batzuetan bazkari eta afari horiek dauzkagulako, baizik eta erdiko egun horietan kuadrillako bazkaria, lagun ezkutua, enpresako bazkaria... edukitzen ditugulako. Erdiko egun horietan oreka lortzea da gakoa. 

Jatetxe on-onetan bezala, edaria aparte doa: ardoa, sagardoa, xanpaina, konbinatuak...

Bai... Egunerokoan baino alkohol gehiago edaten dugu egun hauetan, baina nire pazienteei inoiz ez diet debekatzen alkohola edatea edo arkumea jatea, ezta neure buruari ere. Goza dezagun, baina neurrian. Zentzuz jokatu dezagun, bai janariarekin eta bai jarduera fisikoarekin. 

Debekuak kontrako eragina sortzen baitu askotan, ezta?

Zenbat eta gehiago debekatu, orduan eta antsietate handiagoa izango dugu. Muturretara joaten garenean hasten dira arazoak. Geure buruari orain arkumea jatea edo alkohola edatea debekatu badiogu, tarte batean aguantatuko dugu, baina orain halako bi jango eta edango dugu gero. Dieta kontzeptua erabat sartuta daukagu oraindik, eta dietak berekin dakartza debekua eta beharra. Nire ustez, txarra da bide hori.   

Gabonetakoa ez da garairik onena nutrizionistarengana joateko...

Helburuaren arabera. Pisua galtzera etortzen direnei beti esaten diet egunotan jakin behar dugula helburu hori pixka bat albo batera uzten. Parentesi bat egin behar da. Pisua galtzeko prozesu batean murgilduta egon gaitezke, baina Gabonetan desberdin jango eta edango dugu, eta jakin egin behar da parentesi hori egiten. Hori bai, dena bukatzean errutinara itzuli behar da. 

Gabonetan, beraz, ez da gaizki jaten: desberdin jaten da?

Desberdin jaten dugu. Desberdintasun nagusia da koipe edo gantz gehiago jaten dugula, gozo gehiago jaten ditugula eta alkohol gehiago edaten dugula. Egunerokoan ezin dugu egin hori, baina momentu jakin batzuetan, bai. Egiten dugu, eta egin behar dugu. Eta hori ez da kaltegarria; kaltegarri bihurtzen da eguneroko kontua denean. Jaten ikasi behar dugu. 

San Tomas eguna, Gabon gaua, Gabon eguna, Urtezahar eguna, Urteberri eguna, errege opila... Non eta nola jarri behar dira mugak?

Hor arazoa da askotan San Tomas eguna iritsi eta urtarrilera arte «dena baimenduta dago» egoeran sartzen garela gehienok, dena da festa egunotan. Hori eginez gero, neurria galduta ibiliz gero, urtarrilean muturrera joaten gara, eta mirarizko dieta guztiekin hasten gara. Hori ez da sanoa. Ez da sanoa Gabonetan lauzpabost kilo hartzea. 

Urteroko kontua da: urtarrilean nabarmen ugaritzen da gimnasioetan izena ematen dutenen kopurua. Zuen kontsultetan ere gorakada nabaritzen duzue?

Bai. Urtarrilean eta irailean izaten da gorakada, jai guztiak igarotakoan. Euren buruekin haserre etortzen dira asko, neurria galdu dutelako, baina miraririk ez dago hemen. Elikadurarekin harreman osasuntsua izatea ez da egunero letxuga eta oilaskoa jatea bakarrik, ezta gutxiago ere! Jakin behar dugu denetarako momentuak behar ditugula, baina egunerokoan patroi ordenatu bat behar dugula.

LOTSABAKO

Gustuko duzun jaki bat?
Txuleta.

 Edateko?
Gabon hauetan ardo beltza edan dut gehien, ardo ondua. Baina gainerakoan ez dut alkoholik edaten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.