Bilboko Unamuno plazako eskailaretan jesarriz gero, bertako hizkuntzez eta jendeaz gain, kanpoko doinu eta aurpegierak antzematen dira. Abuztuko azken asteburua da, baina oraindik turista ugari dabil Bilboko kaleetan. Izan ere, aurten gora egin du Euskal Herrira etorri diren turisten kopuruak. Kalean, hainbat turista talde bereiz daitezke: batzuk familian etortzen dira, gurasoak eta seme alabak; bikoteak ere nonahi daude, gazteak zein helduak; azkenik, tour gidatu bat egiten dabiltzan 20-30 laguneko taldeak daude. Halakoak dira nabarmenenak. Talde guztiak kontuan hartuta, adin guztietako jendea dago, umeak, helduak eta zaharrak.

Audifonoa belarrian, eta hortik zintzilik zinta azul edo gorri bat. Zinta festaren erdian, gida. Ezaguterrazak dira tour gidatua egiten dabiltzan turista taldeak. Batez ere talde handiak direlako, eta gida bati jarraika doazelako, nola ardiak artzainari. Tarteka, geldialditxo bat, eta berriro azalpena. «Hiria ezagutzeko modu egokia da», azaldu du John Millerrek. Estatubatuarra da, Kansaskoa, eta egun batzuk pasatzera etorri da. Gida batekin zebiltzan Miller eta haren bikotekidea, baina nekatu egin dira, eta Plaza Barriko taberna batean jesarri. Itzalean, zintzurra busti eta tripa pixka bat bete dute. Lehen aldia dute Euskal Herrian, eta «polita» dela esan du Millerrek. Gainera, pintxo bat jaten dabil. Ezagutu dituen kontuen artean bat aukeratu beharko balu, horixe aukeratuko luke: «Pintxoa da gehien gustatzen zaidana». Iritzi ohikoa da. Herbehereetatik etorri da Debbie Otto, eta hark ere gauza bera uste du. «Bertako gastronomia» gustuko duela adierazi du, eta bereziki «pintxoak» maite dituela. Horrez gain, eguraldia ere eskertu dute. Eguzkia eta argitasuna daude-eta, baina ez gehiegi. Izan ere, Bilbora etorri baino lehen Iberiar penintsulako hegoaldean ibili dira, eta hango bero «gehiegizkoa» nabarmendu du. Arriaga antzokiaren parean dago —duela astebete jendez eta txosnaz beteriko plazan ohiko giroa dago ostera—. Hala ere, batzuetan turistaren bat bertatik pasatu, eta begira gelditzen da. Hori ere ohitura da dagoeneko.

Urrutitik etorritakoak dira turista asko eta asko, baina hurbilagokoak ere badira. Juan Bermejo espainiarra da, Salamancakoa, eta asteburu-pasa etorri da familiarekin; emaztearekin eta hiru alabekin, alegia. Unamuno plazako terraza baten daude, goizeko ibiladia egin ostean deskantsu hartzen. «Etxetik irteteko» etorri dira Bilbora, eta eguraldi «hotzagoen» bila. Azaldu duenez, abuztuan beroa izan dute nagusi. Eta «iparraldera hurbiltzea» lagungarri egiten zaie.
Behin etorrita, mugitu
Bilbok erakarrita etortzen dira turistak, baina, behin etorrita, inguruetara mugitzeko asmoa izaten dute. Ottok lau egun pasatuko ditu Bilbon, baina bat Donostia ezagutzeko baliatuko du. Han hondartza dagoela ikusi du, eta agian bainua hartuko du. Ez litzateke hondartzara joango den bakarra. Bermejoren alabek ere itsasoan bainatzeko gogoa dute. Horrela konbentzitu zituen aitak etortzeko. Dena den, ez dira Donostiaraino joango: inguruko hondartza batera joango dira. Millerrek ere mugitzeko intentzioa du. Ez du hondartzara joko, ordea: Gernika-Lumora (Bizkaia) joango da, herria ikusi eta ezagutzera.