Bihar hasiko da Bilboko San Frantzisko auzoko Click azoka. Urtero bezala, merkatu espezializatu horrek Playmobil jostailu alemaniarraren pieza ospetsuen saltzaileak eta zaleak bilduko ditu igandera arte: pieza paregabeak aurkitu, bildumak osatu edo, besterik gabe, giroaz gozatu. Gainera, jostailu horien salmenta eta erakusketa uztartzen dituen azoka bakarra da. Herritarren errekonozimendua eta parte hartze handia dituen proiektu bat da; aurreko edizioan, adibdiez, 2.000 pertsona bildu zituen. Antolatzaileek aurten datu horiek berrestea espero dute.
Proposamen berezi hori Bilbo Historiko elkartearen eta San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako Merkatarien Elkartearen eskutik dator, eta, Bilboko Udalaren laguntzarekin, proposamen berritzailea aurkeztu nahi dute. Haurrak eta adinekoak aldi berean elkartu eta erakarri nahi dituen proiektu bat da, oroimenerako eta dibertimendurako espazio bat sortuz. 1970eko hamarkadan Alemanian asmatutako jostailu partikular horiek haur askoren panpinarik gogokoena izan dira belaunaldi luzez; baina, horretaz gain, playmobilak bildumatu daitezkeen elementuak dira askorentzat.
Click azoka playmobilez jositako hilabete batean gertatuko da Bilbon: izan ere, azaroaren 5etik abenduaren 7ra arte Bilboko San Frantzisko auzoan Click erakusketa ere antolatu dute. Beraz, irudimenaren eta nostalgiaren epizentroa bihurtu da panpina ospetsuen unibertsoko ospakizunarekin.
Jolasten eta ikasten
Erakusketa San Frantziskoko aztarnategian da. Hura antolatzean, gai nagusia oso argi zuten: Bilboko auzo historikoak. Hamar diorama, milaka klik edo playmobilekin eginez poliki-poliki muntatuta. Sortutako diorama horietan hiriaren iragana, oraina eta etorkizuna islatu dituzte. Eszena bakoitzak ingurune historikoaren funtsezko zati bat kontatzen du, bere jatorritik gaur egunera arte, bertako jendearen kultur aniztasuna eta eguneroko bizitza nabarmenduz.
Erakusketan, sormena zabaltzeaz gain, Euskal Herriaren miniaturazko kronika ere egitea da helburua. Horregatik, antolatzaileek arreta berezia jarri dute euskal kulturan eta tokian tokiko garrantzi handiko gertaera eta jardueretan. Dioramek Bilboko jaiak bezalako uneak birsortzen dituzte, adibidez: jostailu txikiek Aste Nagusiaren hasiera birsortzen dute, eskala txikiagoan. Gainera, belaunaldien arteko zubi lana egitea da asmoa: gazteek ezagutu ez zituzten kaleak irudikatzea, gaur egungoekin konparatzea eta etorkizuneko elementuak imajinatzea. Bilboko hiri eta gizarte bilakaera ikusteko aukera eskaintzen du, playmobilen eskuz: portu eremuak, meategiak eta parkeak islatu dituzte diorametan.
Esperientzia interaktiboa bultzatzeko, antolatzaileek erakusketari zuzenean lotutako bi lehiaketa antolatu dituzte. Lehenengoa Photocallaren argazki lehiaketa da. Horren helburua irudirik originalena ateratzea eta sare sozialetan partekatzea da, zozketa batean parte hartzeko. Bigarren erronka Klikaren Bilaketa lehiaketa da. Hamar diorametako bakoitzean klik bat ezkutatu da, eszenako gai nagusiei ez dagokiena. Bisitariek playmobil hura aurkitu beharko dute eszena bakoitzean, eta aurkitzen dutenek sari bereziak jasotzeko zozketan parte hartuko dute.
Playmobilen erakusketa abenduaren 7ra bitarte bisitatu ahal izango da, asteartetik larunbatera 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Igandean, 10:00etatik 14:00etara. Sarrera orokorra 3 eurokoa izango da; sarrera murriztua, 1,5 eurokoa. Click azoka, berriz, bihartik igandera bisitatu ahal izango da, doan: 16:00etatik 19:00etara bihar, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 19:00etara larunbatean, eta 10:00etatik 15:00etara igandean.