Produktu ekologikoen topagunea

Bioterra azoka martxan da Irungo Ficoban, eta etzi arte denetariko produktu ekologikoak egongo dira eskura: janaria, kosmetikoak, jantziak, intsentsua... Olio ekologikoa nabarmendu dute aurten.

Bioterra azokako gazta postu bateko salerosketa, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bioterra azokako gazta postu bateko salerosketa, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Irun
2025eko ekainaren 6a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Begiratu batean, ohiko azoka bat izan daiteke, barazkiak, gazta, eztia, oliba olioa eta marmeladak dituelako salgai. Begirada pixka bat zabalduta, ordea, xaboi ekologikorik ere bada, baita bizikletak, kosmetiko naturalak, intsentsuak eta masajeak egiteko aukera ere. Beraz, ez da ohiko azoka bat, produktu eta zerbitzuetan aniztasun handia dagoelako eta produktu den-denak ekologikoak direlako.

Bioterra azoka egiten ari dira Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa), gaurtik etzi arte. «Bioterra elikadura ekologikoaren azoka da, eta planetan, osasunean eta ingurugiroan interesa dutenentzako elkargunea da», azaldu du Maialen Gaztañagak, azokako zuzendariak. «Elikadura ekologikoa ez da bakarrik garrantzitsua gizakion osasunerako; planetari ere mesede egiten dio, eta denontzat onena zera da, produktua bertakoa, garaikoa eta ekologikoa izatea», erantsi du.

«Planetan, osasunean eta ingurugiroan interesa dutenentzako elkargunea da Bioterra azoka»

MAIALEN GAZTAÑAGA Bioterra azokako zuzendaria

Denetariko produktu ekologikoak topa daitezke Bioterran. Lehen pabiloian energia berriztagarriak eta bioeraikuntza dira protagonistak; bihar azalduko dute, adibidez, nola eraiki daitezkeen plaka fotovoltaikoak etxean. Bigarren pabiloian sartu bezain laster, ordea, zurruntasuna goxotasun bihurtzen da, komestiko naturalen eta denetariko intsentsuen usainak girotzen duelako eremua.

Igone Amoztegi jator ari da bezeroak agurtzen, bere postutik. Mahai gainean dituen intsentsuen usainak protagonistagoak dira ia beren kolore biziak baino. «Intsentsu ekologikoak saltzen ditugu, eta guk hazitakoak dira lehengaiak. Intsentsu industrialak toxiko samarrak dira, eta guk alternatiba natural bat eskaintzen dugu: erretxina, landareak eta esentzia olioak dituzte oinarri».

Xaboiak ere bai

Handik ez oso urrun, xaboi naturalak erosi berri ditu Humildad Vicente irundarrak: «Bururako xaboiak erostera etortzen naiz urtero. Azkura izaten nuen buruan, eta haiek izan dira irtenbidea. Eta irauten dute!».

Hirugarren pabiloian askotariko bezeroak daude: bai terrazan yoga egitera doazenak, bai eskola umeak; denetarik. Asko pasatu dira Fuente de Daros oliogileen postuaren aurretik; izan ere, oliba olio ekologikoari eman diote garrantzia aurten, Bioterraren 22. aldian. «Olio nafarra egiten dugu; Oteizan gaude, Lizarraldean. Olio ekologikoa ekoizten dugu: ez dute ez herbizidarik ez intsektizidarik. Zaporean eta usainean nabari da, eta baita gorputzari egiten dion mesedean ere», azaldu du Lorena Ibañez oliogileak.

Yoga klasea ere eskaini dute gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Yoga klasea ere eman dute gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU

Sandra Cigueiras donostiarrak probatu du olioa, eta berretsi du diferentzia. Gero, urtero bezala, postuz postu ibili da produktu ekologikoei begira —«tradizio bat bihurtu da ja!»—, eta karabana batean bukatu du bidea. Bai, karabana bat dago Bioterra azokan; arropaz inguratutako karabana bat. Planeta Dots proiektuko kide Lorena Herasek azaldu ditu nondik norakoak: «Joskintza jasangarria bultzatzen duen karabana bat da, eta helburua da erabiltzen ez diren ehunak berreskuratzea. Lehengai horiekin sortzen ditugu arropak, eta batetik bestera ibiltzen gara saltzen». Etzi arte Ficoban hartu dute ostatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.