Euskal baleazaleen ondarea Red Bayn

Red Bay: oroiminaren ubera

Bi buia zuriren artean eta plastiko beltz batekin bilduta: Red Bayko ur uherretan dago ‘San Juan’ baleontzia hondoratuta. 140 biztanleko herrixka xume bat da. Emozioz daude Pasaiatik abiatuko den ontzi bikia noiz iritsiko.

Red Bayko etxe gorri bat, eta Saddle Island atzean. ENEKOITZ TELLERIA
Red Bayko etxe gorri bat, eta Saddle Island atzean. ENEKOITZ TELLERIA
enekoitz telleria sarriegi
Red Bay
2026ko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Minez gogora daiteke, edo omenez oroitu: hondoratze batena da mina, eta hura ez ahaztea da omena. Izan liteke ur uherra ubera bat ederra, hari segika bertara iristeko, eta urpean zer dagoen jakiteko. Arkeologia emozionala egiteko. Itsaspe hartan itsatsi baitira euskal baleazaleen sustraiak, eta haien memoria. Denboraren joana urpetik azalera atera dute Red Bayn, eta oroitzapen eder bihurtu dute. Batzuek sortu zutena kontatzen dute han besteek, eta norberarena bihurtu. Euskal herritarren historia azaltzen dute kanadarrek, eurena esplikatzeko. Berreraiki daitezke barkuak, eta berreraiki daitezke harremanak. Bihur litezke urperatzeak besarkada. Labradorko (Kanada) parte hartan ematen dituztenak estuak eta sentituak dira.

Eta ez da erraza Red Bayra iristea, baina duela bostehun urte iritsi ziren euskal baleazaleekiko errespetu falta bat litzateke horregatik kexatzea. Ternuako Saint John’s da Red Bayra heltzeko ate nagusia eta ustez errazena, baina ate hori ez da horren erraz irekitzen garaiotan. Astean hiru hegaldi irteten dira handik, baina eguraldiak jartzen die langa: lainoak. Saint Lawrence ibaiarena da errua. Ipar Amerikako ubide nagusia da. Ontario lakuan jaiotzen da, eta, 2.000 kilometro egin ostean, Saint Lawrenceko golkoan itsasoratu, Ternuan eta Labradorren —probintzia bakarra osatzen dute biek—. Ibaiaren ura epeldu egiten da egunotan, eta Artikotik datozen korronte hotzekin egiten du talka: txoke termikoa. Kontraste horrek sortzen du laino trinko hori. «Eta behin sartuta, egunak behar izaten ditu altxatzeko. Itsatsita gelditzen da airean», azaldu du Jiffy Cabseko taxi gidariak. Eta fidatzekoa da haren esana, baina ez horrenbeste haren taximetroa, birritan kobratzen baititu kontuak.

Kontuak eta komeriak. Muturrekoak dira zailtasunak eta edertasunak Kanadan. Fereken neurrikoak dira zaplaztekoak. Eta bertan behera gelditzen dira hegaldiak. Hara joandako euskal ordezkaritzak hartu behar zuena ere bai. Euskal baleazaleei buruzko Apaizac Obeto dokumentalean —Jon Maia Soriak zuzendu zuen (2010)— mikmak indigenen buruzagi espiritualak hitz egiten du: John Joe Sarkek. Zera esaten du: «Garai hartan [XVI. mendean], euskal arrantzaleak eta mikmakak ziren lanbro eta laino artean nabigatzen zekiten bakarrak». Hor nonbait, bada Saint John’s-en mikmak haien ondorengo piloturen bat laino artean hegan egiten dakiena, bezperan bertan behera gelditutako hegaldia haize, laino eta euri artean abiatu baita.

Kontuak eta komeriak. Muturrekoak dira zailtasunak eta edertasunak Kanadan. Fereken neurrikoak dira zaplaztekoak. Eta bertan behera gelditzen dira hegaldiak.

Hegazkina Goose Bayra doa —Happy Valley ere esaten diote han; inuiten hizkuntzan: Vâli—, eta Saint Antonyn egiten du lehen geldialdia. Tundra artikoa ikusten da hegazkineko leihotik: zuhaixkaz, goroldioz eta urmaelez osatutako zaineria eta otalur ikusgarri bat. Badator bigarren geldialdia: Blanc-Sablon. Quebecekin muga egiten duen portudun hiri txiki bat da. Handik laurogei kilometrora dago Red Bay, autoz. «Hello, my friends». Kanadako zaldizko poliziak eta Parks Canada erakundeko ordezkariek egin diote abegi ona euskal ordezkaritzari: Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Xabier Agote Albaolako zuzendaria guztien buru.

Joan dira orain arteko laino, lanbro eta zailtasun kontuak. Kartel urdin batean hauxe jartzen du: «Newfoundland Labrador. Welcome to the Big Land. Newfoundland». Halaxe esaten diote han ingelesez lurralde deskubritu berriari —Terranova esaten diote gazteleraz deskubritu eta konkistatu nahasten dituztenek—. «Han ikusten dena ez al da iceberg bat?», deskubritu du norbaitek.

«Hello, my friends». Kanadako zaldizko poliziak eta Parks Canada erakundeko ordezkariek egin diote abegi ona euskal ordezkaritzari: Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Xabier Agote Albaolako zuzendaria guztien buru.

Elektrizitatearen posteak eta bestelako kartelak harri kozkorrez betetako hesiekin daude eutsita errepide bazterretan. Bluckles place: pinuak eta lakuak. Errekatxo gardenak. Pinuak dira? Ez, izeiak dira, izei gorriak (Picea abies). Erreparatu, bestela, Labradorko banderari: zati zuria (elurra), zerrenda berdea (udan baino hazten ez den belarra) eta urdina (errekak, lakuak eta itsasoak). Eta zati zurian dagoen adaxka berde hori? Izei gorria. 

Forteau, L’Anse-au-Loup eta Pinware herritxoak bidean. Burdinazko zubi idiliko bat. Jendea ikusten da eguzkitan portxeetan: udaberriko lehen printzak dira. Hiru bat gradu daude. Labradorko txakur bat. Tokiari izena ematen dion arraza berezi eta babestua da. Gizon bat neguak hondatutako hesia zuriz margotzen ari da. Gogorra baita negua han, eta elur denak ez dira ezkutatu oraindik. Point Amour Lighthouse. Ederra izena itsasargi batentzat. Ez dago han azkar gidatzerik, baina hori ote da kartel horretan dioena: Be Moose Alert. Altzeen alerta! Udaberria denez, herriraino jaitsita dabiltza altzeak. Bide bazterretik errepidera irteten dira ezustean goizean eta iluntzeetan. Haien adarrak dauzkate jarrita etxe atari batzuetan. Jateko ehizatzen dituzte. Gaitz erdi.

Altzeen alerta! Udaberria denez, herriraino jaitsita dabiltza altzeak. Bide bazterretik errepidera irteten dira ezustean goizetan eta iluntzeetan. Haien adarrak dauzkate jarrita etxe atari batzuetan.

Happy Valley 500 kilometrora. Egurra mozten eta kargatzen ari dira bi gizon. Trout River, eta amuarrainak. Kanadako banderak izeietan zintzilik. Pinware ibaiko urak aztoratuta eta marroi koloreko bitsetan datoz, urtzaldi betean. Untxiak adi errepidea noiz gurutzatuko —ez dute denek helburua lortzen—, eta bi hankan jarrita dauden karraskari horiek? Larre txakurrak dira.

Etxe hartan dagoena ez al da ikurrina bat? Egurrezko eraikin gorri bat ikusten da badiaren ertzean: Welcome to Red Bay. Bi uretara arbelezko teilatua. Leiho zuri bat ohol gorrien artean. Bi balea ditu marraztuak, zuri, gris eta beltz kolorekoak. Eubalaena glacialis ote? Euskal balea ere zerbaitengatik esaten zaio. XVI. mendean, urtero laurehun arrantzatzen zituzten han euskaldunek. Garairik oparoenetan, 30 ontzi eta 2.000 lagun joaten ziren hara Euskal Herritik, eta 20.000 upel betetzen zituzten balearen gantza urtu eta olio bihurtuz. Garai hartako industria aurreratu eta oparoenetakoa sortu zuten han euskaldunek. Olio hura baitzen Europako kaleak eta etxeak argiztatzeko erabiltzen zen erregai bakar eta preziatuena.

Egurrezko eraikin gorri bat ikusten da badiaren ertzean: Welcome to Red Bay. Bi uretara arbelezko teilatua. Leiho zuri bat ohol gorrien artean. Bi balea ditu marraztuak, zuri, gris eta beltz kolorekoak.

Eta erreparatu ur bazterrari: teila zati laranjak ikusten dira. Selma Huxley historialariak abiatu eta Parks Canadako kideek —Robert Grenier arkeologoa buru— egindako ikerketek argi egin arte ez zuten jakin teila zati horiek ematen ziotela izena Red Bay edo Badia Gorriari. «Euskal baleazaleek urtero ekartzen zituzten milaka teila euren ontzietan. Balearen gantza kobrezko pertzetan urtzen zuten, baina labe haiei teilatua zegoen eman beharra. Urte batetik bestera, teilak zartatu egiten ziren klimarengatik, eta badian barreiatuta gelditzen ziren», azaldu du Xabier Agotek. Are gehiago: «Garai hartan, teila jabetzaren sinbolo zen. Alegia, etxola haiek teila berriak jarrita berrituz, eurenak zirela adierazten zuten».

Red Bayko biztanleek oso ongi dakite hori. Wanita Stone hunkitu egin da euskal ordezkaritza herriko museora iritsi denean. Ikurrinak ditu marraztuak azazkaletan, eta ikurrinak ditu jarriak belarritako gisa ere. «Red Bayn hazitako guztiek egin izan dute jolas teila zati horiekin: elkarri bota, haiekin harkaitzak margotu... Orduan haurrak zirenak guraso dira orain, eta euren seme-alabek badute hemen gertatu zenaren berri. Zuen historia belaunaldiz belaunaldi transmititzen saiatzen gara; mundu guztiak ezagutu behar lukeen historia da». Red Bayko alkateordea da egun, baina hamabi urte egin zituen alkate karguan. Parks Canada erakundean egiten du lan, herriko museoan —Kanadako ondare kultural eta naturala kudeatzen duen gobernu erakunde oso garrantzitsu bat da Parks Canada—. «Alkate izan nintzen garaian hasi nintzen euskaldunei buruz ikasten, baina Parks Canadan hasi naizenetik, bihotza konkistatu didazue. Eta bihotza apurtzen dit jakiteak XVI. mendean horrenbeste euskaldun hona abiatu zirela, eta asko ez zirela bueltatu».

Wanita Jones.
Wanita Jones.

«Zuen historia belaunaldiz belaunaldi transmititzen saiatzen gara; mundu guztiak ezagutu behar lukeen historia da»

WANITA JONESRed Bayko alkateordea

Alkate zela, Pasaian (Gipuzkoa) egondakoa da Stone, senidetuta baitaude bi herriak. Iaz bueltatu zen, San Juan baleontzia uretaratu zutenean: «Ikusi nuenean, horren ederra, negarrez hasi nintzen. Ea datorren urtean, edo bi edo hiru urte barru hemen ikusterik dugun. Desiratzen nago, benetan». Eta museoari buruz zera dio: «Hemen ikusiko duzuena, horrenbeste denboran zuei buruz kontatzen ari garena da: euskaldunak zeintzuk ziren eta hemengo parte nola zareten».

Berritu egin dute museoko eskaintza. Loreta Decker da egungo zuzendaria: «Udaberrian bukatu genituen lanak. Oso proiektu hunkigarria da niretzat». Museoko lankideak aurkeztu ditu: «Galdetu lasai bertakoei. Inor gutxik daki haiek adina XVI. mendean Labradorren gertatu zenari buruz». Eta museoan eta Saddle Islandeko etxoletan erabili dituzten teilen istorioa kontatu du: «Espainiatik iritsi ziren teilak, hegazkinez. Baina honaino ekarri behar zituen kamioia hiru aldiz matxuratu zen bidean. Hurrena etortzen zaretenean, gauza gehiago ikusiko dituzue: hamakak, lapikoak... eta beste objektu asko. Pixkanaka joango gara dena osatzen». XVI. mendeko janzkera daraman emakumezko bat dabil jende artean. «Hemen topatu ziren jantziak oinarri hartuta diseinatu dugu harena: garai hartako merkatari bat da».

Loretta Decker.
Loretta Decker.

«Hurrena etortzen zaretenean, gauza gehiago ikusiko dituzue: hamakak, lapikoak... eta beste objektu asko. Pixkanaka joango gara dena osatzen»

LORETTA DECKERRed Bayko museoko zuzendaria

Saddle Island aipatu du Deckerrek, eta han dago euskaldunen hilerria: itsasoan bizia galdu zuten 140 euskal arrantzale daude han ehortzita. Eta han daude haiek balearen gantza urtzeko erabiltzen zituzten teilatudun labeen erreprodukzioak ere. Interpretazio zentro bat ireki dute berriki. Itsasoz iristen da hara —Penney Island eskuinetara utzita—, eta egurrezko pasabide batean barrena osatzen da bi kilometroko ibilbidea. Ezin da bidetik atera. Kaioak lurrean egindako habietan ari dira umatzen, eta mesfidati begiratzen diete bisitariei. Herdoilak jotako ontzi handi bat dago behea jota. Ez deskuidatu: ez da San Juan baleontzia, Bernier da, 1966an hondartu zen badian. Kanadako Davie ontziolan eraikitako zamaontzi fantasma bat orain.

Eta euskal baleazaleen omenez jarritako eskulturara iritsi baino lehen ikusten diren bi buia zuri horiek? «Horien azpian dago hondoratuta San Juan». Nork esan duen ere ezin apuntatu, emozioak jota. «Hor azpian?». Eta argazkiak buiari, eta argazkiak Red Bayri. Zenbat? Ehun? Plano egokienaren bila. Eta bai, hantxe dago San Juan: munduan gehien eta ongien ikertutako ontzia. Plastiko beltz batean bilduta, eta babestuta. Berriro Pasaiatik erreplikatuta iritsiko den ontzi bikiaren zain. 

Hunkigarria izan da hilerriko ekitaldia. Lore sorta bat eta Euskal Herritik ekarritako teila bat pausatu dituzte Eider Mendozak eta Xabier Agotek, hildako euskal baleazaleak ohoratzeko. Erakunde eta agintari guztiak izan dira han. Baita Red Bayko egungo alkate Eric Paul ere. «Historiak berak hitz egiten digu askotan. Euskal Herriaren eta Red Bayren arteko konexioa duela urte askokoa da, baina 70eko hamarkadara arte ez zuen inork horren berri izan. Zorionez, konexio hori topatu eta ikertu zuten, eta pozarren aritu gara geroztik itsas hondoan zer dagoen deskubritzen», azaldu du alkateak. Geroztik jaso duten arreta guztiarekin «apur bat gainezka eginda» ere egon direla onartu du, baina Euskal Herriarekin sortutako harreman hori estutzen jarraitu nahi dutela ere bai: «Dudarik gabe, harreman onuragarria da, turismoari esker. Eta ilusioz espero dugu San Juan ontziaren etorrera».

Eric Paul.
Eric Paul.

«Euskal Herriarekin sortutako harreman hori estutzen jarraitu nahi dugu. Harreman onuragarria da, turismoari esker. Eta ilusioz espero dugu San Juan ontziaren etorrera»

ERIC PAULRed Bayko alkatea

Cindy Gibbonsek ere parte hartu du ekitaldian. Urte askoan izan zen Red Bayko museoko zuzendaria, eta Parks Canadako kidea da. «Hau guztia oso garrantzitsua da Red Bayko komunitatearentzat, baina baita kanadarrentzat ere. Are gehiago, mundu osoarentzat da garrantzitsua, Red Bay Unescoren ondarea baita, eta guztion historia bihurtzen du horrek». Hondoratzea 1565ekoa izan arren, ontziaren aurkikuntza 1978koa da. «Geroztik, hainbat ikerlari, arkeologo eta historialari igaro dira hemendik, eta lan eskerga egin dute toki honen historia kontatzeko. Gurea oso komunitate txikia da, eta honek guztiak turismo industria bat sortzeko aukera eman digu. Ez bakarrik Red Bayn, baita Labrador iparralde guztian ere». Izan ere, bakailao arrantzaren gainbeherak asko eragin zion komunitate horri. «Arrantza izan da belaunaldiz belaunaldi bizirik irauteko bide bakarra hemen. Turismoaren industria salbamendurako tresna izan da komunitate horiek aurrera egin ahal izateko». Eta Gibbonsek dio Red Bay ikustera joaten den jendeak egiten duela komunitate hori bideragarri: «140 lagun inguru bizi dira hemen. Beraz, turismo gune hau ezinbestekoa da hemen bizi den jendearentzat. Gure belaunaldia honekin hazi da». Are gehiago: «Garenaren parte da hau, gure izaeraren parte, gure komunitatearen parte».

Cindy Gibbons.
Cindy Gibbons.

«Arrantza izan da belaunaldiz belaunaldi bizirik irauteko bide bakarra hemen. Turismoaren industria salbamendurako tresna izan da komunitate horiek aurrera egin ahal izateko»

CINDY GIBBONSParks Kanada erakundeko kidea

Eta gastronomiak ere batzen du jendea. Museoan bertan antolatu dute zintzur bustitzea, eta Ange Dumaresque sukaldariarena izan da aperitifa. Saint John’seko O’Reilly’s on George Street eta One Eared Goat jatetxeetako sukaldariburua da, eta euskal sukaldaritza eta Labradorkoa modu berezi eta ikusgarrian bateratzen dituelako da ezaguna paraje haietan: Chef Ange. Euskal sukaldaritza ikasi zuen Montrealen, eta Euskal Herrian ere izandakoa da bertakoa ezagutu eta ikasteko. «Maite dut bi herrialdeen arteko konexioa. Montrealean hasi nintzenean izan nuen horren berri, baina Euskal Herrira joandakoan berretsi nuen janariaren eta tradizioaren arteko harreman hori: nola bizi zareten, nola jaten duzuen eta nola ohoratzen dituzuen zuen osagaiak». Eta hala jarri ditu: etxean marinatutako izokina Ibarrakoak diruditen pipertxoekin, karrakela haragia piper saltsarekin.... «Saiatu naiz gure produktuak hartu eta zuenekin nahasten. Badakit zuen amek-eta piperra asko erabiltzen dutela». Esker onez mintzo da: «Zuek eta guk modu berean ikusten dugu janaria. Harrigarria da ikuspegi hori konpartitzea, eta, aldi berean, elkarrengandik horren urruti egotea. Beraz, eskerrik asko nire ikusmira zabaltzen laguntzeagatik».

Ange Durmaresque
Ange Durmaresque.

«Zuek eta guk modu berean ikusten dugu janaria. Harrigarria da ikuspegi hori konpartitzea, eta, aldi berean, elkarrengandik horren urruti egotea. Beraz, eskerrik asko nire ikusmira zabaltzen laguntzeagatik»

ANGE DUMARESQUESukaldaria

Eta arrantzak ere batzen ditu arrantzale herriak. Shena Fowler Red Bayko arrantzale baten alaba da: «Aitak 40 urte egin zituen arrantzale gisa, eta nire ontzi turistikoko kapitaina da orain. Euskal herritarren eta labradortarren bizimodua beti izan da arrantza», azaldu du. Whaler’s Quest Ocean Adventures izena du ontziak. Ez dago balearik garaiotan, baina icebergak bai. Ez galdu aukera. Ederra da ontziko bozgorailuetatik Txoria Txori entzunez milaka urte dituen izotz krosko urdinxka eta erraldoi bat inguratzea. «Maite dut nire lana: etxean eta uretan egotea. Askotan aritu nintzen aitarekin arrantzan, eta uretan jarraitzen dugu, baina gauza ezberdinak egiten ditugu orain: jendea eramaten dugu arrantza egitera, baleak eta icebergak ikustera, baina segitzen dugu sareak-eta konpontzen». Maiatzetik urrira egiten du lan ontzian. Iazko neguan Labradorko gobernuarentzat egin zuen lan, elurra kentzen. Egin izan ditu pare bat negu Australian. Eta Kanadako urre meatzeetan ere lan egindakoa da.

Shina Fowler.
Shena Fowler.

«Askotan aritu nintzen aitarekin arrantzan, eta uretan jarraitzen dugu, baina gauza ezberdinak egiten ditugu orain»

SHENA FOWLEROntzi turistikoaren arduraduna

Hiru masta eta lau bandera daude jarrita elizaren aurrealdean: Unescorena, Kanadakoa, eta Labradorkoa eta ikurrina masta berean elkarrekin. Xehetasun bat baino ez dena metafora bihurtzen da askotan. Philipe Earl Labradorko ordezkaria da Kanadako Parlamentuan. Euskal ordezkaritzaren gidari eta sorosle izan da bidaian. Jakin du ordezkaritzako kide baten aitona bakailao arrantzan aritu zela Ternuan. «Hotzikara eragiten didate halakoek. Kanadarrek eta euskaldunek antzekotasun asko ditugu, baina adiskidetasun sendoak sortzeko dugun gaitasuna nabarmenduko nuke». Batari eta besteari kontatu die Earlek aitona arrantzalearen istorioa, eta horrekin abiatu du Red Bayn agintari eta eragile guztiekin egindako bileran eman duen hitzaldia. «Ikusi dituzue herri txiki honetan zuen ikurrinak dantzan. Harro aldarrikatzen dute konexio hori. Etorri zarete, gurekin lanean ari zarete, ondare konpartitu bat daukagu, eta horren gainean eraiki behar dugu dena».

Ze ederrak diren malkoak benetakoak direnean, eta ur uherrak gardentzen direnean. Urperatzeak besarkada bihurtzen direnean, oroiminez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA