Agendaren estuak ez ditu ito eta Kanadaren basak ez die etsiarazi. Helburuak beteta bueltatu direla nabarmendu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Albaolak. Elkarrekin antolatutako «misio» ekonomiko, kultural eta historikoa «arrakasta handikoa» izan dela diote, eta txalotu egin dute Kanadako Gobernuak San Juan ontziaren hurrengo bidaia elkarrekin prestatzeko agertu duen «konpromisoa».
Bi zatitan banatutako bidaia instituzionala egin dute. Lehenengo zatia ekonomikoa izan da: Sherbrookeko DistriQ berrikuntza kuantikoaren gune nagusira egindako bisita izan zen bata, eta Torontoko CDL Super Session topaketara egindakoa bestea —Donostian sortutako Multiverse enpresa ere bisitatu zuten han—. Bigarren zatia, historikoa eta kulturala: Ottawako Komunen Ganberara egindako bisita, eta gobernuko zortzi ministrorekin eta lehen nazioen ordezkariekin egindako bilera izan zen bata, eta Red Bayra egindako bisita izan da azkena: euskal baleazaleen memoriari egindako aitortza, hango gune historikoa ezagutzeko aukera, eta herritarren harrera.
Litekeena da 2028an izatea
Red Bayn bertan egindako azken bilera horren ostean, Philipe Earl Labradorko parlamentariak jakinarazi zuen bere gobernuak batzorde bat sortuko duela euskal erakundeekin batera elkarlanean aritzeko, eta San Juan ontziaren bidaia «maiestatetsuari» harrera egiteko. Datozen asteetan sortuko dute batzorde hori, administrazio prozedurak-eta bizkortzen hasteko. Euskal ordezkaritzak Kanadan egin dituen bilera horietan guztietan ez du inork datarik zehaztu: ez kanadarrek, ezta euskal herritarrek ere. Euskaldunak etxera bueltatu berritan, ordea, Keith Pike politikariak —Red Bayko kudeatzailea da, besteak beste— CBC irrati publikoan jakinarazi du 2028a izango dela San Juan ontziaren erreplika Kanadara iristen denerako. Denbora eskatu du «barne logistika» guztia ongi atontzeko, eta «erabat prestatuta» egoteko: «Jende asko espero dugu». Horren pareko azpiegitura behar dute, eta Red Bayko kaia berritzeko lanak, esaterako, geldirik eta aurrekonturik gabe daude.
Bada afera honetan datei buruzko halako borroka bat: San Juan ontziaren eraikuntzari buruzkoa lehenengo, uretaratzeari buruzkoa hurrena, eta egingo duen bidaiari buruzkoa azkena. Albaolako kideek behin eta berriz diote erabat «artisaua» dela euren jarduna. Alegia, ezin zaiola XVI. mendeko egiteko moduari XXI. mendeko presarik ezarri.