«Bagenekien han zer edo zer egongo zela, kostan, lumera —balea koipea— egosteko euskaldunen labeen arrastoak zeudelako. Oñatin topatutako agiriek ez zuten lekurik zehazten, baina ontzi honetan, euskaldunen historia eder honetan, dena ondo atera zen, erraz. Astelehena zen, lankide batek hondakin batzuk ikusi zituen goizean. Eguerdian neu jaitsi nintzen, eskua mugitu nuen mago batek bezala, hondarra kentzeko: barrika pusketak agertzen hasi ziren. Eskularrua kendu nuen, ura zero graduan egon arren, eta koipe antzeko bat sumatu nuen barriketan». Horrela kontatu zion Robert Grenierrek (Trois-Rivieres, Quebec, 1938-2026) BERRIAri 1978. urtean egindako aurkikuntza: San Juan baleontzia zen Kanadako Red Bayko ur hotz haietan zegoena.
Grenier izan zen baleontziaren indusketa lanen arduraduna eta sustatzailea. Itsaspeko arkeologian erreferentziazkoa izan da nazioartean, eta hainbat ikerketa egin eta zuzendutakoa da. Albaola Itsas Kultur Faktoriak eman du goizean haren heriotzaren berri: «Gure esker ona eta aitortza adierazi nahi diogu Robert Grenierren ekarpen erabakigarriari, itsas historia unibertsaleko kapitulu garrantzitsuenetako baten ezagutza berreskuratzeagatik. Halaber, gaur San Juan berriro existitzea posible egin duen proiektuaren jatorrian izan duen paper garrantzitsua ere nabarmendu nahi dugu. Albaolak pena handiz jaso du albistea, batez ere, aliatu eta lagun maite baten galera izan baita».
Grenierrek 2011n hartu zuen erretiroa, Parks Canadan 40 urte baino gehiago eman ondoren, urpeko kultura ondarearen ikerketan. Euskal Herrira askotan etorri zen, eta gertutik egin zien kasu San Juan baleontziaren erreplikaren lanei. 2015ean, San Juan-en aitabitxi izendatu zuten. Joan den azaroaren 7an, erreplika uretaratu zuten egunean, ez zuen Pasaian (Gipuzkoa) egoterik izan, ordurako osasunez pattal zegoelako. Haren emazte Caroline Marchandek jaso zituen loreak eta omenak Grenierren izenean. Eta emazteak busti zuen sagardoz ontziaren kroskoa uretaratu aurretik ere.
Horrela zioen duela hamar urte egindako elkarrizketa haren amaieran: «Euskaldunek sekulako gauza ederrak egin dituzte munduan, baina inoiz ez dizkiete aintzat hartu. Baina igartzen da: San Juan ontzi honek karma ona dauka, garaile karma». Bidaia on, Grenier.