Ondarea, museologia, turismoa, azoka, lehiaketa... eta, guztiaren oinarrian, sagarra. Euskal Herrikoa bertakoa eta kanpokoa. Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, VI. Sagardo Foruma egingo dute, gaurtik larunbatera, Gipuzkoako hainbat tokitan; Astigarragan eta Donostian izango dira ekitaldi nagusiak. Sagarrari, sagardoari eta turismoari buruzko nazioarteko ekitaldia da. Astigarragan, Erribera kulturgunean eta Alorrenea sagardotegian izango dira saioak, eta Donostian, Kursaal jauregian, Basque Culinary Centerren egoitzan eta LABe jatetxean. Bi txango ere egingo dituzte: bata Ezkioko Igartubeiti baserrira —gaur arratsaldean—, eta bestea Euskal Kostaldeko Geoparkera, Zumaiara —bihar arratsaldean—.  Â
Sagarrari, sagardoari eta turismoari buruzko jardunaldi teknikoak egingo dituzte gaur eta bihar, egun osoz. Ondarea, museologia, turismoa, sagarra eta sagardoa hezkuntzarako eta komertzializaziorako tresna gisa, horixe izango dute hizpide. «Ondarea eta museologia dira aurtengo berritasunak», zehaztu du Leire Alkorta Sagardoaren Lurraldeko gerente eta VI. Sagardo Forumaren zuzendariak. «Batetik, sagardotegiak eurak, izatez, badira sagardoarekin lotutako ondarearen isla bat, baita museo txikiak ere; bestetik, Dolareak proiektua ere jarri berri du martxan Astigarragako Udalak. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun bi alor horiek ezagutaraztea». Sagardo dolare zaharrak lehengoratzea eta zaharberritzea, hezkuntzaren bidez zurgintza tradizionala ikasle gazteei helaraztea, eta, hezkuntza programa eleaniztun baten bidez, Euskal Herriko mugaz gaindiko lankidetza indartzea dira Dolareak proiektuaren helburuak.Â
Alor teknikoa bakarrik ez
Neurri handi batean, sagarraren sektoreko adituentzako dira jardunaldi teknikoak. Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea, Jabier Lekuona Peio Martikorena fundazioko arkitektoa, Ibon Telleria EHUko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslea eta Josue Susperregi Arkeolan fundazioko laborategiko arduraduna izango dira hitza hartzen lehenak. «Baina Paolo Spagnolo suitzarra ere, Ripolgo museo etnografikoko arduraduna, gurean izango da, adibidez», zehaztu du Alkortak. «Eta Euskal Herriko, Asturiasko, Kataluniako eta Frantziako beste hainbat hizlari ere izango dira, eta sagardoa, sagarra eta gazta izango dituzte oinarri».Â
Hizketara eta entzutera bakarrik ez dute mugatuko, ordea, hiru eguneko saioa. Izan ere, besteren artean, Nazioarteko Sagardo Lehiaketa ere egingo dute gaur, 15:00etan, eta irekierako afaria izango dute Donostiako LABe jatetxean, 20:30ean; txotx erritu afaria egingo dute bihar, 20:30ean, Astigarragako Alorrenea sagardotegian; eta Nazioarteko Sagardo Azoka etzi, Donostian, Basque Culinary Centerren. «Bertako eta nazioarteko ehun sagardo baino gehiago dastatzeko aukera egongo da». Azokan bertan, bi dastaketa ere egingo dituzte: 12:00etan, alkoholik gabeko sagardoak probatzeko aukera izango dute, eta 18:00etan, sagardo bermutak dastatu ahal izango dituzte.
Alkortak argi utzi du Sagardo Foruma «oso baliagarria» dela «harremanak sortzeko eta hausnartzeko espazio bat izateko. Beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ere ematen digu jardunaldi honek». Sagardoaren Lurraldeak «sagardoaren kultura bere osotasunean» ezagutarazi nahi du nazioartean. «Eta kanpoan egiten ari diren hori ere ezagutu nahi dugu». Dibertsifikazioa buruan, etorkizunera begira sagarrari zukua ateratzen jarraitzeko.