Euria bai, euria ez. Putzuen gainean salto-saltoka, aurtengo lemak dioen moduan. Horrela dabiltza gaur goizetik Elgoibarren (Gipuzkoa), 49. Kilometroen jaian. Eguraldia ez da oztopo izan milaka lagun elkartzeko eta egitarau oparoa aurrera eramateko. Hala, urte osoko lana borobildu dute Elgoibar ikastolako kideek.
Hasiera ekitaldian hitza hartzen lehenengoa Olatz Astigarraga izan da, ikastolako lehendakaria. Azpimarratu du Kilometroak ez dela egun bakarreko jaia, urte osoko lanaren emaitza baizik, eta euren helburua dela «euskararen eta herrigintzaren aldeko indarra elikatzea»: «Horretarako, elkarlana eta euskararen erabilera izan dira oinarriak. Ez dugu nahi bakarrik euskararen alde egotea, baizik eta jende gehiagok eta gehiagotan euskaraz egitea».
Jarraian hitz egin du Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak. Kilometroek eta antzeko proiektuek komunitatea sortzeko duten ahalmena nabarmendu du hark, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin duen bezala.
Ikusi gehiago
Gainera, jaian oso presente egon da Gazaren aldeko aldarria, eta hura hizpide izan dute alkateak eta Aitor Elizaranek, Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak. Hark gogorarazi du Kilometroak aldarrikapenerako espazio bat ere badela: «Komunitate herrikoia, kooperatiboa eta prestatua gara: ikasleak, familiak, lankideak eta ikastolazaleak... Euskal Herri osoan gaude, saretuta gaude, eta antolaketa horizontala dugu; elkarlana eta elkartasuna dira gure ezaugarriak».
Euskara, aniztasunez
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere hartu du hitza. Esan du «interkulturalitatean eta aniztasunean oinarrituta besarkatu» behar dela euskara, eta hori dela hezkuntza sistemak datozen belaunaldiei egin diezaiekeen ekarpenik handiena. Euskara biziberritzearen alde lan egiteko deia ere zabaldu du.
Ikastetxeek gizartea euskalduntzeko lanean daukaten garrantzia nabarmendu du sailburuak, «horiek baitira euskara hedatzeko tokirik eraginkorrenak». Horregatik, esan du beharrezkoa dela erakundeek eta ikastetxeek elkarlanean jarraitzea, hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzeko eta euskara sustatzeko.
Ikusi gehiago
Hasiera ekitaldiaren ostean, omenaldietarako tartea izan da. Elgoibar ikastolak omenaldi hunkigarria egin dio Maritxu Loiolari —ikastolaren sorreran lanean jardun zuen—, baita Aspanogi elkarteari ere. Eskerrak eman dizkiete DYAri eta Gurutze Gorriari ere, urteetan jaiari emandako laguntzagatik.
Ekitaldia bukatzeko, Lazkaoko ikastolari pasatu diote lekukoa, hark antolatuko baitu Gipuzkoako ikastolen 50. jaia. 1977. urtean Lazkaon eta Beasainen egin zen festa, eta 2006. urtean antolatu zuten Lazkaon azken aldiz.
Egitarau oparoa
Egunean zehar, ikastolan bertan, hainbat musika ikuskizun izan dira, hala nola Ene Kantak, Asgarth eta Go!azen. Gune horretan puzgarriak, elikadura tailerrak eta BERRIA txokoa ere izan dira.
Aita Agirre plazako gunean ere musika ikuskizunak izan dira nagusi: Heitxi, Ehun Kilo eta, arratsaldean, Janus Lester.
Kalegoen plazan, herri kirolak bertsolariekin uztartu dira, goizean; Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña aritu dira eguerdian; eta, arratsaldean, Itzal taldearekin erromeria giroa nagusitu da. Bengoren ostean, Trikidantz taldeak segitu dio musikaren hariari.