Salto euskarara eta salto komunitatea trinkotzera. Bi helburu horiekin jardun dute aurten Elgoibar ikastolan, Kilometroak jaia antolatzeko ardura hartu zutenean gogoeta egin ostean. Horri lotuta, Salto-saltoka ibili dira urte osoan, eta urteko lana gaur borobildu nahi dute. Bertaratzeko deia egin diete euskaltzaleei, festa giro oparoan euskararen bueltan ongi pasatzeko. Adin eta gustu guztietarako egitaraua ondu dute horretarako.
Kilometroak jaiaren lekukoa hartu orduko, komunitatean egin zituzten batzarretan, euskararen inguruan uste bat zabaldua zela ondorioztatu zuten: euskaraz dakiten askok ez dutela erabiltzen. Hori ondorioztatu zuten iaz Kilometroak antolatzeko ardura hartu ostean ikastolako guraso, langile eta komunitatekideek egindako batzar irekietan. Hain zuzen, horregatik erabaki zuten urtea bi helburu jakinetan ardaztea: euskarara salto egitea eta komunitatea gehiago trinkotzea, elkar ezagutzea eta harremanak estutzea. Iera Larrañaga aurtengo Kilometroen koordinatzaileak azaldu du: «Helburua izan da salto egitea euskararen erabilerara eta salto egitea komunitatea trinkotzeko». Urte osoan egin dituzten ekinaldiak ere horri begirakoak izan dira.
Horrenbestez, Salto-saltoka lelora iritsi ziren. Eta leloarekin batera, irudia josi zuten. Aurtengorako diseinatutako irudiak sokak erakusten baititu, soka sorta bat, elkarrekin. «Salto egiteko eta denak batera lotzeko sokak erabiltzea izan da asmoa», zehaztu du Larrañagak.
Erabilera urria
Nahiz eta euskaraz jakin familia askok, erabilera oso urria dutela azaldu du Larrañagak: «Helduek pentsatzen dute asko erabiltzen dutela, baina gero, haien egunerokotasunari buruz galdetu eta arreta jarriz gero, jabetzen dira umeekin bakarrik erabiltzen dutela». Uste dute helduek izan behar dutela eredu, eta horregatik jarri nahi izan dute fokua helduengan.
«Helduek pentsatzen dute euskara asko erabiltzen dutela, baina gero jabetzen dira umeekin bakarrik erabiltzen dutela»
IERA LARRAÑAGA Kilometroetako koordinatzailea
Kilometroak guztietan sortu ohi dute kanta bat, eta aurten ere heldu diote erronkari. Eneko Beretxinaga ikastolako bertso eskolako irakasleak eta Ainhoa Mendibilek ondu dituzte hitzak, eta Aitor Nova ikastolako gurasoak jarri dio doinua. Jone Arriolak zuzendu du bideoklipa, eta kantak eta irudiek ondo asko jasotzen dute aurtengo ardatza. Hain zuzen, euskarara salto egitekoa, komunitatea trinkotzeko ideiarekin batera. Helduak agertzen dira nagusiki, gainera, sokasaltoan ari direnen artean, eta amaieran agertzen dira haurrak, elkarrekin jolas daitezkeen galdezka.
Magoa BERRIAÂ txokoan
Egitarau oparoa ondu dute egun osorako, goizean goizeko dianarekin hasita. Ikastolako txarangarekin hasiko da, 09:00etan, ikastolan bertan.
Hainbat musika ikuskizun izango dira gune horretan, hala nola Ene Kantak, Asgarth eta Go!azen. Gune horretan, egun osoan, puzgarriak, elikadura tailerrak eta BERRIA txokoa ere izango dira. Asier Kidam magoa izango da BERRIA gunean.
Aita Agirre plaza izango da bigarren gunea, eta hor ere musika ikuskizunak izango dira nagusi: Heitxi, Ehun Kilo eta, arratsaldean, Janus Lesterren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da.
Kalegoen plazan egongo da hirugarren gunea, eta hor herri kirolak bertsolariekin uztartuko dira, 10:30ean hasita. Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña arituko dira bertsotan.14:00etatik aurrera, Itzal taldearekin erromeria giroa nagusituko da, eta Bengoren ostean Trikidantz taldeak segituko dio musikaren hariari.
Gune guztietarako landu dute ikuspegi feminista, jasangarritasuna eta euskararen erabilerarako dekalogoa.
Ikuspegi feminista jorratzeko, propio sortu duten batzordean urte osoan jorratu dituzten prebentzio eta kontzientziazio lanak, eta horretarako formakuntzak egin dituzte. Formakuntza horietako batzuk bideratu dituzte Kilometroak egunean bertan protokoloa behar bezala bete dadin bermatzeko. Hiru gune more izango dira, eta koordinazio gune nagusia ikastolan egongo da.
Gune guztietan egongo da jatekoa eta edatekoa, eta antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute, Lurraldebus eta Euskotrenen bidez. Gainerakoan, aparkalekuak prestatu dituzte.