San Fermin: kondairaren lanbro artetik sortutako debozioa

Historialarien arabera, San Ferminen kultuak ez du oinarri historikorik. Ustez Iruñean sortu bazen ere, kristautasuna ezarri zeneko lehen mendeetan ez zen gurtu, eta haren erlikiak ia mila urte geroago iritsi ziren Iruñera estreinakoz.

San Ferminen irudia. BERRIA
joxerra senar
Iruñea
2025eko uztailaren 7a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Uztailaren 7a, San Ferminen egun handia. Bestondoaren ondorioz, askori oharkabean igaroko zaie, behin jaien gurpil zoroa abiatu den honetan. Beste iruindar batzuentzat, baina, santu beltzaranari debozioa erakusteko eguna da. Miresmen horren isla dira lepokoak eta eskumuturrekoak, zapiak, kamisetak... Belaunaldiz belaunaldi iragan den usadioaren traza du, baina tradizioek tranpa bat izan ohi dute: gauzak beti horrela izan diren irudipena ematen dute. 

Izan ere, kondairaren lanbro artean galtzen da Fermin izeneko erromatarraren istorioa. Legenda horren arabera, Euskal Herrian kristautasuna iritsi zeneko garaian bataiatu zen, Pompaelo zaharrean. Kontrara, historiografiak oso argi utzi du hori asmakizun hutsa dela. Baskoien lurraldean erlijio berria errotu zeneko aldian, lehen santuen izenen artean ez zegoen San Fermin. Alderantziz, haren hezurrak ia mila urte geroago etorri ziren Iruñera, eta orduan hasi zen gaurdaino heldu den debozio kartsua.

Azken mende erdian, historialariek oso argi utzi dute hori: hala nola Jose Maria Jimeno Juriok, Jose Goñi Gaztanbidek eta Roldan Jimenok. Azken horrek 2003an Pamielarekin argitaratutako Orígenes del cristianismo en la tierra de los vascones liburuak —kristautasunaren jatorria baskoien lurraldean— informazio ugari ematen du.

Zer dio kondairak?

Tolosako gotzain Done Saturdik Hispania iparraldean predikatzera bidali zuen bere laguntzaile bat, Honesto izenekoa, III. mende amaieran, oraindik ere erromatarrek kristauei jazartzen zieteneko garaian. Iruñera joan zen. Bertan bizi zen Firmo izeneko jauntxo aberats bat, hiriko gobernadore eta senatari. Egun batez, sendi osoa Jupiter jainkoaren tenplura bidean zihoala, Honesto entzun zuten superstizioen aurka predikuan. Erlijio berri hura ezagutu nahi zutela esan zioten. Hura Tolosara joan eta Saturdi maisuarekin itzuli zen. Haiengana gerturatu ziren guztiak bataiatu zituzten, iturburu batean. Pozo Blanco izena hartzen du egun, Done Saturdiren elizaren parean, eta hala dio bertako inskripzioak: «Hemen datza iturria, eta, tradizioaren arabera, hemen bataiatu zituen Done Saturdik hiriko lehen kristauak». Horietako bat izan zen Fermin. Istorio hori aspalditik sinetsi izan da Iruñean, historialariek gezurtatu arte.

Nor zen Fermin?

Firmoren semerik zaharrena zen, eta 272. urtean jaio zen. Kristau bihurturik Honestok hezi zuen, eta Iruñea inguruan ibiltzen zen predikatzen hura ere. 24 urterekin joan ei zen Tolosara, ordurako Saturdi gotzaina martiri bihurturik zela. Roldan Jimenoren arabera, kontakizunak ez datoz bat non ordenatu zen apaiz: Iruñean bertan edo Tolosan, Okzitanian. Iruñeko tradizioaren arabera, hiriko gotzain izan zen. Dena dela, 31 urterekin, ondasunak banatu, Pirinioak zeharkatu eta Akitanian ibili zen predikatzen lehenik, eta egungo Frantzia iparraldera jo zuen, Amiens hiriraino gero. Bertako gotzain egin zen. Hango agintari Valerianok jainko erromatarrak gurtzeko eskatu zion, eta, agindua bete ez zuenez, atxilotu eta burua moztu zioten. Valeriano hiriko agintariak gorputza zatikatzeko agindu zuen. 

Zer erlazio dago Fermin eta Saturdiren artean?

Biak dira hiriko patroi. Batak Iruñea kristautu zuen, eta besteak Iruñea zuen sorburu. Done Saturdi oso gurtua da egun Frantziako makina bat tokitan, eta San Ferminen martirioa Iruñetik oso urrun jazo ei zen, Amiensen. Jimenoren arabera, bi pertsonaien kontakizuna «kontraesanez beteriko hodei ilun bat» da.

Noiz iritsi zen kristautasuna Euskal Herrian?

Ebro eta haren ibaiadar nagusiek ardatz gisa garrantzi handia izan zuten zabalkundean, garai hartako baskoien lurraldean. Historialarien arabera, III. mende aldera iritsi zen erlijio berria, hegoaldetik. Ez zen prozesu azkarra izan, ezta homogeneoa ere. IV. mende amaierarako hedapen zabala lukeela ondorioztatu dute historialariek. Ebroren ardatzean topatutako ikur kristauak lirateke froga. 

Eta Iruñean?

III. mendean hasi ziren inbasioak, eta kondairako Fermin bizi zeneko urteetan hiria suntsitua izan zen, III. mende amaieran. Asko kostatu zitzaion leheneratzea. Ezegonkortasun handiko garai nahasia da. Jimenoren arabera, oso zail dute historialariek orduko datuak lortzea. Hiria harresietan bildua zegoen, eta horrek zaildu zezakeen ebanjelizazioa. IV. mende amaiera aldera bihurtu zen kristautasuna inperioaren erlijio ofizial, eta historialariek ez dakite bien arteko interes gurutzatuek nola eragin zuten garai hartako Pompaelon. Alta, inperioaren amaiera aldera, tokiko boteredunak kristauak zirela egiaztatu dute.

Noiz sortu zen elizbarrutia?

Historialarien artean ere ez dira guztiz ados jartzen, IV. mende amaieran, V. mendean edo VI. mendean —are: bada geroago izan ote zen zalantza duen historialaririk—. Roldan Jimenok defenditzen duen tesia da IV. mende amaieran Iruñean zegoela inguruko barruti baten eliza nagusia, Pirinioetan garai hartan indarrean zen eskemari jarraituz. Dokumentaturik den lehen gotzaina Liliolo deitzen zen. Toledon (Espainia), bisigodoen erreinuan, egin zen III. Kontzilioan parte hartu zuen, 589an. Urte haietan, gotzain iruindarrek oso gutxitan parte hartu ohi zuten kontzilioetan, eta historialariek uste dute arrazoi militar eta politikoen ondorio izan litekeela.    

Nor gurtzen zuten lehen kristau haiek?

Roldan Jimenok lehen mendeetako tenpluak ikertu ditu. Kontuan harturik VIII. mendetik aurrera musulmanek baskoien lurraldearen zati bat konkistatu zutela eta gerora Erdi Aroan normandiarrek tenpluak arpilatu zituztela, haien eragina iritsi ez zen lurraldeko eliz eta baselizak aztertu ditu. Gehienak Bibliako santu eta ikur nagusiei daude dedikaturik: Jesu Kristo, gurutze santua, ama birjina, Done Petri, San Paulo, Done Eztebe lehen martiria, Joan Bataiatzailea, San Andres...

Hispaniako lehen martiriek oso presentzia txikia izan zuten baskoien lurraldean; aldiz, Done Mikel goiaingeruaren omenezko tenpluak ugariak ziren Iruñearen inguruko ibarretan eta Sakanan (Nafarroa). San Julian, Santa Eugenia eta Done Saturdiren gurtzea VIII. mendea baino lehentxeago iritsi zitezkeela dio Jimenok, Frantziatik etorri zirela. Horrek esan nahi du Done Saturdiren kultua berandu heldu zela Iruñera, eta lehen mendeetan ez zela San Fermin gurtzen. Guztiz harrigarria, baldin eta tradizioaren arabera Iruñean sortutako santua bazen. 

Noiz hasi ziren San Fermin gurtzen Iruñean?

XII. mendean; hots, santua jaio eta ia mila urte geroago. 1186ko urriaren 10ean, Artaxoako Petrik, garai hartako gotzainak Amienseko Teobaldo Helly gotzainak emandako burezur zati bat lortu zuen eta San Ferminen erlikia gisa gurtu. Horregatik, hurrengo lau mendeetan urrian ospatzen ziren sanferminak, baina 1590ean uztailaren 7ra aldatu ziren ospakizunak. Dokumentatua dagoenez, 1217tik, gutxienez, Iruñeko katedralen kultua eman zaio. Halaber, 1300. urtetik ospatzen zen festa bat zortziurren berezi batekin —zortzi eguneko elizkizun bereziak, alegia—. XIV. mende amaiera aldera ireki zitzaion kapera San Lorenzo elizan. Hain justu, gaur egun kapera horretan dute gordea haren irudia. Mende guztiotan, sei hezur zati heldu dira Iruñera —azkena, 1941ean—.

Nondik dator kondaira?

1264an, Jacopo della Voragine dominikarrak santuen bizitzari buruzko Legenda aurea (Urrezko legenda, euskaraz) idatzi zuen, eta 234. atala San Fermini dedikatu zion. San Ferminen kultua Amiensetik dator, eta, behin haren erlikia lorturik, kontakizuna nafartu egin zen ondorengo mendeetan: kristautasuna errotu zeneko garaian kokatu zituzten San Fermin zein Done Saturdi. Orreagako (Nafarroa) Garci Lopezek XV. mende hasieran idatzitako kroniketan idatzi zuen Done Saturdi Done Petriren dizipulu zela eta San Fermin Honestok bataiatu zuela. Ondorengo urte eta mendeetan kontakizuna aldatuz joan zen, gaurdaino iritsi den istorio kolektiboa osatu arte. Iruñean eta Amiensen haren figura oso estimatua bada ere, historiografia ados dago haren istorioa «elezaharretakoa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.