'San Juan'-ek badu supazterra ere

Baleontziko sukaldea piztu dute lehen aldiz. Elkano jatetxeko Aitor Arregik Getariatik ekarri du etxeko sua kriseilu batean, eta Carlos Ibañez Antzingo ikazkinak artearekin egindako egur ikatza. Ontziak badu brasa goxodun sutondo bat, bidaiarako.

Aitor Arregi eta Xabier Agote, 'San Juan' baleontziko sukaldea pizten, atzo iluntzean, Pasaian. ALBAOLA
Aitor Arregi eta Xabier Agote, 'San Juan' baleontziko sukaldea pizten, atzo iluntzean, Pasaian. ALBAOLA
enekoitz telleria sarriegi
Pasaia
2026ko ekainaren 12a
09:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batel batean iritsi dira. Xabier Agote ari da arraunean, eta Aitor Arregi ari da kriseilua zaintzen. Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) kaian dago San Juan baleontziaren erreplika atrakatuta. 19:00etako kanpaiak jo dituzte San Pedro elizan. Entierro bat dago. Agotek lotu du batela ontzira, eta soka bati helduta igo da. Atzetik dator Arregi. Ontzigainean egin dute topo, eta euskal baleazaleen larruzko jantziak jarri dituzte, duela hogei urte Apaizac Obeto espedizioan erabilitako berberak. Ontziko «sukaldari aitabitxi» izendatu du Agotek Arregi. «Zuk zeneukan su hau piztu beharra», esan dio Albaolakoak Getariako (Gipuzkoa) Elkano jatetxeko sukaldari eta lagunari. «Gure etxeko sua da; baina gu denon etxeetakoa ere bai», esan du Arregik parrilla artean kriseiluko kandelatxoa atera eta brasa pizteari ekin aurretik. San Juan-ek badu orain supazter goxo bat ere, Red Bayra egingo duen bere bidaiarako.

Sukaldea badelako ontzi batean elikagaiak prestatzeko gune bat baino zerbait gehiago: bada erdigunea, bada elkargunea, eta bada supazterra. Baina jatorrizko San Juan ontziarena nolakoa ote zen ez du inork jakin. Agotek esplikatu du hori: «Eraiki dugun erreplika guztia ebidentzia arkeologikoetan dago oinarrituta, baina sukaldearen ebidentziarik ez du inork topatu. Dokumentu zahar batzuetan oinarrituta dakigu toki honi tximinia esaten ziotela, eta uste dugu sukaldea horko hutsune horretan zegoela. Elkanoren legatuan oinarrituta jarri dugu horrela». Eta azaldu du Juan Sebastian Elkanok 1526an egindako testamentuaren historia: nola utzi zituen Ozeano Barearen erdian hil urren zegoela hiru parrilla, hiru burruntzi eta hiru zartagin bere ondorengoentzat. «Gizon hura munduko proiektu politiko eta ekonomiko garrantzitsuenetan zebilen, baina bere testamentuan hori utzi zuen idatzita. Hortik kontuak atera zer garrantzi ematen zion sukaldeari». Testamentu hartan agertzen da lehen aldiz euskal marinelen parrillen aipamena. Albaolakoek azaldu dute sutegi haiek egur ikatzarekin funtzionatzen zutela, eta eguraldiak horretarako aukera ematen zienean pizten zituztela. Arrantzale haiek oalla esaten ei zieten. XX. mendearen hasierara arte erabili zituzten, sistema modernoagoek ordezkatu zituzten arte, baina gaur egungo ontzietan ere erabiltzen dira oraindik parrillak, bereziki hegaluzea eta bonitoa arrantzatzen dituzten euskal ontzietan.

Agote eta Arregi, 'San Juan' baleontzira igotzen. ALBAOLA
Agote eta Arregi, 'San Juan' baleontzira igotzen. ALBAOLA

Arregik lurraldeko sukaldari guztien izenean piztu nahi izan du sua. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Andoni Luis Aduriz, Gorka Txapartegi, Roberto Ruiz, Pablo Loureiro, Javi Rivero eta Gorka Rico. Elkano jatetxeko arduradunak azaldu du aitona arotza zuela, Amezketakoa (Gipuzkoa), eta argizaiolak egiten zituela. «Elizan jartzen ziren argizaiolak, bakoitzak bere etxeko hildakoak oroitzeko. Eta sua ere bakoitzak ekartzen zuen bere etxetik; gaur bezala».

Xehetasun guztiak zaindu zaleak dira Albaolakoak, eta ikatza bera «opari bat» dela esan du Agotek: «Nafarroatik datorren opari bat da, eta Carlos Ibañezek ekarri digu, Antzingo ikazkinak. Ofizio zahar horri lotutako ezagutza gordetzen duen artisau bakanetako bat da». Eta aurreratu du bidaian eramango duten egur ikatza ere Antzingoa izango dela, auzolanean egingo dutela, eta Gipuzkoatik Nafarroara joango direla. Ibañezek azaldu du artearekin egindako ikatza dela: «Ez dadila ofizioa gal». Ezta supazterraren epela ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA