Iruñeko Alde Zaharreko karrikak normalera itzuli dira apurka. Goizean billabesaren entzierroa egin dute jaia luzatu nahi izan duten ehunka lagunek, baina kalean doazenek armairuan gorde dituzte arropa zuri eta gorriak.
Ikusi gehiago
Iruñeko Udalak jaien lehen balorazioa egin du Kondestablearen jauregian egindako prentsaurreko batean. Joseba Asiron alkateak azpimarratu du partaidetza handia izan dela, eta, horren erakusle, milioi bat eta erdi lagunek parte hartu dute jaietako ekitaldietan. «Giro ona, errespetua eta udalak antolatutako ekitaldietan parte hartzea izan dira nagusi», goraipatu du. «Beste behin ere, pertsona guztientzako jaiak izan dira, eta bizikidetza nagusitu da beti jaiak bizi dituztenen eta lehen aldiz datozenen artean, txikienen eta adinekoen artean», gaineratu du.
Orban handi bat dago, baina: sexu erasoak. Zaloa Basabe Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Euskarako zinegotziaren arabera, 28 sexu eraso izan dira orotara jaietan: «intentsitate handiko» bi —ostiral goizaldean Estafeta kalean izandako bortxaketa eta larunbatean Gaztelugibelean gertatutako bortxaketa—, eta eraso saiakera bat. Gainerako 25 kasuak emakumeek salatutako ukituak dira.
Basabek azaldu du salaketa kopurua «iazkoaren antzekoa» dela, baina uste du «gero eta kontzientziazio handiagoa» dagoela jaiak «aisialdirako eremu seguru izan daitezen». Hala, emakume batek ukitu bat salatzen duenez, «herritarrek ez dute beste aldera begiratzen» eta erasotzailea atxilotzen laguntzen dute. Aurten, 21 erasotzaile atxilotu dituzte festetan, tartean bortxaketak egitea egotzitako bi gizonak. Igandean Gazteluko plazan sexu erasoak gaitzesteko egindako elkarretaratze handia ere azpimarratu du.
Delitu gutxiago, atxilotu gehiago
Endika Alonso Segurtasun zinegotziaren arabera, «Iruñea tokirik okerrena da delitu bat egiteko». Segurtasun batzordeak bildutako datuen arabera, 1.091 salaketa aurkeztu dituzte herritarrek: horietatik erdiak lapurretak izan dira. Hiru urteren buruan, salatutako delitu kopurua erdira murriztu da. Zehazki, iaztik hona %19 egin dute behera salaketek; aldiz, atxilotu kopuruak gora egin du. 215 lagun atxilotu dituzte, iragan urtean baino 35 gehiago. Alonsoren ustez, horrek «eraginkortasuna» islatzen du.
Segurtasun arloko datuen artean, bada bat deigarria: kaleko liskarrek gora egin dute. Alonsok azpimarratu du liskar txikiak izan direla, eta ez dela jende multzo handirik izan. Dena den, gertatutakoa aztertu beharko dute. Alonsok gaineratu du bereziki kezkatzen dituela lanean ari direnenganako errespetu faltak eta mehatxuek; besteak beste, DYAko sorosle bati eta babes zibileko langile bati eraso egin diete.
Sanferminetan beroa izan da nagusi. Asironek gogora ekarri duenez, iruindarren artean maiz jaietan alkandora edo jertse bat soinean eramateko gomendioa ez da beharrezko izan. Beroaren ondorioz, hainbat ekitaldi bertan behera utzi dituzte. Gainera, su festetan, sute txikiak piztu ziren, baina hasieratik izan zituzten kontrolpean suhiltzaileek, eta berehala itzuli zituzten.
Parte-hartze datuak
Su festena izan da jende gehien elkartu duen ekitaldia. 387.000 lagun bildu dira. Erraldoi eta buruhandien konpartsaren atzetik orotara 152.000 lagun bildu dira. Kontzertuek 371.000 pertsona erakarri dituzte. Gazteluko plazakoa izan da agertoki nagusia, eta bertan arrakasta handiena Ojete Calor taldeak, Marlenak, Boney M-ek, Brigade Locok eta Jarfaiterrek izan dute. Konpainia plazan, Mala Pekora taldeak ere 10.000 lagun bildu zituen.
Aurten, berritasunetako bat haurren txupinazo txikia izan da, eta, Basaberen ustez, «mugarria» izan da. Haurrek eurek egin zioten eskaera udalari, ezin baitute parte hartu uztailaren 6ko festen hasieran. «Espero dugu ekitaldi hau luzerako geratzea hemen».
Beste datu batzuei begira, billabesetan 1,9 milioi bidaia egin dira, eta aurreko urtearekin alderatuta %20 egin dute gora. 2024koa salbu —bi milioi bidaia egin ziren orduan—, bidaia gehien izan den urtea izan da, 2012an erregistroak kaleratu direnetik.
Kale garbitzaileen lana funtsezkoa da festek aurrera egin dezaten. Aurten 1.254 tona zabor bildu dira, aurreko urtean baino %6,4 gehiago.

