Sinbolo egonkortua

Bilbok luxuzko hotel baten beharra zuelakoan eraiki zuten Carlton hotela, orain dela ehun urte, baina bestelako funtzio batzuk ere izan ditu orain arteko urte luzeotan: Eusko Jaurlaritzaren egoitza ere izan zen 36ko gerran.

Bilboko Carlton hotela, asteazkenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Carlton hotela, asteazkenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
2026ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izaera zurruna dute eraikinek. Hamarkada asko iraun arren, edo hainbat mende, badirudi ia beren horretan segitu dutela denbora tarte luze horretan. Baina, kontrara, eraikinak moldagarriak dira, eta ez soilik arkitektonikoki. Ehun urtean gauza asko aldatzen dira eta. Urteurren borobil horretara heldu da Bilboko Carlton hotela aurten. Hotel eta bulego eraikin gisara proiektatu zuen Manuel Maria Smith Ibarra arkitektoak, baina, ezinbestean, obra batek beti bereganatzen ditu sortzaileak sekula aurreikusi gabeko ñabardurak. Hotel gisa egonkortu baita Carlton, bai, baina baita sinbolo gisa ere: besteak beste, lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zelako gerra garaian.

Maite Paliza Monduate historialariak Smithen arkitekturari buruz egin zuen doktore tesian jasoa duenez (Manuel María de Smith Ibarra: Arquitecto 1879-1956, Bizkaiko Foru Aldundia, 1988), Bilboren aspaldiko behar bat bete zuen Carltonek: luxu handiko hotel bat. «XIX. mendean hotelak eraikitzeko egon zen sukarraren ondorio berantiarra da», historialariaren esanetan. Hainbat enpresaburuk sustatu zuten proiektua, eta 1.500.000 pezeta bildu zituzten hura erdiesteko, baina obrak uste baino gehiago atzeratu ziren, sozietate promotorearen finantza arazoen kausaz. Smithek 1919an diseinatu zuen eraikina, baina handik sei urte pasatxora burutu zuten.

Lehen Eusko Jaurlaritza, 1936an, Bilboko Carlton hoteleko balkoian. EZEZAGUNA
Lehen Eusko Jaurlaritza, 1936an, Bilboko Carlton hoteleko balkoian. EZEZAGUNA

1926ko urtarrilaren 5ean zabaldu zuten hotela, azkenik. Hamar platereko afari oparo batekin ospatu zuten mugarria. Urteurrenaren harira, menu hori berreskuratu dute hoteleko Artagan jatetxean, baina eskaintza gaurkotuta. Carltoneko Elikagaien eta Edarien arduradun Eduardo Diez Ereñok ondu du proposamena. Hark esplikatu duenez, Donostiako Maria Cristina hotelaren gain egon zen hasieran Carltoneko zuzendaritza, eta hango sukaldariek prestatu zuten inaugurazioko oturuntza. 25 pezetako menua izan zen, 430 lagun ingururentzat egina, eta errusiar erara zerbitzatua: hau da, zerbitzariek erretiluetan eramaten zuten jaki bakoitza, eta mahaiz mahai joaten ziren, pintzak erabilita errazioak bezeroen plateretan ipintzen.

Baina, zerbitzatzeko eran ez ezik, jakien euren ezaugarrietan ere badago aldea. Menu hura hamar plater «sendok» osatu zuten, Diez Ereñok nabarmendu duenez, eta haietatik zazpi adierazgarrienak hautatu dituzte urteurreneko menurako. Produktu nagusiak oso antzekoak dira, baina hornigaiak, saltsak eta kozinatzeko modua egokitu dituzte. «Orain dela ehun urte, Frantziako sukaldaritzak eragin handia zeukan hemengo gastronomian: gurina zegoen oinarrian, esne gaina, gorringoa...». Esate baterako, mihi-arraina esne gainetan egosten zuten, eta saltsa holandarrarekin gratinatu. «Urteurreneko menuan hutsean kozinatzen dugu, zapore guztia manten dezan, eta gratinatzeko saltsa apur bat botatzen diogu, lehengo plater horiei keinu txiki bat egiteko». Etxeko hegaztien konsomeak, foie grasak, kapoiak, azpizunak eta okaran budinak osatzen dute Diez Ereñok diseinaturiko menua.

Egoitza berri baten premia

Zabaldu zuten hotela, beraz, lau haizeetara iragarrita berrehun logela eta beste horrenbeste komun zituela. Gerora, Smith arkitektoak geletako batzuk ezabatu zituen bulego gehiago kabiarazteko, «eraikina hobeto ustiatze aldera», Palizaren arabera. Hasierako urte haietan, Bilboko Merkataritza Ganbarak okupatu zuen bulegoen eremuaren zatirik handiena, baina han hartu zuten aterpe, orobat, Klub Alemaniarrak, Radio Bilbao irratiak, AEBetako kontsulatuak, Bilboko Ateneoak eta Aduanako Agenteen Elkargoak, besteak beste. Eta maizter are kuriosoagoak izan zituen 36ko gerran: hotela izateari utzi, eta aurreneko Eusko Jaurlaritzaren egoitza bihurtu zen Carlton ia urtebetez. Jaurlaritzak Bizkaian egin zuen habia, hara mugatu baitzen haren eragina, Iñaki Goiogana Sabino Arana fundazioko artxibozain eta historialariaren hitzetan: Eibar ingurua salbu, Gipuzkoa osoa frankisten esku zegoen daborduko, eta, Araban, Laudio ingurua baino ez zegoen Eusko Jaurlaritzaren esku.

«Orain dela ehun urte, Frantziako sukaldaritzak eragin handia zeukan hemengo gastronomian: gurina zegoen oinarrian, esne gaina, gorringoa...»

EDUARDO DIEZ EREÑO Bilboko Carlton hoteleko Elikagaien eta Edarien arduraduna

Eta zergatik hautatu zuten Carlton hotela, zehazki? Hainbat arrazoirengatik, historialariak xehatu duenez: batetik, hotela izanik errazagoa zelako hustea eta doitzea, eta gelaz beteta zegoenez aukerak sobran zeudelako bulegoak apailatzeko; bestetik, kausa sinbolikoengatik. «Autonomia gauza berria zen, eta, horrenbestez, egoitza berria behar zuen. Eta, gainera, asmoa hiru lurraldeak ordezkatzea zen. Ez zuten ordura arteko egoitzetan sartu nahi izan, nire ustez: ez Bilboko Udalean, ez Bizkaiko diputazioan». Horrez gain, Carlton leku oso onean zegoen, hiriaren erdigunean.

Jaurlaritzak Foru Jauregian egin zituen hasierako batzarrak, behin-behinean, hotela egokitu bitartean. «Ordurako, aire bonbardaketak ohikoak ziren, bunker bat egin beharra zegoen». Hori da garai hartatik geratzen diren arrastoetako bat, hain justu: gaur egun hoteleko beste areto bat da, baina oraindik ikus daitezke bunkerraren arnasbideak sarrera nagusiaren eskaileretan. Jose Antonio Agirreren gidaritzapean zeuden bi sailak aterpetu ziren han, zehazki: Lehendakaritza eta Defentsa. Eta, hotelaren atzeko aldean, Laguntza Sozialen Sailak egin zuen habia. Gainerakoak Bilboko beste eraikin batzuetan kokatu zituzten.

Bunkerraren arnasbideak ikus daitezke hotelaren sarrera nagusiko eskaileretan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bunkerraren arnasbideak ikus daitezke hotelaren sarrera nagusiko eskaileretan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Hala, hotelak eutsi egin zion jendeen joan-etorriei. Han antolatzen zituzten gobernu bilerak, han hartzen ziren gerrako erabaki estrategiko eta taktikoak, eta Agirre lehendakariak han egiten zien harrera kazetariei. Goioganak uste du hasieran «optimista» izan zela Carltoneko giroa. «Jaurlaritza, berez, helburu birekin sortu zen: gerra irabaztea eta etorkizunerako oinarriak jartzea. Eta horretan buru-belarri sartu ziren, hori zuten amets, eta sinistuta zeuden. Gainera, jakinda Agirre zelakoa zen, optimista hutsa, eta optimismo hori bere inguruko langileei eta kolaboratzaileei kutsatzeko moduko gizona zenez, uste dut hasieran giro ona egon zela». Ardura eta lan handiko giroa ere bazen, eta askok hotelean ematen zuten egunaren zati handi bat, sukaldea eta lotarako tokia bertan zeuzkatela aprobetxatuta. Jada ez ziren zerbitzatzen hegazti eta azpizun koipetsuak, baizik eta garbantzuak.

Sinboloen borroka

Carltonek ez zuen ibilbide luzea izan egoitza modura, 1937an Eusko Jaurlaritzak erbestera jo behar izan zuen eta. Eta, hala ere, garai labur hori oroitzen da beti Carltonen historia errepasatzen den bakoitzean, eraikinari txertatu zion esangura sinbolikoagatik. Ezaguna da Agirrek eta gobernukideek Carltoneko balkoian atera zuten argazki hura, «Lendakaritza·Presidencia» zioen kartel baten atzean. Eta kartel hori izan zen, hain justu, frankistek hirira sartu zirenean ezabatu zuten aurrenetariko elementua. «Frankistentzat ere sinbolikoa zen, kartela kentzerakoan esan nahiko zutelako: ‘Hona arteko guztia amaitu da, eta orain Espainia berria dator’», Goioganaren irudiko. Eta sinbolikoa segitzen du izaten gaur egun ere: lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko, hotelean bildu zen egungo gobernua apirilaren 21ean, eta balkoiko argazki hura erreplikatu zuten, kartel eta guzti.

«Jaurlaritza, berez, helburu birekin sortu zen: gerra irabaztea eta etorkizunerako oinarriak jartzea. Eta horretan buru-belarri sartu ziren, hori zuten amets, eta sinistuta zeuden»

IÑAKI GOIOGANA Historialaria eta Sabino Arana fundazioko artxibozaina

Baina frankistak ez ziren kartela erauztera mugatu. Goioganak badu hipotesi bat: hotelaren ondoan dagoen eraikina, orain Espainiako Ogasunaren egoitza den hori, Carltonen karga sinbolikoa apaltzeko eraiki zutela frankistek. «Gerraren ostean egin zuten. Estilo aldetik oso frankista da, harri astunez egindakoa. Uste dut Carltonen alboan dagoelako egin zutela hor, esateko eurek agintzen zutela, eta eraikin erdi frantses hark baino gehiago iraungo zuela haienak. Gainera, Carlton txiki geratzen da Ogasunaren egoitzaren ondoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA