Sistemaren erroetatik muinera

Milaka lagun batu ziren atzo Euskal Eskola Publikoaren Jaian, Urduñan. Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailearen arabera, eskola publikoa «indartsu» dago, baina hura lehenets dezatela eskatu die agintariei. «Eskola publikoa eta itunpekoa ez dira gauza bera».

Hainbat haur Euskal Eskola Publikoaren Jaian, atzo, Urduñan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Hainbat haur Euskal Eskola Publikoaren Jaian, atzo, Urduñan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko ekainaren 2a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Sustraietarako bidaia bat izan da aurten Euskal Eskola Publikoaren Jaia: abagune bat, gogoratzeko hark izan behar duela hezkuntza sistemaren ardatza; eta aitzakia bat, nabarmentzeko ezinbestekoa dela eskolak sare bat sortzea inguruarekin, herriarekin, gainerako ikastetxe publikoekin. Leloan laburbildu dituzte asmook, Errotu, eta biharamuneko nekea da ahaleginon erakuslea. Milaka lagun batu ziren atzo Urduñan (Bizkaia), eta «familiarteko giro lasaia» izan zela nabarmendu du Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak. «Herri guztietan eta leku guztietan dago eskola publikoa: alde horretatik, herriari eta lurrari lotuta dago». Festak herria hartu zuen luze-zabalean, lau gunetan prestatu baitzituzten jarduerak: herri eskolan, Foru plazan, Gernika plazan eta Bolatokian.

Festa aldarrikatzailea izan ohi da euskal eskola publikoarena, eta aurten ere hainbat alderi eman nahi izan diote balioa: besteak beste, herritarren ekimenari. «Urduñakoak luze borrokatu ziren eta zailtasun asko izan zituzten herrian eskola publiko bat lortzeko», gogoratu du Imazek. «Bertokoek argi zeukaten euskarazko irakaskuntza publikoa nahi zutela». Gaur egun, ikastetxea «guztiz beteta» dagoela nabarmendu du EHIGEko koordinatzaileak, eta, hortaz, herriak segitzen duela hezkuntza mota horren aldeko apustu sendoa egiten.

Askotariko jarduerak prestatu zituzten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Askotariko jarduerak prestatu zituzten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Errotzeak baditu bestelako ñabardura batzuk, dena den: elikadurarena izan da beste borroketako bat. Ikastetxean bertoko produktuak kontsumitzea lortu dute udal jantoki bati esker, eta ertz horri ere garrantzia eman zioten atzo: tokiko elikagaiak eskaini zizkieten festazale gosetuei. «Gure ikastetxeen %25ek baino ez daukate sukaldea. Guretzat oso garrantzitsua da eskolan bertan edo herrian sukalde bat izatea, horrek aukera handia ematen du-eta elikadura hobetzeko», balioetsi du Imazek.

Hain justu, elikadurarekin du zerikusia Urduñako ikastetxearen aurrera begirako erronketako batek. Gurasoak aspaldian dabiltza sukalde bat eskatzen, udalarena baita orain erabiltzen ari direna, eta badirudi luze baino lehen erdietsiko dutela. Jaiaren hasiera ekitaldian, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hitzeman zuen herriko eskolak sukalde propioa izango zuela. «Espero dugu datozen hilabeteetan betetzea», adierazi du Imazek, eta erantsi eskola publikoa «lehenesteko» asmoa ere adierazi zuela sailburuak. «Arlo guztietan lehenetsi behar da: ez bakarrik baliabideei dagokienez, baita plazak planifikatzen direnean ere; eskola publikoa hautatzen duten familia guztiek han geratzeko aukera izan behar dute».

Azpiegiturak jopuntuan

Azpiegitura da EHIGEren kezketako bat. «Batzuetan, obrak oso poliki egiten dira, kostatu egiten da hastea, eta luzatu egiten dira; horrek arazo asko dakartza». Beharrak identifikatzea eta haiei aterabidea azkarrago ematea funtsezkoa dela uste du. «Ezinbestekoa da ikasleentzat azpiegitura egokiak izatea. Agintariek beharrezko baliabide guztiak bermatu behar dizkiete, guztiek aukera berdinak izan ditzaten».

Imazek tentuz hartu ditu, ordea, Pedrosa sailburuaren hitzak, nahiz eta adierazpenok «positiboak» iruditu. Jaia ospatu baino aste gutxi batzuk lehenago bukatu zen irakasleen greba, eta Hezkuntza Lege berriak are gehiago mikaztu du testuingurua. «Legea egin zenetik, batez ere, berdindu egin dira publikoa eta publikoa ez dena. Eta uste dut testuinguru horretan are gehiago aldarrikatu behar dela ez direla gauza bera eskola publikoa eta itunpekoa». Imazen arabera, publikoak «oinarrizko funtzioa» betetzen du gizartean: leku guztietan egon behar du, eta ikasle guztien eskura. «Hori arriskuan ipintzen badugu, beste horrenbeste egingo dugu sistema osoan».

Marimotots eta Porrotx, Urduñako Herri eskolan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Porrotx eta Marimotots, Urduñako herri eskolan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Bide beretik ekingo diote hurrengo jaiari. Santurtzin (Bizkaia) antolatuko dute datorren urtekoa, oso bestelako eremu batean: landa giroan dago kokatuta Urduña, baso eta mendi artean; Santurtzi, aldiz, hiri bat da. Lehen Hezkuntzako lau zentro publiko eta bi institutu daude han. Ikastetxeok «saretuta» daudela azaldu du EHIGEko koordinatzaileak, baina, halere, Ezkerraldea bada kezka iturri. «Azken urteetan, itunpeko irakaskuntza indartzen ari da eremu horretan, eta horrek esan nahi du B eredua ere sendotzen ari dela. Hau da, itunpeko eskolak indartzen badira, euskarak galdu egiten du. Orain, atzerapausoak emateko arriskua dagoela ikusten dugu».

Edozelan ere, baikorra da Imaz egoera orokorrari dagokionez. Haren irudiko, hezkuntza komunitateak «gero eta ahaldunduago» daude, eta garrantzitsutzat jotzen du eskola bakoitzak behar dituen baliabideen eta azpiegituren alde borroka egitea. «Eskola publikoa gero eta indartsuago dago», ebatzi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.