Sormena, ikusgarritasuna eta transmisioa

Azpeitiko Kulturaz kultur kooperatibak hamabost urte daramatza sormena garatzeko eta transmititzeko baliabideak eta oholtza jartzen. Hiru espazio dituzte —Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea—, eta hamaika kultur proiektu.

J Martina musika taldeak Sanagustin kulturgunean emandako kontzertua, 2025eko otsailaren 22an. KULTURAZ KOOPERATIBA
J Martina musika taldeak Sanagustin kulturgunean emandako kontzertua, 2025eko otsailaren 22an. KULTURAZ KOOPERATIBA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Azpeitia
2026ko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Herriari kultur eskaintza zabal bat emateko helburuarekin sortu zen kooperatiba bat da; gaur egun horretan jarraitzen du lanean, eta kulturari balioa ematea du helburu». «Ikusgarritasunaz gain, kultur sormena garatzeko helburua ere badu, sortzaileei sormena garatzeko baliabideak emateko helburua». «Finean, euskarazko kultura sortu, sustatu eta herrira ateratzeko bitarteko bat da». Taldeak eta elkarlanak ardazten dute Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kultur kooperatibaren jarduna, eta taldean definitu dute, hurrenez hurren, Nerea Arakistain kooperatibako komunikazio taldeko kideak, Irati Zubia kultur sormen eta transmisioko taldeko kideak eta Kepa Urbieta artezkaritzako kideak.

Herritik sortutako kooperatiba horrek hamabost urte bete ditu aurten; hamabost urte sormena lantzeko, garatzeko eta transmititzeko baliabideak, espazioak eta oholtzak jartzen, hiru ardatzen bueltan: sormena, ikusgarritasuna eta transmisioa. Herritik sortua da, eta herriari emana. Hamabost urteotako bidearen parte izan diren sortzaile eta kultur talde guztiek osatutako sarea Sanagustin kulturgunean bildu zen atzo arratsaldean, orain arte egin dutena eta egiten ari direna ospatzeko. Gaur jardunaldi batzuk egingo dituzte Dinamoa sormen gunean, eta ez da kasualitatea haiei Hil da jenioa deitu izana: elkarlanak sormenaren motor gisa duen rolaz jardungo dira. Eta elkarlanaren ondorio izango da bihar Ibil Bedi musika taldeak Soreasu antzokian egingo duen saio irekia: disko berriaren oholtzaratzea Azpeitian prestatzen aritu ostean, «simulakro bat» emango diote bueltan.

Kooperatibak 25 langile inguru dauzka gaur egun, hiru espazio —Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea—, eta denetariko kultur proiektu eta egitasmoak. Iaz, esaterako, 176 ekitaldi kudeatu zituzten hiru espazioetan, 25 sorkuntza proiektu babestu zituzten sormen bekaren eta egonaldien bitartez, eta 11 tailer eta hiru ikastaro egin zituzten. Hori guztia, baina, ez da hutsetik sortu: jende askoren lanaren fruitua da.

Irati Zubia, Kepa Urbieta eta Nerea Arakistain, aste honetan, Dinamoaren kanpoaldean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Zubia, Kepa Urbieta eta Nerea Arakistain, aste honetan, Dinamoaren kanpoaldean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Kepa Urbietak oso ondo gogoratzen ditu Kulturaz kultur kooperatibaren hasierak. «Oso atzera jo beharra dago». Hain zuzen, Uztarria kultur koordinakundea sortu zuten garaira, 1998ra. «Hark hiru ardatz zituen: komunikazioa, euskara eta kultura. Arlo bakoitzak bere lanketa egin zuen, bere ikuspuntutik. Hamar urteren ondoren, koordinakundea desegin egin zen, eta Uztarria komunikazio talde bezala geratu zen. Euskarak eta kulturak bakoitzak bere bidean jarraitzea erabaki zen, eta Euskara Mahaia eta Kultur Mahaia sortu ziren». 2006an sortu zuten Kultur Mahaia, eta beste hamar urteko ibilbidea egin zuen. «Kultur Mahaiak hasiera-hasieratik oso garbi zeukan Azpeitian hutsuneetako bat zela azpiegiturarik ez zegoela. Kultur mugimendu handia zegoen; orduan 24 kultur talde zeuden Azpeitian: dantza, musika, argazkilaritza... Bazegoen mugimendua, bazegoen sormena, baina ez zen hori non plazaratu, ez zegoen espaziorik», azaldu du Urbietak.

Kultur Mahaia herriko kultur taldeek, norbanakoek eta udal taldeek osatu zuten, herriko kulturaren egoeraz hausnartzeko: «Azpiegitura zen oinarrietako bat». Azpeitiko Udalak 1998tik erabakia zuen Sanagustin espazioa berritu egin behar zela, gero kultur arloari bideratzeko. «Guk oso argi geneukan Sanagustin leku estrategiko bat zela herriarentzat, plazan dagoelako, handia delako, aukera asko ematen dituelako... Hasieratik defendatu genuen horrek izan behar zuela herri honetako azpiegitura nagusia. Bi urtean lan handia egin genuen nolakoa izan behar lukeen diseinatzeko; udalari gure proposamenak aurkezten genizkion, eta hor ibili ginen joan-etorri handi batean. Halako batean, udalak ere onartu zuen Kultur Mahaiak eskaini zion proiektu hori».

Kooperatibaren sorrera

2010ean ireki zuten, «artean osatu gabe»; ez zuen tabernarik, adibidez. 2011n ireki zuten egun ezagutzen den Sanagustin kulturgunea, «osatuta». Udalak lehiaketa publikora atera zuen haren kudeaketa, eta beste pauso bat emateko garaia iritsi zen Kultur Mahaiarentzat: «Bilera dezente eduki genituen, erabakitzeko ea aurkeztuko ginen edo ez. Batzar baten bidez baietz erabaki zen, eta, horra aurkezteko, enpresa bat behar zen izan. Aztertzen ibili ginen ze enpresa tipo izan behar genukeen; dirurik ez geneukan... Korrika eta presaka, garbi ikusi genuen kooperatiba izaerako enpresa izan behar lukeela gureak. Kooperatiba hori sortu genuen, eta halaxe aurkeztu ginen». Eta lehiaketa irabazi zuten. Halaxe sortu zen Kulturaz kultur kooperatiba.

Azpeitiko Kultur Mahaiaren batzar bat, Sanagustinen, 2010eko abenduan. KULTURAZ
Azpeitiko Kultur Mahaiaren batzar bat, Sanagustinen, 2010eko abenduan. KULTURAZ KOOPERATIBA

Ez zioten eredu jakin bati jarraitu: «Guk oso garbi geneukan nolako eredua nahi genuen, eta 24 taldeek eta norbanakoek indarra edukitzea nahi genuen». Edonola ere, Euskal Herriko kultur munduko hainbat egitasmorekin harremanetan izan ziren: «Besteak beste, Durangoko Azokarekin bilerak egin genituen, lankidetza akordio batzuk egon ziren... Kafe Antzokikoak ez ziren guztiz gure eredura gerturatzen, baina guk haienera pixka bat gerturatu nahi genuen, zeukaten bolumenagatik eta eskaintzagatik. Haiekin hitz egiten ibili ginen, eta beste batzuekin ere bai».

«Hasieratik oso garbi genuen herriko taldeentzako plaza bat izan behar zuela, eta Euskal Herriko bestelako ekintzetarako ere bai. Oreka zaintzen ibili ginen, geure taldeko jendeari lekua egiteko, izena hartuz joateko eta kultur dinamika batean sartzeko», azaldu du Urbietak. Gogo eta ilusio handia zuten, eta lan handia egin zuten. «Lehenengo urte haietan, akordatzen naiz ekitaldi pila bat egin genituela: urtean 200 ekitalditik gora ere egin genituen, eta urte politak izan ziren, baina errazak ez. Lan asko egin behar izan genuen; ostalaritzakoak kenduta, hiru langile baino ez ginen. Pixkanaka-pixkanaka, urtean-urtean, esperientzia irabaziz eta ikasiz, enpresa bera orekatzera eta egonkortzera iritsi ginen. Dinamika aldetik, ikusten zen erantzuna bazegoela, bai sortzeko, bai eskaintzeko. Orduan, olatu ona harrapatu genuen, eta, nire ustez, hala segitu du».

«Guk oso argi geneukan Sanagustin leku estrategiko bat zela herriarentzat, plazan dagoelako, handia delako, aukera asko ematen dituelako...»

KEPA URBIETA Kulturaz-eko artezkaritzako kidea

Hala berretsi dute Arakistainek eta Zubiak. Hurrengo belaunaldikoak dira haiek, eta Kulturaz hiru espazioko kooperatiba bat zen haiek bertan lanean hasi zirenean. «Sanagustin espazioa ireki ondoren, 2014an Soreasu antzokiaren kudeaketa hartu zuen kooperatibak, eta ibilbide hori itxi duen azken espazioa Dinamoa izan da. 2016an hasi ziren ideia horri bueltaka, eta hitzaren eremuarekin jarri ziren; 2019an gainontzeko eremuak sortu zituzten: irudiarena, gorputzarena eta soinuarena. Ofizialki 2021ean ireki zuten; urte berean, kooperatibak udalarekin hitzarmena sinatu zuen, hiru espazioen kudeaketa hartzeko eta elkarlan horrekin hasteko», kontatu du Arakistainek.

Hasieran bezala, gaur egun ere kolektibotasuna eta elkarlana dira kooperatibaren oinarriak. «Kolektibotasuna etengabekoa da, bai ekitaldiak antolatzeko orduan, bai Dinamoan bertan egiten ditugun proiektuen muinean. 2025ean kooperatibak sortutako ekitaldiak %38 izan ziren, eta gainontzekoak kultur taldeek eta bestelako eragileek sortutakoak izan ziren. Finean, gure lanaren parte handi bat dira», azaldu du Arakistainek.

Plaza eta sukaldea

Eta hori guztia sormenarekin, ikusgaitasunarekin eta transmisioarekin uztartzen dute. «Sanagustinek eta Soreasuk ikusgaitasunari bultzada emateko balio dute: plaza dira. Dinamoa atzeko lana edo sukaldeko lana egiteko tokia litzateke. Zenbait baliabide eta eremu daude sortzaileek beren proiektuak garatzeko erabili ahal izan ditzaten. Ez dugu pentsatzen pertsona batek liburu bat idazten duela jenio bat delako edo antzezlan bat egiten duela talentu oso handikoa delako: denbora eta baliabideak behar dituzu horretarako. Helburuetako bat da Dinamoan hori eskaintzea, eta sormen egonaldiak egiten dira, sormen bekak ematen dituzte, tailerrak egiten dira, mediazio eta bitartekaritza saioak, proiektu propio batzuk...», kontatu du Zubiak.

Lau eremutan banatzen da Dinamoa: hitza, irudia, gorputza eta soinua. «Irudiaren eremuan, arte plastikoetarako baliabideak daude; gorputzarenean, dantzarako eta antzerkirako espazio diafano bat; berdin soinuarekin, diskoak grabatzeko, podcastak egiteko, entseatzeko material pila bat dago; eta hitzaren eremuak bere espazioa dauka», azaldu du Arakistainek. Kolektibotasunak garrantzi berezia dauka Dinamoan, Zubiak adierazi duenez: «Dinamoan, batik bat, sormen egonaldiak egiten dituzte Euskal Herri osoko sortzaileek, baina baita herritarrek ere. Ez da inoiz ordaintzen espaziorik: truke logikak funtzionatzen du. Hona datorrenak egonaldiaren ondoren herriari zerbait eskaini behar dio. Bakoitzaren diziplinaren arabera: erakusketa bat izan daiteke, tailer bat, kontzertu bat, antzerki bat... Adibidez, Ibil Bediren pase irekia horretan dago oinarrituta. Egonaldi bat egin dute, eta, herritik joan aurretik, herriari zerbait erakutsiko diote». Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren sintonia, eszenografia eta irudia ere bertan sortu dituzte, era kolektiboan.

«Ez dugu pentsatzen pertsona batek liburu bat idazten duela jenio bat delako: denbora eta baliabideak behar dituzu horretarako»

IRATI ZUBIA Kulturaz-eko sormen teknikaria

Herriko kultur taldeek ere espazio horiek baliatzen dituzte, noski. Horrez gain, denetariko ikastaroak ere antolatzen dituzte, eta batzuk aletu ditu Zubiak: «Gaztetxoen antzerki tailerra, helduena, dantza garaikideko hastapenen ikastaroa... Horiek dira ikastaro erregularrak, urte osokoak. Horrez gain, tailerrak daude, lau eremutan banatuta. Irudiari loturikoa Grafiaz betea da, eta edozein grafia mota jorratzen da: serigrafia, grafitia... Hitzari loturikoa, Esateko idatzi, bi hilabetean behin egiten da: stand-up tailerra, poesia, fanzineak... Gorputzari loturikoa Haragi bizitan da, eta hurrengoa antzerki topaketetan izango da, azaroan; Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek Munstro eszenikoa egingo dute. Soinuaren eremuan Mikrouhinak dago; azkeneko ikasturtean sei astez sintetizadore modular bat muntatzen aritu ziren, hutsetik, hamar pertsonaren artean».

Transmisioari dagokionez, herriko ikastetxeekin elkarlanean, Txinaurriak eta Sorginorratzak ikastaroak egiten dituzte, haurrak eta gazteak sorkuntzara gerturatzeko. Arkupehotsak ere antolatzen dute —musika taldeei bultzada bat emateko—, Dapa ikus-entzunezko bilduma, pote filosofikoak... Eta Hizlandia eta Murmur podcastak ere bai, BERRIArekin elkarlanean.

«Kolektibotasuna etengabekoa da, bai ekitaldiak antolatzeko orduan, bai Dinamoan bertan egiten ditugun proiektuen muinean»

NEREA ARAKISTAIN Kulturaz-eko komunikazioko kidea

«Inork ez zuen aurreikusten honek zer dimentsio hartuko zuen», aitortu du Urbietak. «Asmoa zen herriko sortzaileei leku bat ematea, eta diziplina guztiak ordezkatuta egotea zaintzen zuen kooperatibak; hutsuneren bat ikusten bazen, guk lantzea. Hori oso ondo betetzen du orain ere, eta gero eta gehiago, nire ustez, arlo denek dute-eta lekua. Herriari aukera handi bat eman dio: nork bere sorkuntza, bere egitasmoak eta bere zalantzak partekatzeko, sortzeko eta adierazteko leku bat. Oso herri bizia izan da beti, baina lehen ezkutuan joaten zen; orain, honek denak horri loraldi bat eman dio, ikusgarritasuna. Kultura oso eskura dago nahi duenarentzat, eta hori gauza handia da».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA