Artea sortzen den lekuak (IV)

Sortu, eta trukean eman

Hainbat diziplinatarako egonaldiak antolatzen dituzte Dinamoa Sormen Gunean. Sormen egonaldi bat zer zen ondo jakin gabe hasi ziren horretan, baina deialdi eskaintza finkoa dute orain. Adierazi dute erakunde publikoek babes gutxi ematen dietela.

Xabier Gantzarain Kulturaz kooperatibako kidea, Dinamoa Sormen Guneko sarreran. GORKA RUBIO / FOKU
Xabier Gantzarain Kulturaz kooperatibako kidea, Dinamoa Sormen Guneko sarreran. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Azpeitia
2025eko abuztuaren 15a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Sortu, ikasi eta eman. Hori da Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa Sormen Gunearen leloa. Edozein sormen adierazpeni bide emateko gunea da Dinamoa, eta ateak zabal-zabalik ditu han lan egin nahi duen ororentzat. Kulturaz kooperatibak du gunea kudeatzeko ardura; 2021etik dabil horretan —Soreasu antzokiaz eta San Agustin kulturguneaz ere arduratzen da—. Hainbat sormen proiektu garatzen dituzte han, eta, gainera, sormen egonaldiak egiteko lekua ere badute.

Kulturaz kooperatiba 2014an hasi zen sormen egonaldiak antolatzen, Soreasu antzokia kudeatzeko ardura hartu zuenean. Garai hartan, ordea, antzerki arloko egonaldiak bakarrik egiten zituzten, ez baitzuten bestelakoak egiteko lekurik. Xabier Gantzarain kooperatibako kidea da, eta aipatu du egonaldi horiek beste diziplina batzuetara zabaltzea erabaki zutela Dinamoa martxan jarri berritan. Hala, gaur-gaurkoz lau eremu daude egonaldiak egiteko: Hitzaren Eremua, Irudiaren Eremua, Soinuaren Eremua eta Gorputzaren Eremua. Deialdietara aurkezten diren proiektuen ezaugarriak kontuan hartuta, gune batean edo bestean egiten dute lan artistek.

(ID_15107876) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-07-02, Azpeitia. Dinamoa sormen guneko egonaldiei buruzko erreportajea
Hitzaren Eremurako sarrera. GORKA RUBIO / FOKU

Urtean bi deialdi antolatzen dituzte Dinamoan, sei hilabetean behin. Gainera, Azpeitiko Udalak antolatzen duen sormen bekan parte hartu dutenetatik biri aukera ematen diete egonaldia egiteko ere. «Era askotako egonaldiak egoten dira, eta denbora aldetik ere desberdinak dira: batzuk oso laburrak, baina guztiz horretara jarrita egindakoak; eta beste batzuk luzeagoak, baina ez egunean zortzi orduz lanean egondakoak», azaldu du Gantzarainek. Gaineratu du epeak moldatuz joaten direla proposamenaren arabera.

Sortzaileen eta eragileen elkargune

Eraikina Soreasu antzokiari itsatsita dago, eta zirkulu erdi bat balitz bezala inguratzen du. Lehen solairuan daude eremu guztiak, baina ez da harritzekoa lehen aldiz Dinamoa zapaltzen duen edonor korridoreetan galtzea; izan ere, labirinto bat dirudi. Sarreratik gertuen dagoen eremua hitzarena da, eta, normalean, egonaldia idazteko baliatzen dutenentzat izaten da. Idazteko gela txikiak daude eremu horretan. Dinamoaren berezitasunetako bat da ez dela egonaldiak egiteko bakarrik erabiltzen, herriko beste kultur eragile batzuek ere erabiltzen baitituzte gelak-eta, tartean Guka astekariak, bertso eskolak eta argazkilari elkarteak —lehen biak Hitzaren Eremuan daude—.

«Era askotako egonaldiak egoten dira, eta denbora aldetik ere desberdinak dira: batzuk oso laburrak, baina guztiz horretara jarrita egindakoak; edo beste batzuk luzeagoak, baina ez egunean zortzi orduz lanean egondakoak»XABIER GANTZARAIN Kulturaz kooperatibako kidea

Bi zatitan banatuta dago Irudiaren Eremua. Argazkigintzarako tailerra dago batetik, eta pintatzeko eta arte grafikoetarako tailerra bestetik. Duela urte batzuk Artelekun zegoen serigrafia makineria guztia lortu zuten gune horretarako, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmen bati esker. Orain gutxi, halaber, Usoa Zumetak serigrafiarako beste mahai bat eman zien, «traba» egiten ziolako. «Jada ez daude hainbeste leku norberak serigrafiako prozesu osoa egiteko modua ematen dutenak, eta aukera ona da artistentzat», adierazi du kooperatibako kideak. Adibidez, Maddi Zumalabek Laua eta sakona proiekturako serigrafiak egin zituen iazko ekainean.

(ID_15107887) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-07-02, Azpeitia. Dinamoa sormen guneko egonaldiei buruzko erreportajea
Irudiaren Eremuko arte grafikoetarako tailerra. GORKA RUBIO / FOKU

Gantzarainen esanetan, Gorputzaren Eremuan egiten dira egonaldi gehienak; eremu «ederra» da bere ustez. Hasierako deialdietan antzerkiarekin hasi zirenez, horrelako proposamen gehiago jaso ohi dituzte. Bertan egonaldia egiten dutenak, normalean, ez dira oso luzaro geratzen: pare bat aste, esaterako. Lehenengo astean, proposamena fintzen dute Gorputzaren Eremuan, eta bigarren astean, Soreasu antzokira joaten dira proiektua teknikoki muntatzeko. Antzerkia nagusi izanda ere, gorputzarekin lotutako edozein diziplina landu daiteke Gorputzaren Eremuan, eta horretarako daude arte plastikoetarako gelak. Orain, Maider Azurmendi artista ari da gela horietako batean lanean.

Musika bakarrik ez

Soinuarena da laugarren eta azken eremua. Gantzarain: «Eremu hau egin genuenean argi geneukan ez zuela musikaren eremua izan behar, eta ez zuela bakarrik musika taldeek entseatzeko leku bat izan behar, hori ere badagoen arren». Bi gela daude musika taldeentzat, pare bat grabaketa estudio, eta estudio handiago bat. Esaterako, Igor Elortzak bertan prestatu zuen Anonyme Popular ikuskizuna.

Batzuetan artista batek baino gehiagok topo egiten dute Dinamoko korridoreetan, eta, nork berean lan egiteaz gain, elkarlanak ere sortzen dira. Jokin Guridi sortzailearen eta Alejo Orbegozo (Ke Lepo) musikariaren artekoa izan zen horietako bat. Guridik hiru metro luze eta hiru metro zabal zen kubo erraldoi bat sortu zuen egonaldian, hala kanpotik nola barrutik proiekzioak zituena. Orbegozok, lan hori ikusi, eta eskatu zion halako bat egin ziezaiola musika elektronikoko bere saioetarako. «Ez da lana egiteko leku bat bakarrik, zure moduko jendearekin biltzeko leku bat ere bada», gehitu du kooperatibako kideak.

(ID_15107873) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-07-02, Azpeitia. Dinamoa sormen guneko egonaldiei buruzko erreportajea
Bi kide Soinuaren Eremuko estudio handian lanean. GORKA RUBIO / FOKU

Lan egiteko lekuaz gain, Dinamoak aholkularitza ere eskaintzen die sortzaileei, «nahi badute eta behar badute, noski», zehaztu du Gantzarainek. Haren esanetan, sormen egonaldiak egiten dituztenek bereziki eskertzen dute lantaldearen gertutasuna, besteak beste. Noizbait, sortzaileren batek lantzen ari den proiektuaren pase pribatu bat egin du langileen artean, zer iritzi duten jakiteko.

Lanerako lekua eskaintzen du Sormen Guneak, baina, trukean, artistak zerbait eman behar dio Dinamoari: «Guk denei eskatzen diegu zerbait trukean. Negoziatu egiten dugu zerbait hori zer izango den». Izan daiteke erakusketa bat, antzezlan edo ikuskizun baten estreinaldia, herriko ikastetxeren batekin edo bestelako talderen batekin egindako esku hartze bat... Mila aukera daude. «Uste dugu artistak merezi duela egindakoa ezagutaraztea, eta herriak ere aukera eduki behar du ikusteko artistak zer egin duen», gehitu du Kulturaz-eko kideak.

Sorkuntzarako etxe

Maite Aizpurua sortzaileak ongi ezagutzen du Dinamoa; sorkuntzarako etxetzat daukala esan daiteke ia. Dinamoan antolatu zen lehenengo sormen egonaldietako bat egin zuen, eta aurtengo lehen seihilekoko egonaldietako bat egin berri du. Azaroan estreinatuko du bertan prestatutako Adarbakarra proiektua, Euskal Antzerki Topaketetan. Garazi Navas eskusoinu jotzailearekin batera aritu da horretan. «Ikerketa bat da, antzerki musikal garaikide bat nola egin azaltzen duena», esan du Aizpuruak. Epe luzeko egonaldia egin dute bi sortzaileek; otsailean eta maiatzean izan ziren han, hainbat egunez, eta azaroan, estreinaldiko astean bertan, han entseatzeko aukera izango dute.

Aizpuruak hainbat egonaldi egin ditu Dinamoan, lehena duela sei urte; bertan egin zen lehenengo egonaldia izan zen: «Nik ez nekien zer zen egonaldi bat, ezta haiek ere». Azpeitiko Udalaren sormen beka irabazi zuen, eta, Arte Dramatikoko ikasketak amaitu berri zituenez, gradu amaierako lan performatiboa bertan egitea erabaki zuen. Sortzaileak esperientziaren oroitzapen onak ditu: «Oso aberasgarria izan zen».

(ID_17527436683775) Adarbakarra
Maite Aizpurua eta Garazi Navas, Adarbakarra proiektuaren sortzaileak. INFINITUDRAMA

Sormen Guneak urteotan izan duen bilakaeraren testigu izan da Aizpurua. Uste du pauso «garrantzitsua» dela gaur egun deialdiak erregularki egitea, horri esker sortzaileek proiektuak garatzeko aukera gisa ikus baititzakete egonaldiak: «Niretzat, gauzak posible egiteko lehen aukera izan zen». Aipatu duenez, asko eta asko zeharka iristen dira sormenean edo artearen munduan lan egiteko bidera, eta Dinamoak «aukera fisiko eta erreal bat» ematen du bide horretan.

«[Dinamoa] gauzak posible egiteko lehen aukera izan zen niretzat»MAITE AIZPURUA Sortzailea

Hala ere, artistak aipatu du proiektu asko egonaldietatik kanpo geratzen direla, tamalez. «Proiektu ahulagoek ere merezi dute ikusgaitasuna, eta iruditzen zait hori falta dela». Garrantzitsua iruditzen zaio arriskuak hartzea egonaldietarako proiektuak aukeratzeko orduan. Aizpuruak uste du Adarbakarra proiektua esperimentala eta «arriskutsua» dela, eta, hain zuzen, Dinamoak hura lantzeko aukera eman dio.

«Papurren borrokan»

Dena den, Gantzarainek gogorarazi du «isileko lan asko» egin behar izaten dutela Dinamoaren jardunari eusteko. Uste du badaudela sormen egonaldiak egiteko lekuak, baina horientzako babesik ez. «Mila diru laguntzatara aurkezten ibili behar izaten dugu. Jasotzen badugu, ondo, baina, jasotzen ez badugu, proiektua kolokan geratzen da». Penaz, zera gaineratu du: «Oinarria kolokan baldin badago, dena dago kolokan».

«Badakigu diru laguntza bat jasotzen dugunean beste batek, guk bezainbeste merezi duen batek, ez duela jasoko»XABIER GANTZARAIN Kulturaz kooperatibako kidea

Iritzi dio erakundeek «hasieratik» izaten dituztela banatuak kulturarako diruak, «eta ondo dago, baina bagaude beste eragile batzuk ere». Gantzarainen arabera, «joko perbertso» batean murgilduta daude: «Papurren borrokan ibili behar dugu. Badakigu diru laguntza bat jasotzen dugunean beste batek, guk bezainbeste merezi duen batek, ez duela jasoko». Diru laguntzak eskatzeko dinamikak ere oso neketsuak direla gaineratu du, eta euskal kulturaren alde lanean ari diren eragile «guztientzako» babesa behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.