Maitasun ekintza bat egitea proposatu, eta erantzun beroa jaso du proposamenak hasiera-hasieratik. Arratsaldea hasi bezain laster, jendetza bildu da Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek justu duela hogei urte eman zuten argitara Maite zaitut abestia, eta Maite Zaitut elkarteko kideek efemeride hori baliatu nahi izan dute pailazoek urteotan guztiotan egindako lana eskertzeko. 15:30ean ireki dituzte ateak, eta hasieratik jendetza izan da atarietan. Sudur gorriak jantzita haietako asko eta asko. Eta, emanaldiaren tarte batean parte hartze labur bat egingo badute ere, publiko artean izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere.
«Guk ere maite zaituztegu». Saioa hasi aurretik ere agertokiko pantailan mezu horrek laburbildu dezake gaur Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekiko esker onez antolatutako festaren muina. Emanaldi nagusiaren aurretik hainbat musikarik eta bertsolarik ere animatu dute giroa. Bonborenea txaranga, Bea Egizabal eta Intza Alkain umoregileak zein Aner Peritz eta Unai Gaztelumendi bertsolariak izan dira agertokira igo diren lehen sortzaileetako batzuk. Eta ondorengo bertsoarekin laburtu du Gaztelumendik emanaldiaren espiritua: «Kalean dabil ezkerra lotsaz/ eta eskuina hazita./ Palestinatik kurdistanera,/ herri txikiak antsika./ Zapalduaren irribarreak/ badu nahiko garrantzi, ta/ beste mundu bat dantza dezagun/ sudur gorriak jantzita».

Erraldoia izango da maitasun keinua. Guztira, 14.000 ikusle inguru batuko dira gaurko ekitaldian, eta bi ordu pasako iraupena izango du emanaldiak. 17:00etan hasiko da saioa, eta berrehun parte hartzaile baino gehiago igoko dira oholtzara. Ane Labakak prestatu du gidoia, Agurtzane Intxaurragak egin ditu zuzendari lanak, eta Xabi Zabalak koordinatutako hamalau musikariko taldeak osatuko du emanaldiaren bizkarrezur nagusia. Haien ondoan kantari arituko dira Landarbaso abesbatzako berrogei haur eta gazte.
Belaunaldi berriak
Zenbait bertsolari ezagun ere izango dira oholtzan, hala nola Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Jon Maia. Gainera, emanaldiak iraun bitartean, hainbat artista zuzenean marrazten arituko dira. Horiez guztiez gainera, gaur egungo pailazo gazteak ere igoko dira agertokira.
Amagoia Mujika Telleria Maite Zaitut elkarteko kideak hala azaldu zion gaurko emanaldiaren asmoa BERRIA egunkariari: «Hurbila, goxoa eta benetakoa izatea nahi genuen, eta pailazoen inguruko jende asko deitu dugu». Gainera, Mujikak adierazi duenez, pailazoek urteotan guztietan irakatsitako balioen isla izango da emanaldia.

Harmailetarako sarrera duten ikusleek pabiloi barruko laugarren atetik sartu beharko dute, eta pistarako sarrera dutenek, berriz, eraikinaren kanpoaldetik.