Inurri lana da. Eta hasiak dira jada fruituak biltzen, poliki-poliki. Arroz paketeak, pasta, hegalabur eta sardina kontserbak, hainbat lekale pote eta olio botila bat txukun atonduak ditu Jasone Marina Morenok Bilboko Sarriko auzoko BM supermerkatuaren atarian ipini dituzten kutxa handietako batean. Bigarren urtez ari da boluntario Bizkaiko Elikagai Bankuaren urteroko bilketa handian. «Parte hartzeko gogoa nuen», esan du, irribarretsu. Antzeko aldartez ari da Itziar Rodriguez ere; beteranoagoa da hura, hainbeste, ezen jada ahaztua baitu noiz hasi zen zehazki Elikagai Bankuarekin kolaboratzen. Hamabost urte badira, gutxienez. Eta oraingoan ere «ilusioz» lotu da egitasmora. «Sentipen ona dugu», nabarmendu du, nahiz eta bi ordu baino ez diren igaro kanpaina hasi denetik.
Lauzpabost emakumek daramate soinean boluntarioak direla adierazten duen txaleko urdina, eta beste laguntzaile batzuk batu dira berehala. Kutxen ondoan daude batzuk, eta lokalera sartzen ari den jendeari adi beste batzuk, bilketari buruzko zalantzak argitzeko prest. 4.000 dira guztira, lurraldeko 220 supermerkatutan banatuta. Kanpainari esker beteko dute biltegia, hein handi batean. «Sei hilabeterako jakiak izango ditugu», nabarmendu du Teresa Biguri Elikagai Bankuko presidenteordeak.
Lekaleak eta pasta
Elikagai Bankuak jaki ez-galkorrez osatutako oinarrizko otarreak banatzen ditu hilabetero, eta horiek osatzeko baliatuko dituzte kanpainan jasotakoak; horrez gain, erabiltzaileei produktu freskoak helarazten dizkiete egunero. Hiru milioi kilo guztira. «Orain 15.000 pertsona artatzen ari gara», zehaztu du Bigurik. «Urtetik urtera kopurua ez da goraka ari, baina beharra dutenek behar handia dute».
«Orain gizon asko ere etortzen dira erosketak egitera, baina oraindik ere emakumeek daramate etxearen ardura»
ITZIAR RODRIGUEZ Boluntarioa
Tomate frijitua, esnea, olioa... Hori da familiek gehien eskatzen dietena. Eta proteinetan aberatsagoa den eskaintza ere egin gura dute, arrain eta okela kontserba gehiago jasota. Rodriguezek azaldu duenez, lekaleak eta pasta biltzen dituzte gehienbat, eta aurten ere horiek dira kutxetan gehien ikusten diren produktuak. «Jendeak gustuko izaten ditu halako elikagaiak, kilo bakarrarekin askok jan dezakete, eta osasuntsuak dira». Baita merkeak ere, eta ez da aldagai hutsala. «Izan gaitezen errealistak: prezioak asko igo dira, eta ematea gero eta zailagoa da guztientzat».
Boluntario gisa ibili den aldian, hamabost urte pasatxoan alegia, aldaketa nabarmena sumatu du alde horretatik. Baina ez da ñabardura bakarra. Profila ere apur bat aldatzen hasia dela igarri du Rodriguezek. «Orain, gizon asko ere etortzen dira erosketak egitera, baina oraindik ere emakumeek daramate etxearen ardura».