2019ko hitza

Tsunamia, arnasgunea, faxismoa... irakurleen 2019ko hitzak

BERRIAk jarritako erronkari erantzunda, irakurleek 2019ko hitzik esanguratsuenen zerrenda osatzen lagundu dute, sare sozialetan #2019kohitza erabilita.

Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 10a
15:32
Entzun

BERRIAko euskara taldeak 2019ko hitzik esanguratsuenen zerrenda osatu du: brebeta, foam jaurtigaia, Aspergerren sindromea... baina ez da erraza izaten urte oso bat borobildu dezaketen hitzak elkartzea baten bat kanpoan utzi gabe. Horregatik, BERRIAk erronka jo zien irakurleei, eurentzat 2019ko hitzak zein izan diren adierazi eta horrela zerrenda luzatu ahal izateko, sare sozialetan #2019kohitza traola erabilita.

Irakurle askok bat egin dute euskara taldeak botatako proposamenekin, eta, besteak beste, egunean behin eta tsunamia hitzak azpimarratu dituzte. Hirugarren denboraldiaren esperoan, Egunean Behin jokoak atseden hartu duen arren, euskal gizartean indartsu sartu den seinale da zerrendan duen presentzia. Gogoan izan behar da 60.000 erabiltzaile baino gehiago izanik amaitu zuela urtea. Ezin ahaztu Tsunami Demokratikoak izan duen oihartzuna ere. Mugimenduaren epizentroa Katalunian dagoen arren, Euskal Herriraino ere iritsi zen. Barraskilo operazioan, Biriatuko mugan kilometro askotako auto pilaketa bat eragin zuten milaka herritarrek. BERRIAk eginiko elkarrizketan, Tsunami Demokratikoa mugimenduak berak ere azpimarratu zuen Euskal Herriarekin harremanak lotzeko beharra: «Euskal Herriarekiko zubian sakontzen segitu beharra dago».

Klima larrialdia ere aipatu dute irakurleek. Izan ere, klima aldaketaren aurka lanean ari diren mugimenduen gorakadaren urtea izan da iazkoa. Zer esanik ez Greta Thunbergen urtea. Aktibista gaztea munduko pertsona esanguratsuenetako bat izan da 2019an, esanguratsuena Time aldizkariaren ustez. Right Livelihood saria ere jaso zuen, Nobel alternatibo gisa ezaguna. Horiekin batera, COP25 goi bilera ere izan zen urte amaieran, baina etsipena eragin zien klima larrialdiaren kaltea gehien nabaritzen duten herrialde txikiei eta ekologistei.

Badira BERRIAk aipatu gabeko hitzak ere irakurleen aipatutakoen artean. Euskarari lotutakoak dira batzuk. Arnasgunea da horietako bat, euskal hiztun asko biltzen dituen gunea, hau da, euskararen %80 inguruko erabilera duten herriak. Horietara joko du zehazki Arnasa gara kanpainaren lehen atalak. Arnasgunea soziolinguistikari dagokio, eta hori da irakurleek azpimarratu duten beste hitz bat: soziolinguistika, hizkuntzaren soziologiaz arduratzen den hizkuntzalaritzaren adarra.

Politikaren alorrean, irakurleek faxismoa hitza ere azpimarratu dute. Nagusiki, Espainian eskuin muturrak izan duen gorakadari lotuta agertu da hitz hori sare sozialetan. Trifatxito hitza ere zabaldu da Espainiako eskuineko hiru alderdiak aipatzeko: PP, Ciudadanos eta Vox. Horrez gain, Franco diktadorea Erorien Haranetik atera zuten urrian. Gorpuzkiak ateratzeak eta haren inguruan gertaturikoek ere zer esana eman zuten.

Ikasi da irakurleen artean nabarmendu den beste hitz bat. 2019rako ez ezik aurrera begirako ere balioko duena, aurreko urtekoaz ikasitakotik aterako baitira 2020ko hitzak ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.