Tumoreak laborategian 3Dn birsortzen

Pazienteek emandako laginak erabiltzen dituzte Biomaguneko ikerlariek 3Dko teknologiaren bitartez tumoreak sortzeko. Ingurune errealista batean nola hazten diren ulertzea eta sendagaiak probatzea da asmoa.

Malou Henriksen, Paula Aristizabal eta Luis Liz-Marzan ikerlariak, Donostian. CIC BIOMAGUNE
Malou Henriksen, Paula Aristizabal eta Luis Liz-Marzan ikerlariak, Donostian. CIC BIOMAGUNE
itsaso jauregi 2
2025eko abenduaren 5a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzak bi urte aurreratuko du bularreko minbizia atzemateko baheketa programaren hasiera: 50 urtetik 48ra. Orain arte 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei egin izan diete, baita 40 eta 49 urte artekoei ere, betiere familian bularreko minbiziaren aurrekariren bat baldin badute. Iazko datuen arabera, EAEn baheketa programan parte har zezaketen hamar emakumetik zortzik parte hartu zuten. Guztira 715 minbizi kasu atzeman zituzten: «gehienak oso goiz» eta, hori dela eta, «pronostiko ona» zuten. Baheketa programa horiek baliatzen ditu CIC Biomaguneko Bionanoplasmonika ikerketa taldeak. Pazienteek emandako laginak baliatuz, ikertzaileek in vitro fabrikatzen dituzte 3Dko tumore ereduak, ahalik eta ingurune errealistenean, hobeto ulertzeko nola hazten diren eta nola jokatzen duten tumore horiek askotariko baldintzetan.

Paula Aristizabal ikerlariaren arabera, laginen jatorria da proiektuko alorrik «bereziena», pazienteen laginak erabiltzen baitituzte. Bularra txikitzeko ebakuntzetan, pazienteen onespenarekin, sobera dagoen ehuna biltzen dute ikerlariek, eta, hori baliatuta, gel moduko bat garatzen dute, gelatinaren antza duena: «Horrekin, mikroingurune bat inprimatu dezakegu, tumorearen ohea izango dena», azaldu du Aristizabalek. Beraz, minbizia ez dutenen laginak hartzen dituzte laborategian garatuko duten tumorearen ingurunea osatzeko.

Tumorea egituratzen

Luis Liz-Marzan Ikerbasqueko irakasleak azaldu duenez, minbiziaren aurkako borrokan zailtasun handienetako bat tumoreen heterogeneotasuna da. Zelula motak askotarikoak dira, eta minbizi zelulek ugaltzen jarraitzen dute, immunitate sistematik ihes eginez eta terapiekiko erresistente bihurtzeko mekanismo desberdinak ematen dizkieten mutazioak garatuz. «Bularreko minbizia nola garatzen den aztertzea erabaki dugu normalean larruazaletik gertu hazten diren tumoreak direlako. Beraz, zuzeneko aplikazio bat egin nahi izanez gero, argia ehunaren bidez transmititu ahal izango litzateke», argitu du Liz-Marzanek.

Sortutako mikroingurune horretan, tumorea sartzea da hurrengo pausoa. «Giza organo batean dauden tumore zelulak erreplikatzen saiatu gara, tumorea ahalik eta antzekoena den ingurune batean sartzeko», gehitu du Liz-Marzanek. Biogipuzkoa institututik matrize biologikoak lortu zituzten ingurunea eratzeko; Galdakao ospitaletik (Bizkaia), berriz, minbizia dutenen biopsia batzuk lortu zituzten, eta horiekin organoideak sortu, tumore txikiak, hain zuzen ere.

Erreplikak lortzeko plakak, hainbat farmakorekin saiakuntzak egin ahal izateko. CIC BIOMAGUNE
Erreplikak lortzeko plakak, hainbat farmakorekin saiakuntzak egin ahal izateko. CIC BIOMAGUNE

Tumorearen arkitektura imitatzeko ikerlariek 3D bioinprimagailu aurreratuak erabiltzen dituzte. Tinta zelulaz kanpoko matrize horren nahasketa bat da, bularreko ehun osasuntsuaren eta beste biomaterial batzuen bidez lortzen dena, eta horrek modua ematen du tumore errealak erreproduzitu eta ezaugarri egokiekin inprimatzeko. Ondoren, euskarri material horri biopsietatik lortutako minbizi zelulak gehitzen dizkiote, eta 3D tumoreak plaketan lantzen dituzte, zenbait botikaren saiakuntzak egin ahal izateko, baldintza desberdinetan.

«Giza organo batean dauden tumore zelulak erreplikatzen saiatu gara, tumorea ahalik eta antzekoena den ingurune batean sartzeko» 

LUIS LIZ-MARZAN Ikerbasqueko irakaslea

Hala lortzen da pertsona baten tumorearen antz handia duen tumore eredu bat: tumore zelulek osatutako nukleo bat eta, gel horretaz gain, tumorearen inguruan egon ohi diren zelula osasuntsuko ingurune bat duela. «Kasu batzuetan, zenbait tumoreren portaera ere alderatu dezakegu, gutxi gorabehera oldarkorrak direnak. Metastasi baten hasiera ere ikus dezakegu. Hau da, zelulek tumore hori utzi eta beste eremu batzuetara nola zabaltzen diren ikus dezakegu», gaineratu du Liz-Marzanek. Aristizabalek adierazi du «tumore bakoitza mundu bat» dela, eta ikertzeko orduan kontuan hartu dutela hori: «Gizartearen errepresentazio hori eduki nahi genuen; izan ere, oso heterogeneoa da gizartea».

Sendagaiak probatuz

Etorkizunean botiken probak egiteko eta haien eraginkortasuna ebaluatzeko erabili nahi dituzte sortutako tumoreak. «Helburua da jakitea tumore bakoitzari aurre egiteko zer medikamentu komeni den, eta, horretarako, baliagarria izan daiteke laborategian sortu ditugun tumoreekin probak egitea», azpimarratu du Aristizabalek. Gero, etorkizunean, ospitalean medikuak, pazientearen emaitzak ikusita, minbizia nola tratatu dezakeen jakitea da helburua: tratamendu berezituak garatzea, tumore bakoitzari berea jartzea alegia, eta, hala, pazientearen ongizatea ziurtatzea. 

Biomagunek laborategian garatutakoa sendagaietara eramateko, Onkoreplica izeneko enpresa proiektu bat sortu dute. «Berrikuntzak beste ikerketa talde batzuentzat lagungarri izan daitezke, baita farmazia industriarentzat ere, terapia berriak gara ditzaten», adierazi du Aristizabalek, enpresa proiektu horren garapenaz arduratzen denak. Gainera, dioenez, «etorkizunean bularreko minbiziaren ereduez gain, tumore solidoen beste eredu batzuk azter litezke».

Aristizabalek zehaztu duenez, gaixoekin eginiko saiakuntza klinikoetan, minbiziaren aurkako tratamendu posible gisa ikertzen diren konposatuen %4 baino ez dira botikatzat hartzen. «Fase aurreklinikoan eraginkortasun handiagoa lortu nahi dugu, pazienteekin egindako saiakuntza klinikoetan probatzen diren konposatuek arrakasta izateko aukera handiagoa izan dezaten», dio Liz-Marzanek. 

«Beste ikerketa talde batzuentzat lagungarri izan daitezke berrikuntzak, baita farmazia industriarentzat ere, terapia berriak gara ditzaten» 

PAULA ARISTIZABAL Bionanoplasmonika taldeko ikerlaria

Baina, Aristizabalek azaldu duenez, tumore bakoitza hain da desberdina, «zaila» da bularreko minbiziaren kasu guztiak barne har ditzakeen tratamendu bat garatzea: «Mekanismo asko dituzte botikei eta sendagaiei ihes egiteko, eta oso sistema konplexua da; zelula mota askok parte hartzen dute, eta haien arteko komunikazioa ere gakoa da». Horregatik bularreko minbiziaren tumore ugari birsortu dituzte, sendagai askorekin probak egiteko. Etorkizunean teknologia hori erabil liteke, terapiarekin hasi aurretik, baldin eta onartutako tratamendu jakin bat paziente bat tratatzeko baliagarria izan badaiteke, ikuspegi pertsonalizatuagoa lortzen laguntzeko.

Oraingoan bularreko minbiziaren tumoreetan jarri dute arreta ikerlariek, eta halako tumoreak birsortu dituzte laborategian. Baina ez dute baztertzen aurrerago beste tumore batzuk ere aztertzea. «Teknika horri esker, diseinua egin dezakegu hainbat zelula mota erabilita. Adibidez, prostatako minbizia aztertu nahi badugu, tumore horien ezaugarriak aztertu beharko ditugu; zein zelula erabiltzea interesgarria izango litzatekeen ikusi, eta teknologia aldatu minbizi zelula mota horiekin erabili ahal izateko», ondorioztatu du Liz-Marzanek.

Tumore solidoen katalogo «zabal» bat osatu nahi du Aristizabalek, bakoitzaren ezaugarriekin, portaerekin eta sendagai posibleekin: «Niri gustatzen zait esatea eredu hauek modularrak direla. Hau da, egitura bat osatu dezakegu, eta, osagarri batzuekin nahastuz, tumore bat lor dezakegu; baina, ezagutzen dugun horretatik abiatuta, egia da posible dugula hori beste tumore batzuekin egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.