Osakidetzak bi urte aurreratuko du bularreko minbizia atzemateko baheketa programaren hasiera: 50 urtetik 48ra. Egun, 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei egiten diete. Baita 40 eta 49 urte artekoei ere, minbizia kasuen aurrekariak baldin badituzte lehen mailako senideetan. Eusko Jaurlaritzak erabakia babestu du, programaren emaitzetan eta «eskura dauden datuetan» oinarrituta.
Iazko datuen arabera, EAEn baheketa programan parte har zezaketen hamar emakumetik zortzik parte hartu zuten. Guztira 715 kasu atzeman zituzten, «gehienak oso fase goiztiarretan eta pronostiko onarekin». Programaren bidez 2,5 milioi baheketa baino gehiago egin dituzte 1995etik. 12.663 tumore diagnostikatu dituzte, gehienak tumorearen lehen faseetan, eta kasuen %84tan tratamendu kontserbadoreak aplikatzeko moduan. Baheketa programaren adin tartean tumorea atzemandako emakumeen %88 bizirik zeuden tumorea atzeman eta bost urtera. Baheketa programak bularreko minbiziaren hilkortasun tasa %16 gutxitu duela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.
Onkologia oinarri
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eman du albistea, Donostiako protoi terapiako zentroaren obretara egin duen bisitan. 2027an hasiko da zentroa lanean. «Minbizia prebenitzea eta tratatzea gure lehentasuna da», esan du Pradalesek. Minbiziari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren estrategiak lau oinarri ditu, lehendakariak zehaztu duenez: prebentzioa, arreta, ikerketa eta nazioartekotzea. Eskerrak eman dizkie osasun zerbitzuetako langileei, haien «enpatiagatik eta humanitateagatik». «Besarkada bat eta babesa» helarazi die minbiziari aurre egiten ari diren herritarrei eta haien senideei.
EAEko osasun ikerketen ildo nagusia onkologia dela nabarmendu du Pradalesek, «horixe baita hiltzeko arrazoi nagusia». 140 ikerketa dira guztira. Eusko Jaurlaritzak entseguen eta proiektuen plataforma bat jarriko du abian, gaixoek entseguak erabili ahal izateko. Jendeak botikak eta estrategia berritzaileak modu «ekitatiboagoan» eskuratzea nahi dute.