Atzekoz aurrera

Txokotik zabalera: txotx!

Pilotako euskal selekzioak abiatu du aurten txotx garaia Astigarragan. Sagardo Berriaren Eguna selekzioaren aldeko aldarri bihurtu da.

Pilotako euskal selekzioko kideak, Astigarragako Petritegi sagardotegian. JON URBE / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Astigarraga
2026ko urtarrilaren 14a
16:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antzekotasunak topatzea izan da denen jokoa. Pilotaren tamaina eta sagarrarena. Bataren nortasuna eta bestearena. Zaharraren eta berriaren arteko orekarena. Mundu osora zabaltzeko biek duten anbizioarena. Kolore berdearena. Sagardoa sagar selekzioa, eta pilotakoa euskal selekzioa izatearena. Modalitate eta barietate kopuruarena. Oraingo xistera orduko sagarrak biltzeko tresna izatearena. Eta onomatopeiena: frontoian pilotak «txost!», eta sagardotegian sagardoak «txotx!» egitearena. Pilotako euskal selekzioak abiatu du aurten txotx garaia Astigarragako (Gipuzkoa) Petritegi sagardotegian. Antzekotasun gehiago: haiena izan da lehen sakea, eta txokotik zabalera egin dute txotx, ofizialtasunera.

Erribera kulturgunean aurkeztu dute aurten ere Sagardo Berriaren Eguna, eta jendetza bildu da. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariak, Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea, eta aurtengo gonbidatu nagusiak: pilotako euskal selekzioko kideak. Aloña Beraza kazetariak aurkeztu du ekitaldia, eta Agin Laburu eta Joanes Illarregi aritu dira bertsotan. Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzaileak eman ditu txotx garai berriko datuak: 4,5 milioi kilo sagar bildu dituzte, eta jatorri izeneko 3,1 milioi litro sagardo egin. «Arinxeagoak, eta alkohol graduazio txikiagokoak, nahiz eta upel bakoitza ezberdina izaten den». Petritegi sagardotegian ireki dutena Argoitz Otaño sagardotegiko semeak xehatu du: urtebi handi, urtebi txiki eta errezil sagar gazi berantiarrak nahastuz egindakoa dela azaldu du: «Edan erraza eta freskoa». Eta Joxe Mari Mitxelena Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak esplikatu ditu pilotaren eta sagarraren tamainari buruzkoak, frontoiko txostari eta sagardotegiko txotxari buruzkoak, eta sagarrak biltzeko xisterari buruzkoak. «Euskal pilota ez da kirola bakarrik, ondarea eta historia ere bada, sagardoa eta bertsolaritza bezala», nabarmendu du.

Sagarrondoa landatzen, Erribera kanpoaldean. JON URBE / FOKU
Sagarrondoa landatzen, Erribera kanpoaldean. JON URBE / FOKU

Errege sagarra landatu dute

Sagardotegira joan aurretik landatu dute sagarrondoa Erribera kanpoaldean, urtero bezala. Euskal selekzioaren izenean, lau ordezkari: Mitxelena presidentea, eta Enara Gaminde, Eñaut Lizeaga eta Beñat Lizaso pilotariak. Praka zuriak jantzita, baina zikindu gabe. Errege sagar barietateko zuhaixka bat landatu dute. Mitxelenak lurra, eta Lizeagak, aitzurra. Inguruan jarri dira selekzioko beste kideak ere. «Zuen txapelak sagardotegian ospatu nahi genituzke», esan die bertsotan Illarregik. Eta bertara joan dira denak.

Joan aurretik egin dute gonbidatuek BERRIAren testa, eta sekula baino emaitza hobea lortu dute. Enara Gamindek ez beste guztiek gainditu dute, eta notarik altuena Eñaut Lizeagak lortu du, ez baita alferrik Lizeaga sagardotegiko semea. Berehala jakin du zer den patsa: «Sagarra jotakoan gelditzen den hori». Eta berehala jakin du zer den ziria: «Sagardotegian txotx esan dugunean, upelean sartzen den makila pusketa txikia: txotxa». Galdera bakarra ez dute asmatu: zer da manttoni? «Zer da, Iparraldeko izenen bat?», galdetu du Mitxelenak. Ez, sagar barietate bat da. Eta mozolua? «Hori bai, hori ezagutzen dut: beste sagar barietate bat da», erantzun du Lizeagak.

Dantzariak, gonbidatuei agurra dantzatzen, Petritegin. JON URBE / FOKU
Dantzariak, gonbidatuei agurra dantzatzen, Petritegin. JON URBE / FOKU

13:30ak pasatuta hasi dira txistu doinuak Petritegin. Sagar dantzarekin agurra, eta soka dantza hurrena. Eskutik helduta sartu dira denak barrenera. Kamera eta fokupera. Gaminde lehenengo, eta Lizaso, Lizeaga eta Mitxelena ondoren. Bete dute edalontzia, eta esan dute: «Gure sagardo berria!». Ez dute esan: ez egin pasarik, 22ra dago iritsi beharra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.