Muralgintza

Unai Beroiz argazkilariak pandemian aitonari egindako argazkian oinarritutako mural bat egin dute Uharten

Javi Landa 'Deltadec' marrazkilariak egin du, eta igandean ikusi zuen Miguel Nieto argazkiko protagonistak.

Javi Landa Deltadec marrazkilariak Uharteko kirodegian egin duen murala. IñIGO URIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko abuztuaren 30a
15:54
Entzun

Oporretatik bueltan, ezusteko polita hartu zuen igandean Miguel Nietok. Don Benito herrian jaio zen, duela 93 urte (Espainia), eta duela mende erdi sorterria utzi zuen Euskal Herrira etortzeko. Hainbatek egin ohi duen bezala, uda honetan herrira itzuli da, baina ezustekoa etxerako bueltan hartu zuen. Igandean heldu zen Uharte Iruñerrira (Nafarroa). Ez, ordea, zuzenean etxera. Unai Beroiz haren bilobak sare sozialetan azaldu duenez, Uharteko kiroldegira eraman zuten senideek. Han zituen zain. Nietok protesta egin zuen, nekatuta zegoelako, baina kiroldegiko hormetako batera begiratzean, berehala egin zuen irribarre. «Inoiz ez dut hau imajinatu. Nire aitona flipatzen ikusteak asko pozten nau. Bihotzez, mila esker», azaldu du Beroizek.

Freelance argazkilaria da, eta Diario de Noticias egunkariarekin kolaboratzen du. 2020ko apirilaren 1ean pandemiako itxialdian aitonari atera zion argazki batek famatu zituen mundu osoan biak. Egun horretan, aurrez aurre egoteko debekuaren aurrean, aitonaren etxeko ezkaratzean egin zuten topo aitona-bilobek, kristal baten bi aldeetan. Eskuak beiran jarri, eta «argazkia sortu egin zen», esan zuen orduan Beroizek. Itxialdi baten erretratua izan zen hura. Sare sozialetan jarri zuen, bost hitzekin: «Aitona. Tan lejos, tan cerca» (Hain gertu, hain urrun). Berehala izan zuen oihartzuna. Budapest International Foto Awards sariketan zilarrezko saria jaso zuen.

Artistak bikain erreproduzitu du Unai Beroizen argazkia muralean. / Iñigo Uriz

Telebista, egunkari eta agentzietan bolo-bolo zabaldu zen argazkia, eta Erresuma Batuko The Guardian egunkariak ere publikatu zuten. Munduari buelta eman ondoren, orain, Nieto bezala, Uhartera itzuli da argazkia: irudi horretan oinarrituta, Javi Landa Deltadec marrazkilariak mural handi bat margotu du Uharteko kiroldegian. «Argazki hura egin nuenetik, itxialdi betean, asko izan dira argazki horrek sortutako une alaiak. Aitortzen dut, zalantzarik gabe, honexek poztu nauela gehien», adierazi du Beroizek.

Uharteko Udalaren enkargua izan da murala, eta argazkilariak eskerrak eman dizkie udalari eta, bereziki, Alfredo Arruiz alkateari. Baita udal langileei ere, murala egiteko horma txukuntzeagatik, eta sendiari, «sekretua gordetzeagatik». Azkenik, artistari eman dizkio eskerrak: «Lanaren egilea. Muralgintzaren aitzindaria Nafarroan. Cantamañas nazioarteko kaleko arte jaialdiaren bultzatzailea. Uharte nazioarteko mapan jarri duen tipulazalea. Argazkiaren erreprodukzioa ikusgarria da. Eskerrik asko zure arteagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.