Nerea Pascual Lezaun NUPeko ingeniariak (Iruñea, 1999) aztergai ditu Antartikako sumendiak; batez ere horiek zabaltzen duten beroa. Bero geotermikoa baliatuz elektrizitatea garatzea lortu du ingeniariak, bere NUPeko Ingeniaritza Termikoen eta Fluidoen taldekideekin batera garatutako teknologiari esker. Urrutiko estazioetarako irtenbide energetikoa izan daiteke, eta baliteke modua ematea sumendien egoera etengabe behatzeko. Antartikako Deception irlan egindako lanean sakontzeko aukera ere izan du NASAren Jet Propulsion Laboratory-n.
Nolakoa izan zen Antartikako espedizioan parte hartzea?
Izugarrizko esperientzia izan zen. Doktoretza tesia egiten hasi nintzenean, ez nekien joateko aukera izango nuen edo ez, baina azkenean baietz esan zidaten: hilabete bat egon naiz han. Beraz, tesian garatutako teknologia han instalatzeko aukera izan nuen.
Zertan datza garatu duzun teknologia?
Sumendiak oso baztertuta daudenez geografikoki, oso zaila zen halako lekuetan elektrizitatea eta energia izatea. Horrela hasi zen ideia seebeck efektua erabiliz sumendien beroa erabiltzeko. Seebeck fenomenoa eguzki plaka baten modukoa da, baina sendoagoa da, ez du atal mugikorrik. Eguzki argia erabili ordez, beroa erabiltzen du.
Nola baliatzen da sumendien beroa zehazki?
Horretarako diseinatu ditugu sorgailu geotermikoak. Diseinatzean, garrantzitsuena atal mugikorrik ez izatea izan da, horrek ematen diolako sendotasuna gure sistemari baldintza gogorretan dagoenean. Sorgailu horiek, berez, bi osagarri nagusi dituzte: moduluak, beroa elektrizitate bihurtzeko erabiltzen direnak, eta, gero, bero trukagailuak. Azkeneko gailu horiek beroa hartzen dute lurretik, eta modulura eramaten dute. Gero, moduluan bero horren parte bat elektrizitate bihurtzen da, eta gainerakoa atmosferara eramaten dugu beste bero trukagailu baten bidez.
Eta energia horri esker sumendiak monitorizatu daitezke?
Bai. Beharra zegoen, sumendien ugari monitorizatu gabe zeudelako, eta hori, batez ere, urrutiko lekuetan energia elektrikoa ekoizteko dituzten zailtasunengatik da. Azken finean, sumendiak mendi tontorrak dira, eta, han meteorologia baldintzak gogorrak baldin badira, ezin da eguzki plakarik edo haize errotarik ipini. Aktibo dauden sumendien %30 ez dira etengabe monitorizatzen, eta hori arazo bat da.
«Beharra zegoen, sumendi ugari monitorizatu gabe zeudelako, eta hori, batez ere, urrutiko lekuetan energia elektrikoa ekoizteko dituzten zailtasunengatik da»
Zein da proiektuaren alorrik berritzaileena, zure ustez?
Bero trukagailu horien mota askotarikoak daude, eta normalean, efizientzia hobetzeko, atal mugikorrak erabiltzen dira: adibidez, haizagailuak eta puzgailuak, besteak beste. Hala ere, fidagarritasuna galtzen da horrekin. Horri aurre egiteko, bero trukagailu solidoak erabiltzen dira, baina ez dira hain efizienteak. Guk egin duguna eta ezberdina dena da fasea aldatzen duten fluidoak erabiltzen ditugula. Teknologia horrek izugarrizko efizientzia ematen dio bero trukagailuari, eta NUPek patentatu du.
NUPeko Ingeniaritza Termikoen eta Fluidoen taldean denbora asko daramazue geotermiarekin lanean, ezta?
Bai. Nire ikerketa taldeak urte asko daramatza proiektu honetan lanean, hamar urte inguru. Hasieran, Kanaria uharteetan egin zituzten zenbait instalazio, eta, ikusita hor teknologiak funtzionatzen zuela, pentsatu zuten Antartikara eramatea, horren bitartez frogatzeko teknologia fidagarria dela edozein sumenditan; izan ere, han dauden baldintzak oso gogorrak dira, eta, hor funtzionatzen badu, beste lekuetan ere funtzionatuko duela aurreikus dezakegu. David Astrain nire irakaslea zen, eta proiektuan parte hartzea proposatu zidan.
Eta hortik, Antartikara. Nolakoa izan zen Deception uhartean hilabetez egotea?
Oso esperientzia polita izan da, baina aldi berean, gogorra. Azkenean, jende asko aritzen gara eremu oso txiki batean lan egiten, eta guztiok logela berean. Han egoteko egunak mugatuta dauzkazunez, lan asko egin behar duzu, eta batzuetan hori ere gogorra da; nekatuta zaude, eta, atseden hartzeko, bakarrik egon nahi duzu, baina ez da hain erraza hori lortzea. Adibidez, ezin zara bakarrik atera, eremu arriskutsua delako.
Zeintzuk dira ikertu duzun sumendiaren ezaugarriak?
Antartikan ikertu genuen sumendia oso aktiboa da. Azkeneko erupzioa 1970ean izan zuen, eta Txile eta Erresuma Batuko baseak suntsitu zituen. Hortik aurrera, hainbat krisi sismiko izan ditu; azkenekoa uste dut 2021ean izan zela.
Zer izan zen harrigarriena zuretzat?
Lanetik kanpo, pertsonalki, gehien harritu ninduena animaliak ikustea izan zen. Beti gustatu zaizkit animaliak, eta pinguinoak eta itsas lehoiak ikustea izugarria izan da. Gainera, pinguinoak guregana hurbiltzen ziren; ez dituzu ukitu behar, noski, baina oso ikusgarria da izutzen ez dela ikustea. Aurretik soilik dokumentaletan nituen ikusiak, eta aurrez aurre ikustea izugarria izan da.
Nolakoa izan da geologoekin batera lan egitea?
Geologoek batez ere tenperatura neurtzeko erabiltzen dute gure teknologia, eta, lurraren mugimenduak neurtzeko, sismografoak ere jartzen dituzte. Gure teknologia modularra da; hau da, gailu gehiago jartzen badizkiozu, elektrizitate gehiago sortuko du. Beraz, elektrizitate gehiago ekoizteko ere erabil dezakezu; baina Antartikan ez da posible, ezin baita lekua gailuz bete.
Teknologia laborategietan garatu duzue. Nola lortu zenuten Antartikan funtzionatzea?
Teknologiak Antartikan funtzionatzeak ez ninduen hainbeste harritu. NUPen proba asko egin genituen, eta pentsatzen nuen funtzionatuko zuela, baina baldintza gogor haiek laborategian erreproduzitzea, hori ezinezkoa zen: izugarrizko haizea dago, adibidez. Harro sentitu nintzen ikusi nuenean urte osoan energia ekoizten ibili zela, neguan ere bai: hori da garrantzitsuena. Elektrizitatea denbora gutxian ekoiztea ez da hain zaila, eguzki plakekin egin daiteke eta; baina zaila da urte osoan elektrizitatea ekoiztea baldintza gogor horietan. Gure sistemak hori jasaten zuela ikustea oso pozgarria izan zen.
«Antartikan sortzen ziren arazoak konpontzen bagenekien, baina, energia elektrikoa ekoizten duzunean, sistema elektroniko bat diseinatu behar duzu hori kudeatzeko»
Nola egokitu duzu teknologia baldintza gogor horietara?
Oso zaila izan zen, batez ere nire lankideak lehendabiziko aldiz joan zirenean. Ez zekiten zer aurkituko zuten han. Geologoek azaldu zieten guztiarekin diseinatu genuen gero teknologia, baina nahiko kontserbadoreak izan gara beti: tratamenduak egiten ditugu etengabe, eta gure kutxak diseinatu genituen arazorik ez izateko; neurri pila bat hartu genituen.
Zein izan da zailtasun nagusia?
Ingeniaritza elektronikaren esparrua. Ingeniariak gara, baina taldeko gehienak mekanikoak gara. Antartikan sortzen ziren arazoak konpontzen bagenekien, baina, energia elektrikoa ekoizten duzunean, sistema elektroniko bat diseinatu behar duzu hori kudeatzeko. Alor horretan arazoak sortzen zirenean, asko kostatzen zitzaigun konponbide bat bilatzea, zeren askotan ez genekien zer zegoen gaizki. Bero trukagailuen esparruan zerbait berria asmatzen ari gara, baina elektronika egina dago. Ingeniaritza lan bat da, bai, baina, hori egiteko, elektronika asko ikasi behar izan nuen.
Eta, orain, zein da hurrengo urratsa?
Teknologia moldatu nuen Antartikako kondizio hotzetara egokitzeko; parte hotzean dauden bero trukagailuetan zentratu nintzen. Orain, beste tesi bat dago martxan, parte beroan zentratuta. Jada frogatu dugunez Antartikan funtzionatzen duela, gure helburua da beste sumendietara eramatea. Frogatu dugu oso baldintza gogorretan fidagarria dela, eta hurrengo pausoa da beste sumendietara zabaltzea eta behar hori konpontzen laguntzea.
Hilabeteko egonaldia egin duzu NASAren Jet Propulsion Laboratoryn. Nolakoa izan da esperientzia hori?
NASAk ere erabiltzen ditu sorgailu termoelektrikoak, eta, oso sendoak direnez, misio espazialetan erabiltzeko oso egokiak dira. Kongresu batzuetan, hango ikerlari batzuekin bat egin dugu, eta gure taldeak egiten duen lana ongi baloratzen zutela esan ziguten; horren harira sortu zen ikerketa egonaldi bat egiteko aukera. Izugarrizko esperientzia izan zen Kaliforniako (AEB) laborategian lanean aritzea, eta, gainera, teknologikoki oso aurreratuta dauden arren, gure lanaren inguruko interesa erakutsi ziguten.