Ikerbasqueko ikerlaria

Ainara Castellanos: «Zeliakia gaixotasun autoimmune bat da berez; ez da intolerantzia gisa hartu behar»

Zeliakiaren ondorioz sortzen den inflamazioa sakonki ikertu du Castellanosek, baita eritasunaren jatorria ere: «Zeliakoek genetika jakin bat izan behar dute gaixotasuna garatzeko»

(ID_13467984) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-01-04, Portugalete. Ainara Castellanos ikerlariak glutena ikertu du
Ainara Castellanos ikerlaria atzo, Portugaleten (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
itsaso jauregi 2
2024ko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Itzalean egoten den gaixotasun bat da zeliakia. Gaixotasun zeliakoa gaitz autoimmune bat da, hesteari kalte egiten diona. Kalte hori glutena kontsumitzekoan izandako erreakzio baten ondorioa da. Hala ere, oraindik ez dago argi pertsona batek zer ezaugarri izan behar dituen zeliakia garatzeko. Hesteetako zeluletan glutenak eragindako inflamazioa murrizteko gai den azidoa ikertu du Ainara Castellanos Ikerbasqueko ikerlariak (Portugalete, Bizkaia, 1982). Azido salbianolikoa salbia landaretik lortzen da, eta Castellanosek aurreikusten du epe laburrean zeliakoen bizitza errazteko gai izango dela, Gut aldizkari zientifikoan argitaratutako artikuluaren arabera.

Zergatik erabaki zenuen zeliakia ikertzea?

Ez zen erabaki kontzientea izan. Tesia gaixotasun zeliakoaren inguruan egin nuen. AEBetara joan nintzen, eta han biologia molekularra ikertu nuen, baina zeliakiaren testuinguruan kokatuz. 

Zeliakia intolerantziarekin lotzen dute askok oraindik. Baina zer eragin du glutenak zeliakoengan?

Zeliakia gaixotasun autoimmune bat da berez; ez da intolerantzia gisa hartu behar. Zeliakoei gorputza aztoratu egiten zaie glutena jaten dutenean: glutenak haien gorputzaren kontra egiten du; kasu honetan, hestearen kontra.

Zein da gaixotasunaren jatorria?

Zeliakoek genetika jakin bat izan behar dute gaixotasuna garatzeko. Badakigu hainbat ingurune faktore daudela, baina ez dakigu zehazki zeintzuk. Orain, infekzio batzuk ere lotzen dira zeliakiarekin. Askok uste dute errotabirusa izan dutenek aukera handiagoa dutela gaixotasun zeliakoa izateko.

Oraingoz, zer baldintza bete behar dituzte gaixotasun zeliakoa dutenek?

Gaur-gaurkoz, ez dago gene guztien inguruko informazioa: berrogei gene inguru daudela uste da. Gene baten aldagai bat duela urte asko deskribatu zen, eta gaixotasun zeliakoa dutenen %90ek baino gehiagok daukate aldagai hori. Hala ere, populazio orokorrean ere oso ohikoa da. Puzzle baten modukoa da: pieza batzuk derrigorrez izan behar dituzu, eta, horiez gain, beste pieza batzuk daude, zeinak ez duten kasu guztietan egon behar. Konbinazio bat da, baina ez dago guztiz zehaztuta zein den.

Zer konexio dago burmuinaren eta hesteen artean?

Asko ikertzen ari den zerbait da: heste eta burmuina ardatza deritzo. Ez dago oso argi zein den konexioa; batzuen ustez, hestean ditugun mikroorganismoek egiten dituzten prozesuen ondorioz sortzen diren molekuletan konexioa aurkitu daiteke; beste batzuen ustez, berriz, odolean zabaltzen diren besikula batzuk dira. Azkenaldian, asko hitz egiten da neuroglutenaren inguruan, adibidez, baina loturak zeintzuk diren ez dago oso argi.

Zer da neuroglutena?

Glutenak burmuinean izaten ahal dituen efektuak. Gaixotasun zeliakoa izatekotan, sintoma asko daude hesteetan, eta asko burmuinean gertatzen dira. Gaixotasun zeliakoa dutenek ez dituzte mantenugaiak ongi xurgatzen, eta horrek eragiten du fuzzy brain izatea: zorabiatua egotea.

Aurkeztu duzuen ikerlanean, ikusi duzue glutenak aldaketak eragin ditzakeela RNAn. Nolakoak dira aldaketa horiek?

Aldaketa kimikoak dira. Ikusi genuen pertsona batek glutena jaten duenean marka batzuk RNAn pilatzen direla. Horrek eragina izan dezake RNAn: proteina bihurtuko da azkarrago, adibidez. Glutenarekin harremana badago, marka horiek jartzen dira RNAn.

Nola interpretatu marka bakoitza?

Hori oso prozesu konplexua da. 150 marka inguru daude, eta non kokatuta dauden ere kontuan hartu behar da: konbinazioa infinitua da. Biologian maila hori ezezaguna da.

Ikerketan, glutenaren ondorioz zeliakoen hesteetan sortzen den inflamazioa eteteko gai izan zarete. Nola?

Chicagoko Unibertsitatearekin aritu gara elkarlanean, oso trebeak baitira RNAren markak identifikatzen. Haiek esan ziguten ezagutzen zutela gaixotasun zeliakoarentzat eraginkorra izan zitekeen konposatu natural bat. Konposatua patentatu gabe zegoen ordu hartan, baina probak egiteko eman ziguten; ez genekien zer zen. Zeluletan glutena eta konposatu misteriotsu hori jarri genituen, eta ikusi genuen inflamazioa ez zela handitzen.

Azido salbianolikoa da konposatu misteriotsua, ezta?

Bai. Sekretua zen, eta patentatu eta gero esan ziguten.

Zer-nolako eragina izan dezake azido salbianolikoak gaixotasuna dutenengan?

Gaixoekin oraindik ez dugu probatu; hori izango litzateke hurrengo pausoa. Zaila da; proiektu berri bat idatzi beharko genuke, dirua eta medikuen inplikazioa lortu. Hori egitea gustatuko litzaidake, baina ez dakit posible izango den.

Gaixotasun autoimmune bat da. Horrek ikerketa prozesua errazten du?

Gaixotasun autoimmuneen artean, ikertzeko hoberena da zeliakia. Pertsona bati zeliakia diagnostikatzen diotenean, biopsia bat egiten diote. Gero, glutenik gabe bi urtez egon eta gero, beste bat egiten diote. Guretzat, hori oso baliagarria zen: batetik, pertsonaren heste osasuntsua genuelako, glutenik gabekoa, eta, bestetik, gaixo dagoen hestea. Konparatzeko materiala izugarria zen.

Ikerketari esker tratamendu berriak egitea aurreikusten duzu?

Badaude tratamendu batzuk saiakuntza klinikoan daudenak. Ez dakit epe laburrean tratamendu bat lortuko dugun, baina lagungarria izan daitekeen zerbait bai, zeliakoen bizitza erraztuko duen zerbait. Laktosarekin gertatzen den moduan: pilula bat hartzen dute, eta listo. Zeliakia intolerantzia bat ez izan arren, hori egiteko aukera aurkitu nahi dugu.

Zeliakiaren inguruan gutxi ikertzen dela uste duzu?

Ez da gutxi ikertzen, baina ez da asko baloratzen. Aldizkari zientifikoetan gure lana aurkezten dugunean ez dute aintzat hartzen, beste gaixotasunekin konparatuz.

Lehen mailako eta bigarren mailako gaixotasunak daude, beraz?

Bai. Egia da gaixotasun zeliakoaren inguruan ezjakintasuna dagoela; askok uste dute glutena kenduz dena konpontzen dela, eta ez da hala. Bigarren mailako gaixotasun gisa hartzen da zientzian: ez da alzheimerra, edo minbizia. Ez da hainbesterako. Guretzat zailagoa da aldizkarietan argitaratzea eta dirua lortzea.

Ikerketa hau nazioarteko lankidetzaren fruitua da?

Bai, zalantzarik gabe. Batzuetan oso zaila da kolaborazioak egitea eta nazioarteko erantzunak jasotzea. Chicagoko Unibertsitateko talde hau munduko indartsuena da RNA marken ikerketan. Haien izenak ateak ireki dizkigu. Batzuetan etsipena nagusitzen da, nazioarteko ospea lana baino gehiago hartzen baita kontuan.

Zer erronka ditu zeliakiak?

Asko geratzen zaigu egiteko. Zeliakiaren faktoreak ezagutzea, RNAn dauden marka horiek nola funtzionatzen duten jakitea, gene gehiago ezagutzea, tratamendu berriak garatzea, burmuinean gertatzen diren sintomak zehaztea… asko daukagu ikertzeko oraindik, eta eskerrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.