Aurten ere, Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikapenerako egun bilakatu nahi du Guka Bilboko euskaltzaleen mugimenduak. Iaz egin zuten moduan, manifestazioa antolatu dute abenduaren 3rako; Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko da, 19:00etan, eta Denok irabazteko, Bilbo euskaldundu izango du goiburu.
«Bilboko euskaltzaleen plaza askea» da Guka, eta denbora luzea darama Bizkaiko hiriburuan euskararen aldeko lanean diharduten talde eta norbanakoak elkartzen. Iaz «erdalduntze makinaren» inguruko kanpaina jarri zuten abian; metafora horren bidez, mugimenduak adierazi nahi izan zuen Bilbon ezinezkoa dela euskaraz bizitzea, eta badaudela hiria etengabe erdalduntzen duten zenbait mekanismo, dena emanda lanean dihardutenak.
«Erdalduntze makina» horren funtzionatzeko moduaren zenbait adibide praktiko ere eman zituzten Bilboko euskaltzaleek, eta, esaterako, udaltegietako eta kiroldegietako euskarazko ikastaroak hutsaren hurrengo zirela salatu. «Euskaldunak itota bizi dira euren hirian», ondorioztatu zuen mugimenduak.
Norabide aldaketa
Kanpaina horren azken ekitaldia izan zen Euskararen Nazioarteko Egunean Erdalduntze makina gelditu lelopean eginiko manifestazioa. Aurten, berriz, beste urrats bat egin nahi du Guka mugimenduak, eta «erdalduntze makinaren» funtzionamendua salatzeaz gain, «norabidea aldatzeko» ere eskatuko dute, «erdalduntzen duten politikak» alde batera utzi, «euskalduntzeari ateak ireki» eta «Bilbo euskalduntzeko beharrezko neurriak» hartzeko. «Ez dago hizkuntza politika neutrorik», azaldu du Guka mugimenduak; «erdara hutsean programatzeko eta funtzionatzeko politika eta diru sailak erdalduntze politika aktiboak dira, eta horiek dira, nagusiki, Bilbon sustatzen direnak».
Denok irabazteko, Bilbo euskaldundu izango da aurtengo manifestazioaren leloa. Horren bidez, adierazi nahi dute Bilbo euskalduna «hiri hobea» izango dela «bilbotar gehienentzat». Norbanako eta elkarte bakoitzak euskararen alde egiten duen lana goresteaz gain, instituzioek eta eragileek egin beharrekoa nabarmentzea da Gukaren asmoa.