Ospakizunetarako eguna izaten da abenduaren 3a, baina Bilboko euskaltzaleek borroka egun ere bilakatu nahi izan dute, «euskaldunontzat ez baita jai egunik borrokarik gabe etorriko denik». Horregatik, Bilboko euskaltzaleak biltzen dituen Guka mugimenduak deituta, manifestazioa egin dute Euskararen Egunaren harira, Erdalduntze makina gelditu! lelopean. Haien esanetan, Bizkaiko hiriburuan badago euskaraz bizi ahal izatea ezinezko egiten duen «erdalduntze makina erraldoia», eta hura eraisteko «erabaki politiko ausartak» eskatu dituzte.
Amaiera ekitaldian egoera deskribatu dute Guka-ko kide Maialen Gagok eta Ander Anakabek irakurritako agiriaren bidez: euskara berreskuratzeko prozesua «geldialdian» dago, «atzeraldiaren zantzuak» ere agertzen hasi dira, eta horrek «etsipen moduko bat» sortzen du. Are gehiago Bilbon: euskaldun gehien dituen eremu geografikoa izanagatik ere, Bilbo ez da «hiri atsegina» euskaldunentzat.
«Bilbon ezin da euskaraz bizi», azaldu dute. «2025. urtean udal ordenantza ziztrin bat ere ez daukagu, Uriola eta Prest hedabideak itxi behar izan dituzte diru laguntza eskasengatik, erdaraz diren BBK Live eta parekoei milioiak ematen dizkiete, auzoetako euskal jaiek Gabonetako zozketei esker irauten dute, euskaltegien ekinbideei ezetza ematen diete eta abar».
«Erdalduntze makina» dena emanda ari da lanean Bilbon, baina Guka-koek uste dute badagoela hura deuseztatzeko modua. Haiek ere pentsatzen dute euskara «erakargarri» egitea dela gakoa, baina, horretarako, boterea beharrezkoa dela uste dute: «Horrek egiten du hizkuntza bat desiragarri, erakargarri. Euskaraz bizitzea estresez eta konplikazioz beterik bizitzea baldin bada, ez da inoiz erakargarria izango».
«Euskara salbu dago; baditugu testuliburuak, idazkiak eta kantuak. Euskaldunok gara salbu ez gaudenak»
MAIALEN GAGO Guka mugimendua
Guka-koen iritziz, euskaraz bizitzea erabakitzea «hautu politikoa» da, eta euskaldunen eskubideen aldeko lana pertsona guztien eskubide guztien aldeko lana ere bada: «Gu euskaraz bizi nahi duten pertsonen eskubideen alde borrokatzen gara, sinetsita baikaude pertsona guztiek dutela era duin eta aske batean bizitzeko eskubidea». Haien aburuz, auzia ez da hizkuntzaren iraupena, hiztunen eskubideak baizik: «Euskara salbu egon badago, baditugulako testuliburuak, idazkiak eta kantuak. Euskaldunak gara salbu ez gaudenak; euskaraz bizi eta munduari euskaratik begiratu nahi dion komunitatea».
Larrialdi egoera gainditzeko, Guka-k ezinbesteko deritzo «borondate politikoari». Eta lantegi horretan euskaltzale guztiek dute hondar aletxoa jartzeko aukera, baina zenbaiten ardura handiagoa da: «Euskaltzale guztien lana da, baina ardura politikoak dituztenen betebehar eta erantzukizuna ere bada». Horregatik, «erabaki politiko ausartak» eskatu dizkiete horrelakoak hartzeko modua dutenei: «Botererik ez duen komunitate bat desagertzera kondenatuta dago».
Raphael eta txistulariak
Bilboko Udalak Gabonak girotzeko jarritako bozgorailuetatik Raphael kantari espainiarraren El tamborilero entzuten zen bitartean, abian jarri da manifestazioa Plaza Eliptikotik: lehenbizi, txistulariak; atzean, pankarta nagusia; eta horren ostean, ehunka euskaltzale, «erdalduntze makina gelditu!», «Bilbon ere euskaraz!», «Gora Bilbo euskalduna!», eta «Bilbon euskaraz bizi nahi dugu!» oihukatuz.
Plaza Zirkularrera iristean, Ikama ikasle erakundeko kideak zeuden zain, abenduaren 11ko ikasle grebarako dei eginez, Hezkuntzan ere erdalduntze makina martxan dagoelako leloa idatzia zuen pankarta bat eskuetan.
Arriaga antzokiaren aurrean amaitu da mobilizazioa. Han «erdalduntze makina» irudikatzen zuen panel bat zegoen, kuboz egindakoa. Agure zaharra kantua, hots, Lluis Llachen L’estaca abestiaren euskarazko moldaketa kantatu dute bertaratutakoek: «Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan». Eta, bitartean, kantuaren hitzei men eginez, «erdalduntze makina» desegin dute, soka batzuetatik tiraka. Zoruan barreiatuta zeuden kuboak ordenatu eta beste egitura bat sortu dute, Euskaltzaleon garaia da. Bilbo euskaraz dator esaldiak agerian zituena.