Aurtengo beroaldiek agerian utzi dute Euskal Herriko osasun zentro asko ez daudela behar bezala prestatuta muturreko tenperaturei aurre egiteko. Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren txosten batek Basurtuko ospitaleko Psikiatria zerbitzuaren baldintzetan egin du azpimarra: 31,9 gradurainoko tenperaturak erregistratu dituzte Eskuza pabiloian —eraikin horretan artatzen dituzte Psikiatriako pazienteak—. CCOO sindikatuak eginiko salaketa bati erantzunez argitaratu dute txostena. Sindikatuaren arabera, eraikin horren baldintzak «oso desegokiak» dira hala pazienteentzat nola bertan lan egiten dutenentzat. «Han artatzen dituztenen eritasunen tipologia dela-eta, ezin dira leihoak ireki gelak egurasteko, giltzaz itxita baitaude», adierazi dute ohar batean.
CCOOren esanetan, gainera, Lan Ikuskaritzaren txostenean jasotako dokumentazioari esker jakin dute Osakidetzak «bazuela horren berri», gutxienez, 2016. urtetik: «Osakidetzak bazekien ez zegoela hotz klimatizaziorik, eta beharrezkoa izanen zela arriskuak prebenitzeko planetan neurri zehatzak jasotzea bentilazioa eta klimatizazioa hobetzeko».
«Egiturazko» arazoa
Are: Bizkaiko Lan Ikuskaritzak uste du arazoa «egiturazkoa» dela, pabiloiak ez baitu tenperatura freskatzeko sistemarik. Hori dela eta, auziari lehenbailehen heltzeko deia egin dio Osakidetzari, eta bide orri zehatz bat ere ezarri dio: lehenik eta behin, bideragarritasun txosten tekniko bat ontzera premiatu du, «zeinean jasota egonen den baldintza termiko egokiak bermatzeko egiturazko neurrien kronograma bat». Bestalde, muturreko tenperaturei aurre egiteko «berehalako plan bat» eta neurketa termiko eta higrometrikoak egiteko programa bat ere proposatu ditu.
Osakidetzak orain arte esku hartu ez izana kritikatu du Alfonso Riosek, CCOOko lan osasuneko arduradunak: «Osakidetzak bazuen egoera honen berri, gutxienez, duela hamar urte, eta, behin baino gehiagotan salatu dugun arren, ez dute konponbide egonkorrik ezarri. Horrek agerian uzten du Osakidetzak ez duela inongo ekinbiderik eta interesik erakutsi Psikiatria zerbitzuko langileen eta erabiltzaileen osasuna zaintzeko». Eskuza pabiloian klimatizazio sistema jartzeko lanak «lehenbailehen» hasteko deia ere egin du sindikatuko ordezkariak.
Hau ez da bero boladak osasun zentroetan eragin duen arazo bakarra. Ekainean, esate baterako, SATSE erizainen sindikatuak salatu zuen osasun zentro asko egoera txarrean zeudela eta «hainbat salaketa» jarri zituztela Lan Ikuskaritzan, Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 21. artikuluan oinarrituta. Artikulu horren arabera, langileek eskubidea dute lanpostua uzteko beren osasuna edo bizia arriskuan badago. Erizainen sindikatuak azaldu zuen gero eta bero handiagoa dagoela, eta uste dute horrek «zaildu» egiten duela Osakidetzako eta Osasunbideko zentroetan arta egokia ematea: «Arriskutsua da pazienteen eta profesionalen osasunerako», esan dute.