Ekainaren amaieran Euskal Herria jo zuen bero boladan, SATSE erizainen sindikatuak salatu zuen osasun zentro askoren egoera txarra zela, bero handiegia egiten zuela eta. Hala, gaurkoan sindikatuak adierazi du «hainbat salaketa» jarri dituztela Lan Ikuskaritzan, Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 21. artikuluan oinarrituta.
Artikulu horren arabera, langileek eskubidea dute lanpostua uzteko beren osasuna edo bizia arriskuan badago. Erizainen sindikatuak azaldu du gero eta bero handiagoa dagoela, eta uste dute horrek «zaildu» egiten duela Osakidetzako zentroetan arta egokia ematea: «Arriskutsua da pazienteen eta profesionalen osasunerako», esan dute.
Azken urteetan izan diren bero boladetan SATSEk hainbat zentrotan eskatu du jarduera gelditzeko edo gunea lehenago ixteko, «estres termikoagatik»; hala ere, Osakidetzak neurri «inprobisatuak» hartzen ditu, haien esanetan: «Argi eta garbi, ez dira nahikoa. Bildutako datuek egoera jasanezina erakusten dute, milaka pertsonaren artaren kalitatea eta segurtasuna arriskuan jartzen dituena».
Sindikatuaren eskariak
Ikusita bero boladak gero eta ugariagoak eta gogorragoak izango direla, SATSEk adierazi du beharrezkoa dela kontingentzia plan bat ezartzea klimatizazio sistemarik ez duten zentroetan, uste baitu hartu diren hainbat neurri ez direla nahikoa; esaterako, estoreak eta haizagailuak jartzea. Hala, uste dute zentro bakoitzean azterketa mardul bat egin beharko litzatekeela, eta arazo nagusiak identifikatu.
Horrez gain, uste dute ordutegiak moldatu egin beharko liratekeela, estres termikorik izan ez dadin. Protokolo bat egiteko eskatu dute, tenperatura «sabai termiko jakin batetik» gorakoa denean jarduera automatikoki gelditzeko.
Hala ere, uste dute halako planik ezingo dela egin hurrengo bero boladaren aurretik; hori dela eta, eskatu dute beste bat iristerako jarraibide «zehatzak» eman ditzatela, eta protokolo bat osatu dezatela «profesionalen eta pazienteen segurtasuna bermatu ezin duten zentroak berehala geldiarazteko».