Begiradak azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako kanpainaurrean jarrita badaude ere, harrabotsa sortu du egunotan hurrengo urteko Bizkaiko Batzar Nagusietarako bozetarako EAJren hautagai nagusia aukeratzeko barne prozesuak. Hura ere bidea egiten ari da, baina, eta prozesuaren lehen itzulia bukatu berri da. Ondorengoak dira emaitzak: Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak 87 uri batzarretan irabazi du; Elixabete Etxanobe jarduneko ahaldun nagusiak, berriz, 24tan.
Prozesua hastearekin batera, nabarmen hartu zion aurrea Bengoetxeak Etxanoberi. Bizkai Buru Batzarrak proposatutako hautagaia, besteak beste, Bilbo Zaharreko, Barakaldoko, Basauriko, Bermeoko, Gernikako, Getxo Zaharreko, Portugaleteko, Santurtziko eta Sestaoko uri batzarretan nagusitu da. Egungo Bizkaiko ahaldun nagusiak, ordea, besteak beste Galdakaon, Durangon eta Ondarroan jaso du boto gehien.
Lehen itzuli horretan uri batzar bakoitzak BBBren proposamena babesteko edo hautagaitza alternatiboak aurkezteko aukera du —batzar bakoitzak, gehiengoz, hautagaitza bat babestu dezake—, eta hala egin dute hainbat alderdikidek Etxanoberen alde. Behin prozesu hori amaituta, Bengoetxeak eta Etxanobek bigarren fasera igarotzeko aukera dute, bi uri batzarren babesa nahikoa baita horretarako.
Ikusteko dago, ordea, zer gertatuko den orain. Izan ere, alderdiak hautagai horiei galdetuko die ea bigarren itzulira aurkezteko asmoa duten, eta hautagaiek asteazkenera arteko epea dute euren asmoen berri emateko. Etxanobek uko egingo balio, Bengoetxeak libre luke EAJren ahaldungai nagusi bihurtzeko bidea.
Ezusteko proposamena
Izatez, Bengoetxearen izendapenak hautsak harrotu zituen hilabete hasieran. EAJren Bizkai Buru Batzarrak Euzkadi Buru Batzarrarekin adostu gabe hartu zuen erabakia, eta hura jendaurrean ezagutarazi baino zertxobait lehenago jakinarazi zion Aitor Esteban alderdiko presidenteari. Hain zuzen, Estebanek berak elkarrizketa batean Etxanoberen ibilbide politikoa goraipatu zuen ordu batzuk lehenago.
Etxanoberentzat ere «ezusteko» bat izan zen izendapena. Haren hitzetan, Iñigo Ansola BBBko presidenteak martxoan esan zion bera izango zela hautagaia. «Baizkoa eman nuen», esan zuen hedabideen aurrean.
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaitzak azaroaren 11n egingo ditu ofizial EAJk, horretarako prestatutako batzarrarekin. Bizkaian ez bezala, Araban eta Gipuzkoan lasaiak izan dira prozesuak. Bi kasuetan, egungo ahaldun nagusien aldeko apustua egin dute: Araban, Ramiro Gonzalez, eta Gipuzkoan, Eider Mendoza.