Bukatu da EAJren Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko bozketen lehen itzulia: Ibone Bengoetxeak 87 uri batzarretan irabazi du; Elixabete Etxanobek, berriz, 24tan.
Asteazkenean jada nabarmen hartu zion aurrea Bengoetxeak Etxanoberi 47 batzokitan bozketa egin ondoren. Bizkai Buru Batzarrak aurkeztu zuen egungo Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketarako sailburua EAJren Bizkaiko ahaldungai izateko hautagai.
Besteak beste, Bengoetxea Bilbo Zaharreko, Barakaldoko, Basauriko, Bermeoko, Gernikako, Getxo Zaharreko, Portugaleteko, Santurtziko eta Sestaoko uri batzarretan nagusitu da. Egungo Bizkaiko ahaldun nagusiak, ordea, Galdakaon, Durangon edo Ondarroan jaso ditu bozka gehien, besteak beste.
Bi hautagaiek gaurtik asteazkenera bitarte jakinarazi beharko dute ea bigarren itzulira aurkeztuko diren. Azaroaren 11n EAJk alderdiaren asanblada ofiziala egingo du, eta Bizkaiko ahaldungaia berretsiko. Arabakoa Ramiro Gonzalez izango da, eta, Gipuzkoakoa, Eider Mendoza.