Bengoetxea gailentzen ari da Bizkaiko batzokietan, baina Etxanobek lortu ditu jada bigarren itzulirako bermeak

EAJren Bizkaiko ahaldungai nagusia izendatzeko prozesuan, berrogei batzokietan bozkatu dute jadanik, eta %85etan Bengoetxea gailendu da. Gaur egungo ahaldun nagusia seitan nagusitu da, eta bigarren itzulian egon daiteke, nahikoa baitzuen bitan irabaztea.

Ibone Bengoetxea eta Elixabete Etxanobe, artxiboko argazki batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibone Bengoetxea eta Elixabete Etxanobe, artxiboko argazki batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2026ko urriaren 22a
09:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

BBB Bizkai Buru Batzarrak Ibone Bengoetxea gaur egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea proposatu zuen urriaren 8an EAJren Bizkaiko ahaldungai nagusia izateko. Azken legealdian ahaldun nagusia izan dena, Elixabete Etxanobe, ezustean harrapatu zuen erabaki horrek, baita EAJren EBBko presidente Aitor Esteban ere. Gaur egun Bizkaiko jeltzaleen artean dagoen barne borroka modu gordinean azaleratu zen hala, baina Etxanoberen erreleboa BBBk tentuz egindako urratsa dela erakusten ari da Bizkaiko batzokietan egiten ari diren bozketen emaitza.

Izan ere, 123 batzokietan bozkatzen ari dira ahaldungai nagusia eta beste hautagaiak izendatzeko, 2027ko foru hauteskundeetarako, eta, atzo arteko emaitzak kontuan hartuta, batzokien %85etan gailendu da hautagai ofiziala, Bengoetxea, eta seitan baino ez Etxanobe, besteak beste Zeberion, Aitor Esteban EBBko burua bizi den herrian. 

Atzo hasi zen prozesua, eta igandean amaituko da, eta jada ikusi da BBBko presidente Iñigo Ansolak babes nahikoa zuela Etxanoberen erreleboa egin ahal izateko. Prozesu bera egiten ari dira Araban eta Gipuzkoan, baina han ez dago Bizkaian suertatu den hautagaien arteko lasterketarik; alderdiaren zuzendaritzek egindako proposamenak berretsi baino ez dute egingo afiliatuek, alegia.

Oraindik batzoki askotan bozkatu behar dute, baina Elixabete Etxanobek lortu ditu jada berme nahikoak lurraldeko agintari gorena izaten jarraitzeko saioan segitzeko, batzoki bitan gailentzea nahiko baitzuen horretarako. Igandean, Bizkaiko afiliatuek aterako duten argazki osoa izango dute hautagaiek, eta, emaitza horien arabera, ikusi beharko da bietako batek uko egiten ote dion bigarren itzulian egoteari eta bidea zabalik uzten ote dion lehiakideari. Ez du ematen erabaki hori Bengoetxeak hartu beharko duenik, abantaila handiarekin hasi baitu prozesua.

Bigarren itzulirako erabakiak

Urriaren 29tik azaroaren 2ra izango da bigarren itzulia, baina hura hasi aurretik, Etxanobek aurrera egiten duen ala ez erabaki beharko du. Lehen itzulia gaur-gaurkoz islatu den argazkiarekin amaituz gero, oso aukera gutxi lituzke hautagaitza lortzeko. 2025ean, EBBren barne prozesua egin zuten EAJren zuzendaritza berritzeko, eta orduan ere Andoni Ortuzarren —ordu arteko EBBko presidentea— eta Aitor Estebanen arteko norgehiagoka bat suertatu zen, orduan ere ezustean, eta orduan ere Bizkaiko zuzendaritzan egondako desadostasun bat tartean zela. Azkenerako, Ortuzarrek uko egin zion bigarren itzuliari, eta Esteban izendatu zuten EBBko presidente.

Lurraldeko batzarrak azaroaren 11n burutuko du ahaldungai nagusia izendatzeko prozesua, Hego Euskal Herrian greba orokorra egingo den egunean. A-29ko hauteskundeen kanpaina, berriz, azaroaren 12an hasiko da. Hala, Bizkaiko EAJren zuzendaritzaren barruan islatzen ari den banaketak ez die askorik lagunduko jeltzaleei Espainiako Gorteetarako bozei begira.

Lurraldeko batzarrak azaroaren 11n burutuko du ahaldungaia izendatzeko prozesua, Hego Euskal Herrian greba orokorra egingo den egunean. A-29ko hauteskundeen kanpaina, berriz, azaroaren 12an hasiko da.

BBBk Ibone Bengoetxea proposatu eta hurrengo egunean, Elixabete Etxanobe egungo ahaldun nagusiak ezuste galanta izan zuela adierazi zuen, minduta: «Erabateko sorpresa izan da niretzat; atzo jakinarazi zidaten, eta oraindik ez dakit zergatia». Gaineratu zuen ustekabea handiagoa dela Iñigo Ansola BBBko presidentearekin hitz egin zuelako lehenago gaiari buruz: «Martxoaren 5ean, Ansolak bilera batean esan zidan ni proposatu ninduela hautagai izateko; baiezkoa eman nuen».

Bizkaiko barne borroka

BBBko buru Iñigo Ansolak erantzun zuen Etxanobe oso hautagai ona izan zitekeela, baina «daukaten onena» aurkeztu behar dutela, eta erantsi zuen Bengoetxearen hautagaitzak «ilusio handiagoa» pizten duela, eta «babes sozial handiagoa» lortu nahi dutela, Bizkaian boto gehien lortu duen alderdia bada ere.

Era berean, Ansolak ez zuen leku onean utzi alderdiko presidentea, Aitor Esteban: Bizkaiko ahaldungai nagusiaren erreleboa jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, Etxanoberen aldeko apustua egin zuen EAJko presidenteak, ETBn egindako elkarrizketa batean; Estebanek ez zuen plazaratzear zegoen erreleboaren berri goiz hartan, Ansolak gero berretsi zuenez.

Batera edo bestera, Ansolak esana du EAJren prozesuak «oso demokratikoak» direla, eta afiliatuena dela hitza orain. Erabakitzen diren emaitzak «errespetu handiarekin» hartuko dituztela ere erantsi du. Etxanobek ere afiliatuei erreparatu die azken egunetan. Ahaldungai nagusi izan nahi ote duen galdetuta, «hitza afiliatuena» dela erantzun du, ulertzera emanez prozesuaren lehen itzulian behintzat egon nahi duela. Ez alferrik, batzokietan afiliatuak dira hautagaiak proposatzen dituztenak, eta bermeak lortutako pertsonek bigarren itzulian jarraitu nahi duten ala ez esaten dute ondoren. Urriaren 29an hasiko da bigarren itzuli hori, eta pixka bat lehenago jakin beharko litzateke ukorik baden.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA