xabier martin

EAJren barne prozesuen zauriak

2026ko urriaren 9a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkai Buru Batzarrak 2027ko maiatzeko foru hauteskundeetarako erabaki duen erreleboak argi islatu du zer-nolako botere borroka dagoen gaur egun EAJren zuzendaritzaren barruan. BBBko presidente Iñigo Ansolak ez du leku onean utzi EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Esteban. Erreleboa jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, Elixabete Etxanoberen aldeko apustua egin zuen EAJko presidenteak, ETBn egindako elkarrizketa batean; hala, agerian geratu da Ansolak jokoz kanpo utzi duela Esteban, Ibone Bengoetxearen ezusteko izendapena haren hitzen jarraian plazaratuta.

2023ko azarora arte egin behar da atzera, orain modu gordinean azaleratu den botere harreman konplexu horren jatorrira iristeko. Garai hartan, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak BBBren parte bat mindu zuen delibero garrantzitsu bat hartuta: Iñigo Urkulluren ordezkapena hilabete gutxira izango ziren Eusko Legebiltzarrerako bozetarako. Apustua ondo atera zela esan daiteke, EAJk bozak irabazi baitzituen (botoetan soilik), baina ordutik ez da bakerik egon Sabin Etxean.

Lurraldeetako zuzendaritzak berritzeko barne prozesua helduta, Iñigo Ansolak hartu zuen BBBko presidente Itxaso Atutxaren ardura, EBBko buru Ortuzarren oniritziarekin. Atutxarekin gertatu zen antzera, buruzagitza gorenak berritu egin ziren Gipuzkoan (GBB), Araban (ABB) eta Iparraldean (IBB). EH Bilduren hazkunde etengabearen mehatxupean ari ziren alderdia berritzen, baina prozesu hori bultzatzen ari zen agintari gorenak ez zuen kargua uzteko asmorik, eta EBB berritzeko garaia iritsi zenean, bere gordinean ikusi zen alderdian egondako zaurien emaitza: Estebanen eta Ortuzarren artean EAJko presidente izateko lasterketa bat suertatu zen, aurrekaririk gabeko egoera, harik eta bigarren itzulian Ortuzarrek lehia horretan jarraitzeari uko egin zion arte.

Elixabete Etxanobe, Aitor Esteban eta Iñigo Ansola, Bilboko Aste Nagusian, abuztuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Elixabete Etxanobe, Aitor Esteban eta Iñigo Ansola, Bilboko Aste Nagusian, abuztuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

2025eko martxoaren 30ean izendatu zuten Aitor Esteban EBBko presidente. Gipuzkoako EAJren babesari esker iritsi zen lema nagusira, baina haren bizkarrera (Bizkaian) beste ildo baten jarraitzaileak utzita. Testuinguru horretan ulertu behar da Etxanoberen errelebo traumatikoa, eta BBBk Estebani botatako hordagoa.

Baliteke Etxanobek zerga politikan egindako kudeaketak eta maiatzeko bozetarako barne inkestek zerikusia izatea BBBk erabakitako ordezkapen gogor horrekin, PSE-EEko buru Eneko Anduezak iradoki duen bezala, baina horrek ez luke azalduko inondik inora BBBk Estebanen agintzaritzari egindako gutxiespena. Lurraldeetako zuzendaritzei dagokie ahaldungaiak proposatzea, bai, baina orain arte EBBren oniritzia izaten saiatu dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA