Etxanobe «ezustean» harrapatu du Bengoetxearen izendapenak, eta Estebanek ez zuen haren berri

EAJko BBBk Ibone Bengoetxea proposatu zuen atzo Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko. Ansola BBBko presidenteak aitortu duenez, Jaurlaritzako sailburuaren hautagaitzak «ilusio handiagoa» pizten du.

Bengoetxea eta Etxanobe, urtarrilean egindako agerraldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bengoetxea eta Etxanobe, urtarrilean egindako agerraldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
nerea intxausti
2026ko urriaren 9a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo iragarri zuen EAJko BBBk Ibone Bengoetxea proposatuko dutela Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko; hortaz, Elixabete Etxanobe oraingo ahalduna ordezkatuko du hautagai gisa maiatzeko hauteskundeetan. Ezusteko aldaketa izan da, bai Etxanoberentzat eta bai Aitor Esteban EBBko presidentearentzat. Etxanobek gaur goizean esan du ez zuela espero: «Erabateko sorpresa izan da niretzat; atzo jakinarazi zidaten, eta oraindik ez dakit zergatia». Gaineratu du ustekabea handiagoa dela Iñigo Ansola BBBko presidentearekin hitz egin zuelako lehenago gaiari buruz: «Martxoaren 5ean, Ansolak bilera batean esan zidan ni proposatu ninduela hautagai izateko; baiezkoa eman nuen».

Ansola aldaketa horri buruz mintzatu da Radio Euskadin, gaur goizean. Esan du Etxanobe oso hautagai ona izan zitekeela, baina «daukaten onena» aurkeztu behar dutela. Erantsi du Bengoetxearen hautagaitzak «ilusio handiagoa» pizten duela, eta «babes sozial handiagoa» lortu nahi dutela, Bizkaian boto gehien lortu duen alderdia bada ere.

Izendapenaren bidez jauzi bat egin dutela aitortu du Ansolak, eta jende askorekin hitz egin eta hausnartu ondoren eman dutela: «Beste ziklo instituzional bat ikusita, erabaki dugu EAJ ondoena ordezkatuko duen hautagaia aurkeztea». Argudiatu du Bengoetxea militantea dela, herrialdearekin konprometituta dagoela eta «ezin hobeto» ezagutzen dituela herrietako ordezkaritzak: «Berak oso ondo ezagutzen du Bizkaiko Foru Aldundia; beraz, iruditzen zaigu oso positiboa dela herritarrei lider berri hori eskaintzea». Bengoetxea, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburua da, eta lehenago Bilboko Udaleko alkateorde, Eudeleko presidente eta foru diputatua izan da. 

Azkenik, jeltzaleek Bengoetxearen alde bozkatu eta hura hautatuz gero, Eusko Jaurlaritzak beste Kultura sailburu bat izendatu beharko du; Pradalesen gobernuan lehen aldaketa litzateke, 2024an lehendakari izendatu zutenetik ez baita sailbururik aldatu. Kultura sailburua, oraintxe, Hego Amerikan dago, Eusko Jaurlaritzak Argentinan eta Uruguain «euskal komunitateekiko loturak indartzeko eta Euskadiren nazioarteko proiekzioa sustatzeko» egin duen bidaia batean.

Aitor Esteban EAJko presidenteak atzo bertan ETB2ko En Jake saioan goraipatu zuen Etxanoberen ibilbide politikoa, BBBk bilera izan baino ordu batzuk lehenago —16:00etan egin zuten bilera—. Ansolak gaur aitortu duenez, Estebanek ez zekien Bengoetxeak Etxanobe ordezkatuko zuela: «Bilera baino lehenago esan nion zer asmo nuen; hedabideen aurrean hitz egin zuenean ez zekien».

BBBko presidenteak adierazi du aldaketak ez duela esan nahi konforme ez daudenik orain arte egindako lanarekin: «Oso pozik gaude gaur egungo ahaldun nagusiak, Elixabete Etxanobek, egin duen eta egiten ari den lanarekin». Etxanobek lau urte baino ez ditu egin karguan, eta aurretik ahaldun nagusi izandako azken alderdikideek bi legegintzaldi egin zituzten gutxienez.

Gaur goizean Zallan (Bizkaia) hedabideei egindako adierazpenetan, esan du bera «alderdikidea» dela, eta «errespetu osoz» onartzen duela bai BBBren erabakia eta bai alderdiaren estatutuek ezartzen dituzten prozesuak. Jaso dituen «animo, maitasun, harridura eta pena» mezu guztiak eskertu ditu, eta jakinarazi du Gernikan kargua hartu zueneko konpromiso berarekin segituko duela lanean. Ez du iragarpenik egin nahi izan etorkizunari buruz, ez du iritzirik eman nahi izan Bengoetxeari buruz, eta, modu berean, ez du aipamenik egin nahi izan Estebanekin harremanetan egon ote den edo ez. 

Zerga erreforma

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak atzo bertan iradoki zuen Etxanobek Bizkaian proposatu zuen zerga erreforma izan litekeela aldaketa egiteko arrazoietako bat. Hautsak harrotu zituen Etxanobek eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak ekainean egindako proposamenak: egiteko moduagatik —PSE-EE uzkur agertu zen, eta esan zuen proposamena ez zutela haiekin hitzartu; abstentziora jo zuten— eta proposatutako neurrien edukiagatik —sindikatuek gogor kritikatu zuten, eta «patronalaren neurrira» egindako erreforma zela adierazi—. Ansolak gaur espresuki ukatu du aldaketak horrekin zerikusia izatea, eta gainerako ordezkariei eskatu die alderdietako barne kontuetan ez sartzeko. 

Iker Casanova EH Bilduko Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaileak iritzi dio ezen, aurpegiak aldatu baino gehiago, politikak aldatu behar dituela Bizkaiak, «gizarteak behar dituen aldaketak martxan jartzeko». Dena dela, EAJren barne gatazkaz ere hitz egin du: «EH Bilduren aburuz, Elixabete Etxanoberen aldaketa bortitzak agerian uzten ditu, batetik, EAJren barneko tentsioak, eta, bestetik, alderdia zein urduri dagoen EH Bilduren gorakada dela eta».

Casanovak uste du Bizkaian «inoiz izandako lehiarik handiena» izango dela hurrengo hauteskundeetan, eta horrek urduritasuna eragin duela zenbait esparrutan. Gaineratu du ez dutela EAJren «barne arazoetan» zertan sartu, baina horrek eragina duela gizarte osoan eta, kasu honetan, Bizkaia osoan. «Fideltasunak saritzen dira proiektuak baino gehiago».

Amaya Fernandez Bizkaiko PPko presidenteak esan du ez zaiela asko axola BBBk Bengoetxearen hautagaitza aurkeztu izana, biek «proiektu nazionalista bera» ordezkatzen dutelako, eta, bietako edozein izanda ere, botoetan irabazi nahi dituztela. 

Bengoetxearen izendapenarekin, atzo argitu ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren gidaritza hartzeko lehian arituko diren hautagai nagusiak. Casanova bera izango da EH Bilduren hautagaia, eta Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatua PSE-EErena. Richar Vaquero Ahal Dugu-ko burua ere prest dago bere alderdiaren zerrendaburu izateko. PPk, berriz, oraindik ez du argitu zein aurkeztuko duen. Alderdiak duela gutxi berretsi du Amaya Fernandez Bizkaiko buruzagitzan, eta hura ahaldungai izana da 2019ko bozetan. 2023an, berriz, Raquel Gonzalez izan zen Alderdi Popularraren hautagaia, orduan Bizkaiko PPko presidente zena. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA