Eta, azkenean, heldu da danbatekoa, noiz eta justu ateak ireki zituenetik hamar urte bete direnean. Bilboko Bira kulturguneak etenaren mugaraino murriztuko du kultur programazioa aurrerantzean. Oraindik ere egingo dituzte ekitaldi solteak, baina jadanik ez du izango orain arte izan duen moduko eskaintza jarraiturik. Iazko ekainean jakinarazi zuten laguntzak murriztu zizkietela, eta, horregatik, militantziari eta denbora librean egindako lanari esker eutsi diote kultur egitarauari iazko irailaz geroztik. Programa murriztu egin zuten, eta, urtebete pasatxoren ostean, gaur sare sozialen bidez jakinarazi dute are gehiago murriztuko dutela aurrerantzean, eta horregatik du mezuak agur doinua. «Birak zabalik jarraituko du, eta hainbat aktibitate ere izango dira, baina, momentuz, ezin kultura programazio zabalarekin jarraitu». Tabernak jarraituko du martxan, baina apenas izango den orain arte izan den kulturgunea.
2016ko urriaren 26an ireki zituen ateak Birak —hasieran Biba izena zuen—, eta, bertako kideek gogoratu dutenez, haren bidez ekarpen bat egin nahi izan diote «euskarari, kulturari, auzoari eta hiriari». Horrez gainera, zehaztu dutenez, «euskaraz bizitzeko eta komunitatea osatzeko» ahalegina ere egin dute urteotan guztiotan, «Bilbon paregabeko gune erreferentziala sortuz». Euskara izan da kultur programazioaren ardatz nagusia, eta, antolatzaileen datuen arabera, hamar urte hauetan, festak eta bestelako egitasmo sozialak alde batera utzita, orotara 1.962 kultur saio eskaini dituzte.
Edonola ere, Birako kideek asmoa dute hurrengo asteetan proiektua «atzera ere aktibatzeko» aukerak aztertzeko, «orain arteko moldean edo beste molde batean».
Ikusi gehiago
Albistea zabaltzearekin batera, Lutxo Egia Birako kideak iritzi artikulua ere helarazi dio BERRIAri. Artikuluan, kulturgileak nabarmendu du zeinen garrantzitsuak diren gune fisikoak euskararen sustapenean, are gehiago erdara nagusi diren lekuetan daudenean. «Egitura sendorik ezean, likidotasunak irlandarizazioa dakarkio komunitate honi».
Egiak iritzi artikuluan azaldu duenez, gaur egun, ohikoak izaten dira egun bakarrerako edo egun gutxi batzuetarako antolatutako jaialdiak, eta eredu horrez gain Biraren moduko guneen ekarpena kontuan hartu behar litzatekeela defendatu du. Azken hamar urteetan Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur diputatu izandako Lorea Bilbaok guneari eskainitako laguntza ere izan du gogoan Egiak; baina, azaldu duenez, orokorrean, administrazioek ez dute kezka handirik izan, eta Eusko Jaurlaritza ere aipatu du zehazki. «Hamar urtean, kasurako, 2.638 euro jaso ditugu Eusko Jaurlaritzatik. 2021ean jaso genituen, eta hurrengo urtean etsia hartu genuen. Beharbada, jauzi luzeak obratu ordez, urrats txipi sendoen beharrean gaude, jausi barik».
1.962Zenbat ekitaldi antolatu dituzten Bira kulturgunean. Hamar urtean, festak eta bestelako ekitaldi sozialak alde batera utzita, 1.962 kultur saio antolatu dituzte Bira kulturgunean. Gehienak euskarazkoak izan dira.
Iazko ekainean eman zuten abisua. Ordutik aurrera Bira «txikiagoa» izango zela iragarri zuten orduan. Jakinarazi zuten diru laguntza publikoak «dezente» urritu zizkietela eta, ondorioz, kultur eskaintza ere murriztu behar izan zutela. «Ez dugu diru nahikorik izango. Ezinbestean, denbora librean jardun beharko dugu soilik». Irailean hasi ziren Biraren bertsio murriztuarekin, eta bertsio horrekin aurrera egitea ere ezinezkoa zaiela esan dute orain.
Hasieratik ezarri zuten iparra. Euskara eta euskal kultura hauspotzea izan ditu egiteko nagusiak, eta hamaika kultur egitasmoren aterpe izan da beti. Altxaporrue konpartsarekin egin zituen lehen urratsak proiektuak, baina konpartsaz gain 150 pertsona baino gehiagoko komunitate baten sostengua ere izan dute. Urteotan guztiotan, guneko kideek kalkulatua dutenez, 285.000 euro inguruko babesa eman dio komunitate horrek proiektuari.
Taberna ere badu guneak, baina kulturak izan du beti lehentasuna. Lan boluntarioa eta soldatapeko lana uztartu dituzten bi langile izan ditu garairik onenetan, eta Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesak egin du hori posible. Iaz eten egin zen bigarren iturria, ordea. Aldundiak utzi egin zion laguntzak emateari, eta amaitu egin zen ordura arteko formula.
45.000 euro
Lutxo Egia eta Oihana Bartra Birako kideek elkarrizketa luzea eskaini zioten BERRIAri orduko hartan, eta, zehaztu zutenaren arabera, nahikoa zuten urtean 45.000 euroko babesa ordura arteko programazioari eutsi ahal izateko. Ez zuten halako babesik lortu, ordea, eta orduan erabaki zuten eskaintza murriztea. Militantziaren bidez eta denbora librean jarraitu dute kultur saioak programatzen, eta oso jendetsuak izan dira haietako asko. Aurreko astean bertan, esaterako, goraino beteta egon zen aretoa, Badalabek euskal musikaren eszenari eskainitako jardunaldian. Eta, horrez gainera, urteotan guztiotan inguruko eragileekin eta kultur komunitateko kideekin izan duten «auzolana» ere hartu dute gogoan orain. Besteak beste, hala antolatu dituztelako proiektu hauek: Bertso Erronda, Lautan Hiru antzerki jaialdia, Kafe Filosofikoa, Oraina Kontakizun, Señora bertso eskola, Loraldia jaialdiko saioak eta beste. Eta luzea eta askotarikoa da halakoetarako kide izan dituzten erakundeen zerrenda ere: hor dira, besteak beste, Adaxka, Zazpi Katu gaztetxea, Euskaltzaindia, La Sinsorga, Pikara Magazine, Zenbat Gara, Kafe Antzokia, Errigora, Katakrak, bai eta BERRIA ere.
Euskarazko kulturgintzari Birak egin dion ekarpena ere nabarmendu dute gaur zabaldutako mezuan. Gogorarazi dutenez, aurten 169 kultur egitasmo antolatu dituzte, eta, euskarazkoak bakarrik kontuan hartuz gero, Bira izan da aurten Bilbon euskarazko saio gehien eskaini dituen bigarren gunea. Eta argazki zabalago ere hartu dute gero. Azken hamar urteetako datuak kontuan hartuz, Bilbon ez ezik, Bizkaia osoan ere euskarazko saio gehien antolatu dituen gunea izan da hainbat hilabetetan.
Gaur iragarri dutenez, beraz, Birako programazioa etenda, euskarazko kultur saioen jario hori ere etengo da hirian.