Goiatz Oiartzabali eta Gorka Juliori zor diet espazio herrigileak terminoa. Jule Goikoetxeari, berriz, ustez agerikoa dena: «herritarrak produzitzen dituzten espazioak» dira espazio herrigileak. Orduan, euskarari bagagozkio, hiztun aktiboak ekoizten dituzten lekuak izan litezke leku herrigileak. Bilboko Bira kulturgunea, asmoz, behinik behin, halakoxea da. 2016ko urrian ireki genuen, euskararen eta kulturaren eremuan eragiteko asmotan. Ordudanik, kultura-programazio finkoa ekarri du, hiru ardatzekin: euskarazkoa izatea hein handi batean, plaza eskaintzea eta sareak osatzea. Aurten, dagoeneko 169 hitzordu izan dira (2025ean eta 2024an, 267 eta 259 hurrenez hurren).
Erlazionatuta
Hamar urte bete ditugu, beraz. Ez dugu ospatzerik egin, baina urria eder joan da lagun artean: Alaia Martin, Miren Amuriza, Ines Osinaga, Jon Maia, Fermin Muguruza, Porrotx, Yogurinha Borova, Jule Goikoetxea, Leire Vargas, Uxue Alberdi, Aner Peritz, Maite Sarasola, Peru Irastortza, Peru Goioaga, Petti, Xabier Mendiguren Elizegi, Maloa Brothers, Nahia Zubeldia, Juanjo Navas, David Hono, Maddi Aiestaran, Irune Basagoiti, Haira Aizpurua, Oihana Bartra kidea… ahaztu gabe maite ditugun eta etortzekoak ziren Anari taldea eta Maialen Lujanbio ere, nahiz eta azken orduan ezin. Urtemuga gainditu berri, berriz, jausi egin gara; edo neurri batean jausi, aktibitate batzuk egiten jarraituko baitugu. Baina, zoritxarrez, ezingo diogu denbora libretik, norberaren bizitzaren arrazoiak tarteko, kulturgune zabalari eutsi.
Oro da distira itsugarri 'ahal duenak ospa egin dezala'-ko jendea produzitzen duen gizarte transmodernoan; oro da 'fest'. Eta horrela gabiltza, 'fest eta fest', festaka, likidotasunean loditurik. Eta egitura sendorik ezean, likidotasunak irlandarizazioa dakarkio komunitate honi
Espazioak garrantzitsuak dira; euskararen biziberritzean, bestalde, ezinbestekoak eremu erdaldunetan. Baitezpadakoak. Bistakoa da, ez da Blommaert, Bourhis edo Txepetx zertan izan hori ulertzeko. Bilboko Zabalgune «elegante eta kosmopolitako» kaleetako (Kale Nagusia, Henao, Ertzilla...) dendetan euskaraz entzutea miraria da kasik. Salbuespenik bada, noski: Iparragirreko Elkar dendan ohikoa izaten da. Oasia izatearen zioak ere badira bistakoak, jakina; edo, menturaz, ez. Zeintzuk dira gurean, kulturaren eremuan, euskararen espazioak? Bada euskararen espaziorik? 2026ko lehen hiru hilabeteetako Bilbao Agenda Kultura-ko egutegia aztertu zuen Guka mugimenduak apirilean: «Euskarazko eskaintza osoaren erdia baino gehiago lau kulturgune hauek programatu dute: Kafe Antzokia, Bira, Zirika! eta Hika ateneoa». Lau espazio herrigile. Baina bada kulturgunerik Bilbon, hilero hamar ekimen baino gehiago programatuta, agendaren %30 euskaraz eskaintzen duenik? Kafe Antzokia ibiliko zaigu langa horren bueltan (2026ko irailetik abendura, biak barne, %27, kontzertuak gehienak), baina ez dut uste gainditzen duenik. Eta besteak? Besteek, bereziki ekipamendu publikoek, ez dute %10 gainditu ohi. Ez da harritzekoa, bada, euskarazko hitzorduen kopuruari dagokionez, Bira hirian inoiz izan den bigarren espazioa izatea, hainbeste maite dugun Kafe Antzokiaren ondotik; eta hamar urteotako hilabete askotan, berriz, hirian ez ezik Bizkaian ere lehena. Eta hori guztia, bereziki, lan militantetik arituta.
Axaleko argazkia da, noski. Baina ni neu larritzeraino kezkatzen nau; ez baikara ari Biraz, Bilboko hiztun-komunitateak euskaraz bizitzeko dituen aukerez baizik. Hirian «103.631 euskaldun dira orotara, guztizkoaren % 30,6; ia-euskaldunak, berriz, 66.172». (Eustat, 2021). Orain gehiago omen dira, nahiz eta portzentajea agian txikiagoa izan. Euskaldunak ekoizten ari gara; ez, ordea, hiztunak. Ez dago hitzotan, dena den, ironiarik, egun Bilbon hiztun aktiboak sortzea aski lan gaitza baita. Baina, zailtasuna gorabehera, noraezean gabiltzalakoan nago. Sarri entzun diegu Jon Sarasuari eta Xamarri zein etorkizun-sen izan zuten euskaltzaleek 60ko eta 70eko hamarraldietan, artean frankismo betean, komunitateak behar zituen egiturak (ikastolak, gau-eskolak, irratiak...) sortzeko. Azken beltzean, egunero euskaraz bizitzea errazten diguten egituren beharrean baitago. Komunitatea, sareak, harremanak. Eta horiek guztiak espazioetan gertatzen dira. Gaur egun, aldiz, apur bat esajeraturik (edo ez), oro da iragankor eta portatila; oro da distira itsugarri ahal duenak ospa egin dezala-ko jendea produzitzen duen gizarte transmodernoan; oro da fest. Eta horrela gabiltza, fest eta fest, festaka, likidotasunean loditurik. Eta egitura sendorik ezean, likidotasunak irlandarizazioa dakarkio komunitate honi.
Hamar urtean, kasu, 2.638 euro jaso ditugu Eusko Jaurlaritzatik. 2021ean jaso genituen eta hurrengo urtean etsia hartu genuen. Beharbada, jauzi luzeak obratu ordez, urrats txipi sendoen beharrean gaude, jausi barik
Eusko Jaurlaritzak Jauzia Gara ekimena jarri du martxan oraindik orain: «Estadioak ez ezik, euskarak eskoletako patioak, tabernetako elkarrizketak eta herriko plazak ere bete ditzan». Hala izan bedi. Batek daki, niri neuri kontuak ez zaizkit ateratzen ongi. Bira denbora libretik ezin eutsita jausi da, ezin dagoeneko jauzia izan. Jauziak jausi, baina, bestelako babesik merezi zuela uste dugu. Ez da, menturaz, administrazioaren erantzukizuna espazio herrigile bati laguntzea; bai, ordea, hizkuntzaren normalizazioan ari direnei arreta eskaintzea. Eta gu geu pribilegiatu bezain zokoratu sentitu gara (kontraesan oteizarra, esango luke agian Oskar Alegriak). Hau Bilboko Udaleko Euskara sailari axola izan zaio; eta Lorea Bilbao jeltzaleari (bera izan da gurera gehien etorri den politikaria). Baina administrazioari, orokorrean, piperrik ere ez. Hamar urtean, kasu, 2.638 euro jaso ditugu Eusko Jaurlaritzatik. 2021ean jaso genituen eta hurrengo urtean etsia hartu genuen. Beharbada, jauzi luzeak obratu ordez, urrats txipi sendoen beharrean gaude, jausi barik.
Pettik eta Juanjo Navasek amaiera ederra eman zioten hamar urteko ziklo honi lehengo astean. Bera versus Otxarkoaga. Arratsaldeko 17:00etan elkar ezagutu eta zerbait kosmiko gertatu zen kontzertuan eta kontzertu ostean. Biharamunean, tarte batez, denok desiratu genuen gaueko mobiolan geratzea betiko, Franco Battiatoren kanta baten baitan biziko bagina bezala. Eta orduan ohartu ginen bezperan Juleren herritarrak (bakan batzuk jainko burusoil antikapilaristak, Politeismo Bastarta) ekoitzi zituela Birak; halakoak gertatzen baitira lantzean-lantzean euskararen espazio herrigileetan. Hamar urtez, bere gorabehera eta hanka-sartze guztiekin, kulturgune bizia, aberatsa, dibertigarria, performatiboa, moldakorra eta irekia izan da. Festak alde batera, 1.962 kultura-hitzordu. Hiztun-komunitateari, kulturari, auzoari eta hiriari ekarpena egin nahi izan die. Datozen aste eta hilabeteetan ere aktibitateak izango diren arren, izandako kulturguneak ezingo du tamalez jarraitu molde berean. Baina, nork jakin, ez bailuke egon behar zutitzerik gabeko jausterik.