AZET etxebizitza sindikatuak «gelditutzat» jo du gaur goizean Bilboko Iturribide kalean egitekoa zuten etxegabetzea, baina ohartarazi du ez dela bertan behera gelditu. Sindikatuko kideek azaldu dutenez, Bilboko udaltzainek hori jakinarazi diete ahoz, baina goizean zehar hainbatetan jarri dira harremanetan epaitegiekin eta inork ez die baieztatu. Gauzak hala, etxe aurreko zaintza utzi dute baina ez alerta egoera, eta kasua gertutik jarraituko dutela iragarri dute. Epaitegiek bi emakume eta bi neska adingabeko familia bat etxegabetu behar zuten, emakumeetako baten senar ohiak hala eskatuta.
Etxegabetzea 09:15etarako zegoen deituta, eta ordurako espero zituzten epaitegiko langileak atarian. AZETek azaldu duenez, Bilboko udaltzainek segurtasun eremu bat ezarria zuten goizetik inor gerturatu ez zedin. Sindikatuko kideek eta etxegabetzea gelditzera gerturaturiko hainbat pertsonek, baina, polizia lerroa gurutzatu dute eta ate aurrean elkartu dira. Pankarta bat ere zabaldu dute aurreko hesian.
Han zeudela, udaltzainak gerturatu zaizkie eta Ertzaintzako furgoi bat agertu da. Minutu batzuk geroago, baina, furgoia joan egin da, eta udaltzainei galdetu ondoren haiek esan diete etxegabetzea ez zela gaur gauzatuko. Goizean zehar sindikatuko kideek hainbatetan deitu dute epaitegira erabakia baieztatzeko asmoz, baina ez diete argitu.
Etxe inguruan giroa lasai zegoela ikusita, zaintza utzi dute, baina egiaztapen ofizialik ezean alerta egoeran jarraituko dute. AZETek azaldu du kasu bitxia dela, normalean etxegabetze bat gelditzen denean erabakiaren baieztapen ofiziala jasotzen baitute abokatuek. Gauzak horrela ez daki epaitegietako langileak epe motzean itzuliko diren, baina azaldu dute horretarako familiak komunikazio ofiziala jaso beharko lukeela.
Jabeak beste bi etxe ditu
AZETek azaldu duenez, etxean bi neska adingabe eta bi emakume bizi dira —nesken ama eta amona—. Etxearen jabea amonaren senar ohia da, eta bereizi zirenean epaileak hari aitortu zion jabetza. Sindikatuaren arabera, gizonak beste bi etxe ditu, eta, etxearen jabetza agirian agertu ez arren, emakumeak ere dirua jarri zuen etxea erosi eta hura atontzeko.
Salatu dute «indarkeria patriarkalaren» kasu bat dela, etxearen jabeak bere emazte ohia «zigortzeko» erabili baitu etxegabetzea. Halaber, gaineratu dute epaileak gizonaren alde egin duela ez zuelako kontuan hartu emakumeak ere egin zuela ahalegin ekonomikoa.
Protestaren deitzaileek salatu dute Bilboko Udalak entzungor egin diela, eta etxegabetze arrisku erreal baten aurrean ez diola inolako aukerarik eskaini adin txikiko bi ume dituen familia bati. Halaber, gaineratu dute etxegabetzeen aurkako dekretua «iruzur hutsa» dela eta «kalean ikusten» dela oraindik ere egiten dela.