Joan den ostiralean Gasteizko Santsomendi auzoan etxegabetu zuten familia etxerik gabeko pertsonentzako udal aterpetxean ari da lotan orduz geroztik. Ez dakite noiz arte, ordea. Gaur, Gasteizko Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuetara joan dira familia eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak, eta jakinarazi dute ez dietela ezer eskaini, egonaldia hiru egunez berritzeaz aparte. Epe hori amaitutakoan berriro joan beharko dute gizarte zerbitzuetara, egonaldia luzatzen jarraitu ote dezaketen jakiteko.
Sindikatuak «kalitatezko alternatiba iraunkorra» eskatu dio udalari. Izan ere, sei adingabez eta bi helduz osatutako familia edozein unetan gera daiteke kalean, egonaldia luzatzen ez dietelako, edo, larrialdiren bat edo bestelako egoeraren bat gertatuz gero, kaleratu egin ditzaketelako aterpetxetik. Hala jakinarazi diete udaleko zerbitzuek.
Ikusi gehiago
Horren aurrean, sindikatuak Gasteizko Udalaren «erabateko utzikeria» salatu du: «Arazoa agerikoa da: familia horrek ezin du etxerik aurkitu merkatu librean, eta babestutako etxebizitzak urriak dira edo ez dira eskaintzen». Gogorarazi dute 21 Zabalgunea udal erakundeak gutxienez 300 etxebizitza dituela hirian, eta horietako asko ez direla erabiltzen.
«Azken urteetan sindikatuak udalaren partetik jaso duen erantzuna berbera izan da: ez dutela larrialdi egoeretarako etxebizitzarik. Baina, urte horietan guztietan ez da neurri bakar bat ere hartu egoera konpontzeko. Kontrara, jabetza publikoko pisuak espekulatzaile handiei saldu zaizkie, Alde Zaharrean gertatu den bezala», amaitu du sindikatuak.