Bilboko etxegabetzea gelditutzat jo du AZETek, baina ez du zaintza utziko epaitegiek baieztatu arte

Etxean bi emakume eta bi neska adingabe bizi dira. Emakumeetako baten senar ohia da etxearen jabea, eta sindikatuek salatu dute emazte ohia «zigortzeko» erabili duela etxegabetzea.

Iturribide kaleko etxe aurrean bildutako jendea. AZET
Iturribide kaleko etxe aurrean bildutako jendea. AZET
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 26a
11:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

AZET etxebizitza sindikatuak «gelditutzat» jo du gaur goizean Bilboko Iturribide kalean egitekoa zuten etxegabetzea, baina ohartarazi du hainbat kidek zaintzan jarraituko dutela epaitegiek baieztatu arte. Azaldu dutenez, Bilboko udaltzainek hori jakinarazi diete ahoz, baina informazio hori ofizialki egiaztatu arte ez dute zaintza bertan behera utziko. Epaitegiek bi emakume eta bi neska adingabeko familia bat etxegabetu behar zuten, emakumeetako baten senar ohiak hala eskatuta.

Etxegabetzea 09:15etarako zegoen deituta, eta ordurako espero zituzten epaitegiko langileak atarian. AZETek azaldu duenez, Bilboko udaltzainek segurtasun eremu bat ezarria zuten goizetik inor gerturatu ez zedin. Sindikatuko kideek eta etxegabetzea gelditzera gerturaturiko hainbat pertsonek, baina, polizia lerroa gurutzatu dute eta ate aurrean elkartu dira. Pankarta bat ere zabaldu dute aurreko hesian.

Han zeudela, udaltzainak gerturatu zaizkie eta Ertzaintzako furgoi bat agertu da. Minutu batzuk geroago, baina, furgoia joan egin da, eta udaltzainei galdetu ondoren haiek esan diete etxegabetzea ez zela gaur gauzatuko. Sindikatuko kideek epaitegira deitu dute, baina ez dute baieztapen ofizialik jaso, eta, horrenbestez, hogei bat pertsona bertan gelditu dira.

Jabeak beste bi etxe ditu

AZETek azaldu duenez, etxean bi neska adingabe eta bi emakume bizi dira —nesken ama eta amona—. Etxearen jabea amonaren senar ohia da, eta bereizi zirenean epaileak hari aitortu zion jabetza. Sindikatuaren arabera, gizonak beste bi etxe ditu, eta, etxearen jabetza agirian agertu ez arren, emakumeak ere dirua jarri zuen etxea erosi eta hura atontzeko.

Salatu dute «indarkeria patriarkalaren» kasu bat dela, etxearen jabeak bere emazte ohia «zigortzeko» erabili baitu etxegabetzea. Halaber, gaineratu dute epaileak gizonaren alde egin duela ez zuelako kontuan hartu emakumeak ere egin zuela ahalegin ekonomikoa. 

Protestaren deitzaileek salatu dute Bilboko Udalak entzungor egin diela, eta etxegabetze arrisku erreal baten aurrean ez diola inolako aukerarik eskaini adin txikiko bi ume dituen familia bati. Halaber, gaineratu dute etxegabetzeen aurkako dekretua «iruzur hutsa» dela eta «kalean ikusten» dela oraindik ere egiten dela. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA