Biogas lantegiak ingurumena eta Karrantzako herritarren osasuna arriskuan jarriko dituela salatuko dute barikuan

Bizkaiko Batzar Nagusiek baztertu egin dute erakunde arteko mahai bat eskatzea herritarrei proiektuari buruzko informazioa emateko, haien parte hartzea bermatzeko eta plantaren jarraipena egiteko.

Biogas plantaren aurkako pankarta bat Karrantzan, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Biogas plantaren aurkako pankarta bat Karrantzan, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko azaroaren 18a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Stop Biogas Karrantza Bizirik plataformak kezkagarritzat jo du erakundeek haranean biogas lantegia martxan jartzeko baimena eman izana, aurretik herritarrei informazioa eman eta parte-hartze prozesu bat sustatu barik. Euren kabuz ibili dira informazioa bilatzen, hainbat adituren laguntza ere izan dute, eta karrantzarren osasuna eta udalerriaren iraunkortasuna arriskuan daudela uste dute. Horregatik, elkarretaratzera deitu dituzte Karrantzako, Enkarterri osoko eta Ason bailarako (Kantabria, Espainia) herritarrak. Barikuan egingo dute protesta, 19:00etan, udaletxe aurreko plazan.

Hau ez da Karrantzako minden arazoa konpontzeko modu bat, gasa ekoizteko instalazio bat baizik», ohartarazi dute. Plataformako kideek zalantza egin dute azpiegitura horrek tokiko abeltzainen beharrei erantzuten dien. Ostera, argi dute zer kalte eragingo dituen. Berbarako, salatu dute biogas lantegiak zenbait gai isuriko dituela, eta usain txarrak zabaldu. «Litekeena da arnasketa arazoak sortzea, nekea, loaren alterazioak, goragalea... Osasunean izango dituen ondorioak ondo aztertzeko eskatzen dugu».

Herritarren kezka eta informaziorik jaso ez dutelako salaketa Bizkaiko Batzar Nagusietara ailegatu dira gaur. Osoko bilkura egin dute Gernika-Lumoko batzar etxean, eta, besteak beste, Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldearen proposamen bat eztabaidatu. Eskatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak mahai bat sustatu dezala, biogas lantegiaren jarraipena egiteko. Hain zuzen, gura dute mahai horretan egon daitezela, diputazioaz gain, Eusko Jaurlaritza eta Karrantzako Udala, Uraren Euskal Agentzia, sindikatuak, Karrantzako abeltzainak, talde ekologistak eta herritarren ordezkariak.

EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu dio proposamen horri, mahai horrek, jarraipena egiteko eskumenaz gain, gomendioak egitekoa ere izan dezan. Elkarrekin Bizkaia taldeak onartu du EH Bilduren zuzenketa hori, eta biek babestu dute eskaera. Baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute, eta, gehiengoa dutenez, proposamenak ez du aurrera egin.

Richar Vaquero Elkarrekin Bizkaia taldeko batzarkidearen esanetan, herritarrek eskubidea dute beren kezkak, galderak eta iradokizunak plazaratzeko mahai bat egon dadin. EH Bilduko Raul Mendezek «zorroztasun teknikoa eta gardentasuna» eskatu ditu.

PPko ordezkariak abstenitu egin dira. Diego Padadigorriak argitu du ez daudela mahaia sortzearen kontra, baina ez dute gura proiektua geratzeko erabil dezaten, hark baimen guztiak eskuratuak dituenez gero.

Axier Garate jeltzalearen esanetan, diputazioari ez dagokio mahai hori eratzea, ez baita proiektua sustatu duen enpresa pribatua, ezta proiektua baimendu eta haren kontrola egiteko eskumena duen erakundea ere —Eusko Jaurlaritza da—. PSE-EEko Isaac Bergesek ere egoki ikusi du herritarrei informazioa helarazteko bideak zabaltzea, baina ez du uste diputazioaren egitekoa denik.

Mugikortasuna, ekonomia eta ingurumena

Plataforma bera dabil informazioa biltzen, antzeko beste planta batzuk ezagutzen eta karrantzarren artean informazioa zabaltzen. Hainbat hitzaldi antolatu dituzte azken asteetan. Esaterako, plataformak berak kalkulatu du zortzi minuturik behin kamioi bat joango dela lantegira, hura gasa sortzeko behar beste gai organikoz hornitu ahal izateko. Ondorioz, ibilgailu astunen joan-etorria nabarmen ugarituko litzateke, kontuan hartuta, gainera, errepideak «txarto» daudela lehendik ere. Tokiko ekonomiari ere kalte egingo liokeela uste dute. Esaterako, biogas planta eraikitzen ari diren lekutik kilometro eskasera dago Karrantzako ikur turistikoetako bat: Karpin abentura parkea. Urtero 50.000 bisitari baino gehiago izaten ditu.

Lantegiak ingurumenean eragingo lukeen kalteak ere izugarri arduratzen ditu. Izan ere, azpiegitura berria ingurumen balio bereziko leku batean dago, naturagune babestuetatik gertu. «Kezka dugu bioaniztasunean zer-nolako ondorioak izango dituen». Plantan hondakinak tratatu ondoren, materia solidoa edo digestatoa ureztatu egin beharko dute: 100.000 tona izango dira, eta horretarako ur mordoa xahutuko dute. Gero, digestato hori ongarri moduan erabiltzea da asmoa, eta plataformakoek ohartarazi dute Karrantzako lurrak eta akuiferoak kutsatu ditzakeela horrek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA