Goragalea, gorakoak, buruko mina, antsietatea eta ondoez orokorra. Toledoko (Espainia) Casas Buenas herrikoek iazko abuztuan larrialdietara joan zirenean azaldutako sintomak dira. Egun haietan, salatu zuten sekulako kiratsa zetorrela herrigunetik kilometro bira duten biogas lantegitik. Francisco Javier Alonso nekazaritza ingeniari tekniko, geografo eta klimatologoak ipinitako adibidea da. Kantabriakoa da Alonso, eta erkidego hartako Hazas de Cesto herriko lantegiaren aurkako militantea. Egunotan Karrantzan egon da, haranean eraiki gura duten plantaren kontrako borrokan dabilen Stop Biogas Karrantza Bizirik plataformak gonbidatuta. Bizkai mendebaldean sustatzen ari diren proiektu horrek airean, uretan eta lurrean eragin ditzakeen «kalteak» azaldu ditu, isurien prospekzio bat eginda.
Ikusi gehiago
Alonsoren esanetan, Karrantzako lantegiaren arazoetako bat tamaina da: urtean 130.000 tona hondakin kudeatzeko baimena dauka. «Proposatu dezakezu 20.000, 15.000 edo 10.000 tonako proiektu energetiko zirkular eta berde bat, Alemanian, Herbehereetan eta Txinan dauzkatenen parekoa. Hori zentzuzkoa da. Baina energia garbi eta seguruak ez dira existitzen. Inpaktua ahalik eta apalena izatea lortu behar duzu, eta ingurunean eta osasunean ahalik eta kalterik txikiena eragitea». Nekazaritza ingeniarien eskola ofizialek egindako ikerketetan oinarritu da halako proiektu batentzako tamaina «zentzuzkoagoa» zein den zehazteko.
Karrantzara ailegatuko diren 130.000 tona horien parterik handiena haraneko abeltzainen ustiategietako minda izango da, proiektuaren asmoetako bat minda horri irtenbide bat ematea baita. Lastoa eta uztondoa ere erabili ahal izango dituzte. Baina bestelako hondakin organiko batzuk hartzea ere baimendu dute, polemikoagoak: hiltegietan, elikagaien industrian eta merkatuetan sortutakoak, adibidez. Plantako edukiontzietan digestio prozesua egingo dute, eta digestato izeneko material solidoa eta biogasa sortuko dituzte.
«Proposatu dezakezu 20.000, 15.000 edo 10.000 tonako proiektu energetiko zirkular eta berde bat, Alemanian, Herbehereetan eta Txinan dauzkatenen parekoa. Hori zentzuzkoa da»
FRANCISCO JAVIER ALONSO Nekazaritza ingeniari tekniko, geografo eta klimatologoa
Proiektuaren sustatzaileen arabera, digestato horrekin ongarria egingo dute. Biogasak batez ere metanoa eta karbono dioxidoa izango ditu, eta garbitu egingo dute biometanoa lortzeko. Prozesu horri upgrading deritzo, eta kentzen diren gasak tximinia batetik isurtzen dira atmosferara, Alonsok azaldu duenez. Gainera, zuzi lanak egingo dituen beste tximinia bat egongo dela ere kontatu du: haren egitekoa izango da barruan biometano presio handiegia dagoenean gas hori erretzea.
Nekazaritza ingeniari teknikoak azaldu duenez, lantegiak askotariko elementuak isuriko ditu airera: metanoa, karbono dioxidoa, sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, konposatu organiko lurrunkorrak eta PM 2.5 mikropartikulak, besteak beste. «Filtrorik onenekin eta teknologiarik aurreratuenarekin ere ezin da eragotzi halakoak isurtzea».

Alonsok tokiko klimari eta meteorologiari erreparatu die, eta orografia ere kontuan hartu du isuri horiekin zer gertatuko ote den kalkulatzeko. Haran zarratua da Karrantza, eta Kantabriako Ason bailarara du irteera nagusia. Bada, adituak ondorioztatu du balitekeela tenperaturaren inbertsioek eragin zuzena izatea isurien jokaeran.
Tenperaturaren inbertsioa fenomeno naturala da, eta neguko gau oskarbietan gertatzen da, adibidez. Mendian haranetan baino beroago egiten duen egunetan igartzen da. Klima aldaketaren ondorioz sarriago jazotzen da, gainera. Bada, halakoetan, plantak airean askatutako partikulak haranean geratuko lirateke, lurrazaleko aire hotzak ezin du-eta gorantz egin, gainean duen aire beroa baino pisutsuagoa delako. Beheko auzo horietan bizi da jende gehien Karrantzan.
Arnas aparatuko gaitzak
Karrantzarren osasunari txarrerako eragingo lioke etengabe partikula horiek arnasteak. Berbarako, nitrogeno dioxidoak alergiak hauspotzen dituela ohartarazi du Alonsok. Azaldu duenez, PM 2.5 partikulak odol fluxuan sartzen dira, eta arnasketa arazo larriak sor ditzakete: «Gaixotasun kronikoak dituztenen egoera okertu dezake horrek: bronkitis kronikoa dutenena, asma dutenena eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa dutenena, adibidez».
«Makrolantegi hauetatik irteten diren produktuek zalantza eta kezka sortzen digute, eta uste dut gure eszeptizismoa zentzuzkoa dela»
FRANCISCO JAVIER ALONSO Nekazaritza ingeniari teknikoa, geografoa eta klimatologoa
Hondakin organikoekin digestioa egin ondoren sortuko denaren %10-15 izango da Gasa. Gainontzekoa, berriz, solidoa izango da, digestatoa delakoa. Alonsok ohartarazi du literatura zientifikoak ez duela digestatoa ongarri modura onartzen. Azaldu du enpresak «higienizatzeko» asmoa duela, baina, haren esanetan, horrek ez du bermatzen «erabat garbia» izango denik. «Hala balitz ere, produktu horrek sekulako arazoak sor ditzake, nitrogeno asko du eta». Gainera, azpimarratu du digestatoak ganaduari emandako antibiotikoen eta pentsuetan egondako metal astunen arrastoak dituela. «Makrolantegi hauetatik irteten diren produktuek zalantza eta kezka sortzen digute, eta uste dut gure eszeptizismoa zentzuzkoa dela».
Plantatik irtengo den produktu hori ongarri moduan erabiltzeko, «gehiegizko baldintzak» bete beharko dituzte beren lursailetan zabalduko duten abeltzainek, Alonsoren esanetan, Europako Batasuneko araudiak hala ezarrita. «Bermatu beharko da hainbat egunez ez duela euririk egingo, eta lurrazalean barik hainbesteko sakoneran isuri beharko dituzte. Horretarako makineria berezia beharko dute, baina, Karrantzan zer-nolako maldak dauden ikusita, ezingo dute halakorik erabili. Uste dut ezinezkoa izango dela».

Bestalde, nekazaritza ingeniari teknikoak ohartarazi du arriskua dagoela produktu horrek haraneko akuiferoak kutsatzeko ere, lixibiatuen ondorioz. «Mindarekin gertatzen den bezala, kasu honetan ere baliteke nitritoa isurtzea lurpeko uretara». Haraneko iturri eta erreka gehienek Karrantza ibaira isurtzen dituzte urak, eta ondoren Karrantzak Ason ibaiarekin bat egiten du Kantabrian. Alonsok uste du sistema osoa kutsatuko litzatekeela. Gainera, Karrantzak arazo larria du urarekin. Azken urteetan, ur hornidura falta izan zaie sikate garaietan, behin betiko hondatuta baitaukate edateko ura gordetzeko erabiltzen dituzten urmael artifizial bietako bat. «Lantegia martxan hastean, etxeko txorrotak eta plantak lehiatu egin beharko dute hain urria den ur hori eskuratzeko».
Alonsoren ustez, horrelako makrolantegi batek arriskuan jartzen du herritarren, gizartearen eta lurraldearen beraren osasuna. Gizakiengan eta ingurumenean zuzenean egin ditzakeen kalteez ez ezik, tokiko ekonomian dituen ondorioez ere ohartarazi du: besteak beste, «paisaia hondatu, inguruari erakargarritasuna kendu, bizimoduak aldatu eta turismoa uxatu» ditzakeela deritzo.
Oso kritikoa da administrazioaren jokaerarekin. Salatu du Karrantzako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez dutela «benetako informaziorik» eman. Gainera, adierazi du alegazioak ez dituztela erantzun. «Bakar bat ere ez». Herri eztabaida sustatzeko eskatu die. Zehaztu du arazoa ez dela soilik Karrantzakoa edo Bizkaikoa; dioenez, erakunde publikoek halako proiektuak dauden leku guztietan jokatzen dute modu berean.