Stop Biogas Karrantza Bizirik plataformak kezkagarritzat jo du erakundeek haranean biogas planta martxan jartzeko baimena eman izana, aurretik herritarrei informazioa eman eta parte-hartze prozesu bat sustatu barik. Haien kontura ibili dira informazioa bilatzen, hainbat adituren laguntza ere izan dute, eta karrantzarren osasuna eta udalerriaren iraunkortasuna arriskuan daudela uste dute. Horregatik, elkarretaratzera deitu dituzte Karrantzako, Enkarterri osoko eta Ason bailarako (Kantabria, Espainia) herritarrak. Hitzordua barikurako ipini dute, 19:00etan, udaletxe aurreko plazan.
Ikusi gehiago
«Ez gaude Karrantzako minden arazoari konponbide baten aurrean, gasa ekoizteko instalazio baten aurrean baizik», ohartarazi dute. Plataformako kideek zalantza egin dute azpiegitura horrek tokiko abeltzainen beharrei erantzuten dien. Ostera, argi dute eragingo dituen kalteak zeintzuk diren. Berarako, salatu dute biogas plantak isuriak egingo dituela eta usain txarrak zabalduko dituela. «Arnasketa arazoak sor ditzakete, nekea, loaren alterazioa, goragalea... Osasunean izango dituen ondorioak ondo aztertzeko eskatzen dugu».
Herritarren kezka eta informazio falta salaketa hori Bizkaiko Batzar Nagusietara ailegatu da gaur. Osoko bilkura egin dute, Gernika-Lumoko batzar etxean, eta, besteak beste, Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldearen proposamen bat eztabaidatu dute. Eskatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak mahai bat sustatu dezala, biogas plantaren jarraipena egiteko. Mahai horretan diputazioaz gain, Eusko Jaurlaritza eta Karrantzako Udala, Uraren Euskal Agentzia, sindikatuak, Karrantzako abeltzainak, talde ekologistak eta herritarren ordezkariak egotea gura dute.
Proposamen horri zuzenketa bat aurkeztu dio EH Bilduk, mahai horrek jarraipenaz gain, gomendioak egiteko eskumena ere izan dezan. Elkarrekin Bizkaia taldeak onartu du EH Bilduren zuzenketa hori, eta biek babestu dute eskaera. Baina gehiengoa duten EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute, eta proposamenak ez du aurrera egin.
Richar Vaquero Elkarrekin Bizkaia taldeko batzarkidearen esanetan, herritarrek haien kezkak, galderak eta iradokizunak entzungo zaizkien mahai bat egoteko eskubidea dute. EH Bilduko Raul Mendezek «zorroztasun teknikoa eta gardentasuna» eskatu ditu.
PPko ordezkariak abstenitu egin dira. Diego Padadigorriak argitu du ez daudela mahaia sortzearen konta, baina ez dute gura baimen guztiak dituen proiektu bat geratzeko erabil dezaten.
Axier Garate jeltzalearen esanetan, diputazioari ez dagokio mahai hori eratzea, ez delako proiektua sustatu duen enpresa pribatua eta ezta proiektua baimentzea eta haren kontrola egiteko eskumena duen erakundea —Eusko Jaurlaritza da—. PSE-EEko Isaac Bergesek ere egoki ikusi du herritarrei informazioa helarazteko bideak zabaltzea, baina ez du uste diputazioak egin beharrekoa denik.
Mugikortasuna, ekonomia eta ingurumena
Plataforma bera dabil informazioa biltzen, antzeko beste planta batzuk ezagutzen eta karrantzarren artean informazioa zabaltzen. Hainbat hitzaldi antolatu dituzte azken asteetan. Esaterako, plataformak berak kalkulatu du zortzi minuturik behin kamioi bat joango dela plantara, behar dituen hondakin organiko tona guztiak hornitu ahal izateko. Ondorioz, ibilgailu astunen joan-etorria nabarmen haziko litzateke, lehendik ere «egoera txarrean» dauden errepideetatik. Tokiko ekonomian ere kalte egingo lukeela uste dute. Esaterako, biogas planta eraikitzen ari diren lekutik kilometro eskasera dago Karrantzako ikur turistikoetako bat: Karpin Abentura parkea. Urtero 50.000 bisitari baino gehiago izaten ditu.
Ingurumenean eragingo lukeen kalteak izugarri arduratzen ditu. Izan ere, azpiegitura berria ingurumen balio bereziko leku batean dago, naturgune babestuetatik gertu. «Kezka sortzen digu bioaniztasunean izan ditzakeen ondorioengatik». Plantan egindako hondakinen tratamenduaren ondoren, materia solidoa edo digestatoa ureztatu egin beharko dute: 100.000 tona izango dira, eta horretarako ur mordoa xahutuko dute. Ondoren, digestato hori ongarri moduan erabiltzea da asmoa, eta plataformakoek ohartarazi dute Karrantzako lurrak eta akuiferoak kutsatu ditzaketela.